Sakabanaketaren aurkako pilotakadak emango dituzte Zizurkilen

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 22a, 09:30
Hilaren 24ean, Zizurkilgo pilotalekuan eta Zimiterioan jokatuko dira partidak

Etxerat elkarteak antolatutako Pilotakadaz pilotakada ekimenak asteburu honetan gure eskualdean egingo du geldiunea, Zizurkilen, hain zuzen ere.
Dinamika herritar honek sakabanaketaren aurkako salaketa pilotalekuetara iristea du helburu, gizartea kontzientziatuz eta inplikatuz. Honela, sakabanaketaren ondorioak pairatzen dituzten presoen eta euren senideen eskubideak errespetatuak izatea aldarrikatuko dute.
Ekimenak ikuspegi nazionala badu ere, herrialde bakoitzak txapelketarako diseinu propioa izango du. Gipuzkoaren kasuan, hilaren 10etik aurrera eskualde batek antolatu du ekimena, eta oraingoan Tolosaldearen txanda iritsi da. Zizurkilgo pilotalekuan eta zimiterioan jokatuko dira partidak goizean. Ondoren, bazkaria Zizurkilen bertan egingo dute, eta 16:00etan txapelketak jarraituko du. 18:00ak bitarte jokatuko dira finalak. Herritar orok parte har dezake txapelketan, eta parte hartzaile guztiek jokatzeko ekimeneko elastikoa jasoko dute opari.
Ekimenak amaiera bateratua izango du, Euskal Herriko bost pilotalekuetan egingo diren ekitaldiekin. Gipuzkoakoa Tolosan izango da ekainaren 29an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!