Gure Esku Dago

Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 8ko giza katean parte hartzeko deia egin du

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 17a, 13:19
Ander Otezabal erdian, Tolosaldeko Gure Esku Dago ekimeneko hainbat ordezkarirekin batera
Tolosaldeko Gure Esku Dago ekimenak eskualdeari ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen giza katean hiru kilometro betetzea dagokiola gogoratu du, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu. "Nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da", aldarrikatu dute.

"Tolosaldean dagoeneko 2.400 herritar heldu bagara, elkarri esku emanda, erabaki nahi dugula adieraziko dugunak, gure seme-alabei zein nolako etorkizuna utzi gure esku dagoela adieraziko dugunak", baina ekimenak 4.000 herritar lortzeko apustua egin du, eta horregatik egin die gonbita "erabakitze eskubidea oinarrizko printzipio demokratikoa dela pentsatzen duen orori".

Tolosako Gure Esku Dago ekimeneko Ander Otezabalek azaldu duenez, hiru bide daude kilometroa erosteko: internet bidez, emailez edo kaleetako postuetan zein Tolosako Rondilla kalean duten dendan dauden eskuorriak betez.

Tolosaldeari hiru kilometro betetzea dagokio, 57. kilometroa Tolosari (Beasaingo kiroldegian hasita), 58. kilometroa Anoetatik Villabona arteko herriei (Beasaindik Lazkao bidera), eta 60. kilometroa Ibarra, Berastegi, Lizartza, Ikaztegieta eta inguruko herriei (Lazkaon). Hiru kilometroek Beasain eta Lazkao arteko bidea betetzeko balioko dute. "Festa giroan gure garaia dela aldarrikatuko dugu, herritarron garaia dela ozen esango dugu", esan du Otezabalek. "Aldarria egun osoko festa bilakatutako dugu, goizean giza katean, eta Lazkaon burutuko den festa erraldoian, ondoren".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!