Egunkaria

"Fiskaltzak aurrera jarraituz gero, dirua xahutuko da berriro"

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 18a, 12:37

Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak ekainaren 5ean jakinarazi zuen 'Egunkariako' auzi ekonomikoa ixten zuela, ustezko preskribatuta daudela iritzita. Baina atzo jakinarazi zuten Fiskaltzak helegitea jartzea erabaki duela. Kolpe berri bat izan da hau Auzi Ekonomikoan auzipetuta dauden zortzi pertsonentzat, ez baitzuten espero. Defentsak erabakia inpugnatzea erabaki du, "beste aukerarik ez dugu izan", esan du Alegian bizi den Begoña Zubeltzu auzipetuak. Gaur izan da Ataria irratian.

Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak ekainaren 5ean, auzipetuei leporatutako ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita. Herenegun jakin zen, baina, kasua artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztu duela Espainiako Estatuko Fiskaltzak, Gipuzkoako Probintziako Fiskaltzaren bidez. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren sala baten esku geratuko da epaiketa egin edo ez erabakitzeko ardura. Fiskaltzaren helegitea inpugnatuko duela baieztatu du defentsak, eta salak onartuko balu auzia artxibatuta geratuko litzateke. Aldiz, fiskaltzaren eskaera aintzat hartuko balu, auzia artxibatzea erabaki duen epaileari berari aginduko lioke epaiketa egiteko. Antza, hilabete batzuk igaro daitezke hori guztia argitzeko.
Zortzi pertsona daude Egunkaria kazetaren auzi ekonomikoan auzipetuta, eta tartean da Alegian bizi den Begoña Zubeltzu. Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendik osatzen dute auzipetuen zerrenda.


2003 urteko otsailean itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria. Epaitutako bostak absolbituta ere, Espainiako Estatuaren ordezkariak eutsi egin zion auzi ekonomikoari. Zortzi auzipetuei diru kontuak faltsutzea eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzur egitea leporatu die, eta zigor eskaera handiak eskatu ditu: Guztira, 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euro. Ustezko delitu horietan kaltetua den Eusko Jaurlaritzak epaitegietan aurkeztu dituen txostenen bidez horrelakorik ez zela egin bi aldiz berretsi duen arren, akusazioarekin jarraitu du.
Iñaki Uria auzipetuak Fiskaltzaren jokabidea salatu du: «Ikusten da zer interes edo gogo duen epaiketaraino iristeko. Epaileak kasua artxibatu egin zuen, ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita, baina fiskaltzak ezetz, eta apelazio helegitea aurkeztu du. Salatzekoa da. Guretzat kolpe handia izan da».


Zehaztugabetasuna
Apirilaren 7an eginiko aurretiazko saioan, bi aldeak entzun ostean, auzia artxibatzea erabaki zuen epaileak. Defentsen tesiarekin bat eginez, eta legedian eta jurisprudentzian oinarrituta, ondorioztatu zuen fiskaltzak auzipetuei leporatzen dizkien ustezko delituak preskribatuta daudela. Bestalde, 2003ko azaroan Auzitegi Nazionalak kaleratu zuen autoarekin epaileak ez zuen bat egin fiskaltzaren ikuspuntuarekin, auzi ekonomikoarekin zerikusirik ez duten hainbat lotura egiten direla eta kontuen faltsutzeaz eta iruzur fiskalaz zehaztasunik egiten ez duela argudiatuz.


Fiskaltzak, bere aldetik, «modu nahikoan» deskribatzen direla «delituzko jokaerak» dio. Era berean, 2003ko autoan preskripzioa zehazteko baldintzak argituta geratu zirela, eta beraz, bost urteko epearen barruan eginak liratekeela ustezko delituak esan du. Horretan oinarrituta jarri du, hain justu, helegitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!