Amagoia Eskudero. AHT Gelditu! elkarlaneko kidea «Legez kanpoko hainbat gauza egiten ari dira; nola erakutsiko dute, bada, hori guztia?»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uzt. 9a, 10:37
Amagoia Eskudero billabonatarrak 28 urte ditu eta AHT Gelditu! elkarlaneko kideetako bat da. «Astakeriatzat» du trena ez egitea atzerapena litzatekeela esatea eta, besteak beste, informazio falta salatu du AHTko obren inguruan.

Eskualdean noiz hasi ziren obrak?

Euskal Herrian, oro har, 2006. urtean hasi ziren AHTaren obrekin, eta Gipuzkoan 2008an; Goierri izan zen lehen eskualdea. Hemen, berriz, urte hartan bertan desjabetzeen prozesuari ekin zioten. Trenaren lanak Tolosaldera iristerako 2010. urtea izango zen jada.

Lau urte horien ondoren, obren egoera zein da gaur egun?

Informazioa eskuratzea oso zaila da. Sindikatuek-eta beti arazoak izan dituzte obretan sartzeko, eta horretan aritu dira LAB eta ELA. Horren haritik, ELAk, bere azken salaketan, EAJ gobernuan zegoenez geroztik «zailtasun handiagoak» dituztela azaldu zuen; traba gehiago ezartzen aritu direla diote. Horrek eskualdeko obrak nondik nora doazen ez jakitea dakar; ez zenbateraino aurreratu dituzten lanak, ezta lanean zein egoeratan ari diren ere.

Atzetik ondorio larriagoak ere izango ditu informazio faltak.

Bai. Noizean behin jendeari sartzen uzten diote, baina, gainerakoan, AHTko lanetan ezbehar bat izan dela jakiten dugu, eta hori oinarri hartuta hasi behar izaten da bestelako informazioa eskuratzen.

Eusko Jaurlaritzak modu ofizialean helarazten dituen datuak dira, beraz, informazio bakarra?

Bai, hori da. Jaurlaritzak diru kontuak izaten ditu hizpide eta, orduan, datu ekonomiko horiekin ateratzen dira bestelako ondorio, ideia edo nondik norakoak. Adibidez, aurrekontuaz aritzen direnean, zenbat diru erabiltzen ari diren eta abar zehaztuz, zenbait ondorio atera daitezke; Tolosa-Hernialde zatiko gainkostua, kasu. 12 milioi eurokoa zen desoreka eta, horietatik 3 milioi justifikatuta dauden arren, desorekak 9 milioikoa izaten jarraitzen du.

Zizurkil eta Asteasu arteko zatian ere bada beste berririk.

Bai. Lehen kasua Abadiñotik iritsi zen, hormigoi planta bat agertu baitzen AHTko obretan. Oso zaila da ezein herritarrek hori legala edo ilegala ote den jakitea, eta inork ez zuen pentsatuko legearen aurkakoa zenik. Baina zer gertatu zen? Hormigoi enpresa indartsu batek beste enpresa salatu zuela, obrak egiten ari zen enpresa, alegia. Beste zatietan halako kasurik ba ote zegoen jakin nahian atera zen, gero, Zizurkilgo hormigoi plantarena. Eta, noski, gutxieneko lizentzia ere eskatu gabe zuten.

Kasu hori zertan da gaur egun?

Orduz geroztik ez dugu informazio berririk jaso.

Legebiltzarra izan da bi kasu horiek plazaratzeko bidea, ezta?

EH Bildu ez da legebiltzarrean izan orain dela gutxira arte; AHTarekiko aurkakotasun argia azaltzen duen alderdi bat falta zen, beraz. Horrek informazioa behar den bezala ez lantzea ekarri du, baina, orain, zenbait fruitu jasotzen ari gara.

Aipatu duzu enpresen arteko lehia ere informazio iturri dela.

Noski. Corsan Corviam-en eta Adif-en afera hori guztia ere beste enpresa batek salaketa jarri zuelako plazaratu da. Urtebete inguru zeramaten gaia aztertzen, harrapatu nahian. Pentsa, arlo horretan espezializatutako enpresa batek horra iristeko urtebeteko lana behar badu, herritar xeheok zenbat beharko genukeen informazio hori lortzeko. Andaluzian ere antzeko kasu bat gertatu zen erretako kamioi batzuekin, eta konpetentziako enpresa batek su eman ziela uste dute. Agerikoak dira, beraz, informazioa lortzeko egin beharreko astakeriak.

Informazio falta behin eta berriro salatzen ari zara. Zergatik dela uste duzu?

Bergarako epaitegian amaitzeko dago, oraindik, AHTko obretan hil zen pertsonaren kasua; heriotza baten aurrean ez zuten ia daturik eman. Zergatik? Pertsona hori dinamitarekin lanean aritzen zelako, horretarako baimenik eta ezagutzarik gabe. Legez kanpoko hainbat eta hainbat gauza egiten ari dira eta, nola erakutsiko dute, bada, hori guztia? Obra horretan uzten ari diren dirutza ikaragarria da berez, baina, legea kontuan hartuko balute, prezioek are altuagoak behar lukete.

Herritarren zati bat aurka izateak ere ekar dezake informazio falta hori?

Bai, trenarekiko irudi negatiboa zabaltzen du horrek, eta jende askori eragiten dio, beraz, ez zaie interesatzen hori azaleratzea. Datu positiboak bakarrik nabarmentzen dituzte, eta oso eskasak edo gezurrak dira.

Amaituko al dituzte lanak?

Auzia ez da sekula amaituko gure ustez. Errealitatea begiratuta, trena erabiltzeko kostua ez da herritar guztientzat eskuragarria izango; gaur egun ere, autobusa merkeagoa da. Prezio jaitsierak ezarriko dituztela ere aipatu dute, baina poltsa publikotik ordainduko beharko litzateke; beraz, trena urtean behin hartu behar duenak ere ordaindu beharko luke. Hori guztia, laguntza sozialak eta antzeko beharrak asetzen ez direnean. Lanak bukatuta ere karga hori ez da desagertuko.

AHTrik egin ezean Euskal Herria eta Espainia Europarekiko atzeratuta geratuko lirateke, hainbaten esanetan. Zein da zuen iritzia horren inguruan?

Astakeria hutsa da. Mundu mailan Txina da AHT gehien duen herrialdea, eta Espainia dago bigarren lekuan. Orduan, atzerapena linea bat bestearen atzetik egitea da; beraiek behar dela esaten digute, eta Alemanian, Frantzian edo Italian zein egoeratan dauden jakin gabe, onartu egiten dugu. Euskal Herriaren inguruan atzerapenez hitz egitea, gainera, hori bai dela astakeria. Orain martxan dauden proiektuak martxan jarriz gero, hain eremu txikian hainbeste ibilbide izango lituzkeen munduko lehen herrietakoa litzateke gurea. Gezur bat bestearen atzetik esatea da, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!