Komertzioak eskualdatzeko gidaritza proiektu berritzailea Tolosan abiatuko dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 10a, 17:09

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ganberak erakundeek sustatu duten egitasmoan eskualdeko 11 enpresa lanean ari dira jada; Anate Iturralde izan da agerraldian.

Donostian aurkeztu dute, gaur, Berriz-Enpresa proiektua. Komertzioak eta turismoari lotutako establezimenduak eskualdatze prozesuan sartzen direnean, haiei erabateko gidaritza eskaintzea da egitasmoaren helburua; negozioei jarraipena eman eta gune horretako hazkuntza ekonomikoa bermatuko lukete horrela.

Abiarazi berri duten proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei begira jarri dute martxan eta, horrela, Tolosa izango da Berriz-Enpresa estreinakoz ezagutuko duen herrietako bat. Horrela, Tolosa & Co elkarteko Anate Iturralde ere izan da agerraldian, proiektua bere negozioan martxan jarriko baitu. Berarekin, Itziar Epaltza Komertzio eta Turismo saileko kontseilariordea eta Eusko Ganberak-eko lehendakari Jose Angel Corres ere izan dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez da sekula halako proiekturik izan eta, beraz, lehen aldiz bultzada emango diete enpresen eskualdatzeei; bultzada hori, gainera, ez dute diru-laguntzekin soilik osatuko, prozesu osoa gidatu eta ahokularitza lana eskainiko baitie Berriz-Enpresa egitasmoak.

Erreferentzia diren komertzioak bizirik mantentzearen alde

Plazaratu berri duten proiektua hiru eskualdetan abian da jada eta, Tolosaldeko kasuan, 11 enpresa ari dira eskualdatze eraginkor bat lortzeko lanean.

Horietako bat da Tolosako Aralar Kirolak negozioa. Anate Iturraldek duela 35 urte zabaldu zuen, senarrarekin batera, Laskurain kaleko lehen denda: "Orduz geroztik, lanaz eta ilusio handiz, beste hiru denda zabaldu ditugu; orain lau komertzio ditugu kale berean".

Tolosa & Co merkatari elkarteko kideek herriko komertzioaren erreferentziatzat dute Aralar Kirolak eta, bide horretan, "ibilbide komertzial horrek bertan behera ezin duela geratu" diote. Hain zuzen ere hori izan da Anate Iturralde Berriz-Enpresa proiektuan parte hartzera bultzatu duena: "Erretiroa hartzeko adina ez dugu urrun, eta senarrak eta biok ez dugu orain arte egin dugun lana eta dendek lortu duten entzutea galtzerik nahi. Gainera, ez dugu negozioari jarraipena emango dion seme-alabarik ere".

Eta arazo horretan eragin nahi du, bereziki, Berriz-Enpresak: eskualdatze prozesuari arreta gehiegirik eskaini ezin dioten merkatariei aholkularitza eskaini nahi diete, haien lana ez galtzeko eta inguruko jarduera ekonomikoa bizirik mantentzeko.

Zentzu horretan, enpresak eskualdatzeko prozesua beranduegi hastea izaten da, ia beti, arazo nagusia. Horrekin batera, gainera, oinordekotza legeekin, fiskalitatearekin, enpresaren salmentarekin nahiz prezioekin arazo konplexuak ere sor daitezke bidean. Berriz-Enpresaren lan-eremua horixe izango da, beraz.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, EAEko komertzioen %20-%25 inguruk zerbitzu honen beharra izango du laster, enpresen ardura daramaten herritarren adina kontuan izanda. Dena den, beste zenbait arrazoirengatik negozioa eskuz aldatu nahi duten merkatarientzat ere zabalik da proiektua.

Informazio gehiago eskuratu ahal izateko, www.berrizenpresa.com ataria bisitatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!