Gure Esku Dago

Ehun mila esku inguru, erabakitzeko eskubidearen alde

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 3a, 16:52
Guztia prest dago, milaka herritarren eskuak batuz, igande honetan Durango eta Iruñea lotzeko. Gure Esku Dago ekimenak giza kate erraldoiaren bitartez, Euskal Herriaren izaera eta herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko ditu, eta mezu hori zabaldu mundu zabalean. Tolosaldeari hiru kilometro betetzea dagokio, 57. kilometroa Tolosari (Beasaingo kiroldegian hasita), 58. kilometroa Anoetatik Villabona arteko herriei (Beasaindik Lazkao bidera), eta 60. kilometroa Ibarra, Berastegi, Lizartza, Ikaztegieta eta inguruko herriei (Lazkaon). Tolosaldeari dagokion zatian egongo diren parte hartzaile ezagunen artean daude Anjel Alkain eta Xabier Usabiaga asteasuarrak, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Beñat Sarasola eta Koldo Rabadan Tolosaldeko Gure Esku Dago ekimeneko partaideak dira, eta Ataria irratian izan dira solasean.

Durango eta Iruñea banatzen dituen 123 kilometroak lotzeko ehun mila esku inguru izango direla aurreikusi dute antolatzaileek, eta horien aniztasuna nabarmendu dute, «askotariko jendearen parte hartzea baita ekimenaren oinarria».

Antolatzaileek azaldu dutenez, 12:00etatik 12:30era burutuko da giza katea, baina, 10:00etarako parte hartzaile bakoitza bere kilometroan egotea funtsezkoa izango da. 11:30ak bitarte giza katea prestatzen egongo dira, eta 12:00etan txalapartak, adarrak, kanpaiak edo beste soinuren batek emango dio hasiera ekitaldiari. Orduerdi geroago beste soinuren batek emango dio amaiera, eta parte hartzaileak egun horretarako antolatu dituzten ekitaldietara joango dira. Lekuan lekuko egitarauekin egun osoko festa polita egin ahalko da.


Bestalde, bakoitzari dagokion kilometrora ailegatzeko trena erabiltzeko eskatu dute Tolosaldeko Gure Esku Dagotik.


Trenez joateko deia

Norbere herrian tren geltokirik ez badago, gertuen duen tren geltokira kotxez jaitsi eta trena hartzea gomendatu dute antolatzaileek. Renfek zerbitzua gehitu du, eta hainbat tren bikoiztu egingo ditu igandean. Hala, igandean bertan ilarak ekiditeko, astean zehar bidaia txartelak aurrez erostea ere gomendatu dute.

60 kilometroan egotea egokitu zaienentzat, esaterako, lehen orduetako trenak erabiltzea eskatu dute, ondoren, oinez joan beharko baitute Lazkaoraino. Beasaingo tren geltokian bertan, seinaleztatuta  egongo dira kilometroen norabideak. Ezintansun fisiko bat dutenentzat edota beste arrazoi berezi batengatik autoz joan beharra dutenentzat, e-mail bidez dagokion kilometroaren koordinatzailearekin harremanetan jartzeko eskatu dute. 57. kilometroko antolatzaileen emaila antolatzaile057@gureeskudago.net da, 58. kilometrokoa antolatzaile058@gureeskudago.net, eta 60. kilometrokoa antolatzaile060@gureeskudago.net.


Denak kamisetekin
Dagoeneko milaka pertsonak izena emanda duen arren, egunean bertan izena emateko aukera ere izango dela adierazi dute. Kateari kolorea emate aldera, Gure Esku Dago kamiseta erosi duenak egun horretan soinean jantzita eramatea ere eskatu dute, eta giza katean egon beharreko egonaldia girotu aldera,  12:30ak bitarte musika taldeak, pailazoak, txarangak, dultzaineroak, dantzariak edota batukada taldeak izango direla ere aurreratu dute Tolosaldeko antolatzaileek. Era berean, parte hartzaile bakoitzak bere jaki eta edariak ematea gomendatu dute.


Tolosaldeko parte hartzaileen kasuan, behin giza katea amaituta, Lazkaon antolatu duten jaialdira joateko gonbidapena luzatu dute. Bazkaria, pailazoak, dantzak, flashmoba... denetarik izango da eguna biribiltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!