Incansables Txarangak 'Omenez' diskoa aurkeztu du

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 4a, 13:14
Incansables Txarangako kideak, 'Omenez' diskoarekin.
Hamasei abesti bildu ditu Incansables Txarangak 'Omenez' disko berrian. Dagoeneko 45 urteko ibilbidea du txarangak, eta 13 urte zeramatzan diskorik atera gabe. Tolosako Kabi Alai elkartean egin dute aurkezpena, lotura berezia baitute elkarte horrekin.

Josu Sanchez txarangako kide tolosarrak azaldu duenez, "leku askotara joaten gara eta beti esaten digute ea noiz aterako dugu zerbait berria. Orain kuadrilla majo bat elkartu gara eta batak besteari zirikatzen egin dugu diskoa". Baionako Agorila diskoetxearen bidez grabatu dute, Andoaingo Garate estudioetan.
'Omenez' izena jartzea bere arrazoia du, Sanchezek azaldu duenez: "Txarangatik pasatu diren guztiei omenaldia egin nahi izan zaie. Pieza dezente daude pertsona jakini eskainita". Horietako bat Txomin Castro billabonatarrari eskainia da, 'Sietemesino' ezizenez ezaguna, txarangaren sortzaileetako bat, eta lehengo urtean hil zena.
Joakin Ortega 'Canario' hernaniarra da lau sortzaileetatik jarraitzen duenak eta berak sortu edota moldatu ditu abesti guztiak. Diskoa salgai jarri dute eta Tolosan Zunbeltz dendan eta 19-90, Ikatza eta Orbela tabernetan erosi daiteke. Txarangaren webgunean, www.incansablestxaranga.com, salgai jartzeko asmoa dute ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!