Udalerri Euskaldunen Eguna

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko dute, lehenengoz

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko mai. 13a, 12:05
Olatz Peon, Inaki Irazabalbeitia, Ibai Iriarte, Maren Belastegi eta Idoia Lahidalga, aurkezpenean
Tolosak ekainaren 14an hartuko du Udalerri Euskaldunen Eguna. Orain arte UEMA eguna ospatzen zen, baina aurten, lehen aldiz, Udalerri Euskaldunen Eguna egingo dute, "euskararen normalizazioan udalerri euskaldunetatik egin daitezkeen ekarpenak elkarlanerako eremu zabalagoa behar duelakoan". Zentzu honetan Xabier Bengoetxea irakasleak egindako 'Arnasguneak. Ezaugarriak. Zenbait arnasguneren egoeraren behaketa' lana aipatu behar da. Bengoetxeak Asteasu, Amezketa, Alegia eta Berastegiko euskararen egoera aztertu du. Entzun zein ondorioetara iritsi den.

Tolosako udaletxean egindako agerraldian elkarlana aipatu dute behin eta berriz Tolosako Udaleko, Galtzaundiko eta UEMAko ordezkariek. Izan ere, euskaraz bizitzeko eta euskararen erabilera sustatzeko erakunde, eragile eta herritar guztien elkarlana beharrezkoa dela nabarmendu dute. Eta nola ez udalerri euskaldunen arteko elkarlana ere.

"Aipatu egunaren helburua izango da udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua lau haizetara zabalduz, herritarren sentsibilizazioan eragin eta euskararen aldeko konpromisoak sustatzea. Euskararen arnasguneek hizkuntzaren normalizaziorako ekarpen ezinhobea egin dezakete, eta horixe da balorean ipini nahi duguna", esan du Maren Belastegi UEMAko lehendakariak. Era berean, udalerri euskalduneteko herritarrak egunerokoan euskaraz bizi direla nabarmendu du, eta baita aipatu herrietan euskara komunikaziorako hizkuntza baino gehiago ere badela, "elkarbizitzarako tresna ere bada, gizarte kohesiorako elementu bateratzailea. Euskarak batzen ditu udalerri euskaldunetako herritarrak eta euskarari balioa ematen diote".

Tolosako Ibai Iriarte alkateak berea aldetik, udalak euskara sustatzeko hainbat ekitaldi egiten dituela esan du eta horiekin bat egiten duela Udalerri Euskaldunen Eguna. Tolosa, eskualde buru izanda, ardura berezia duela adierazi du, eta bide horretan, egiten dutela lan nabarmendu. Galtzaundi, gastronomia elkarteak eta eragileak, orokorrean, euskararen alde egiten duten lana ere goraipatu du alkateak.

Bukatzeko, Idoia Lahidalga Galtzaundiko kideak hartu du hitza, eta Tolosan euskara "modu kezkagarrian" galtzen ari bazen ere, egun 25 urtetik beherakoen artean euskara dela nagusi esan du. "Etorkizuneko euskara hiria marrazten ari gara", esan du. Udalerri Euskaldunen Egunaz gain, Tolosan eta Villabonan hainbat ekitaldi egingo dira euskara sustatzeko helburuz.

 

 

 
 

Datozen egunetako hitzaldi eta tailerrak

Tolosa


  • Maiatzak 24: Anariren kantaldia, 20:00etan, Topic-en.
  • Ekainak 4: Dabid Anauten Euskararen kate hautsiak, 19:30ean, kultur etxean.
  • Ekainak 12: Jon Sarasuaren Hiztunpolisa, euskalduntasunaren norabideaz apunteak, 19:30ean, kultur etxean.
  • Ekainak 9: Bernat Alberdiren Euskara, ospeletik eguterara dokumentala eta Joel Joan eta Sergi Lararen Fenix 11 *12 filma, 20:30etik aurrera, Leidorren.
  • Ekainak 11: Estitxu Garai Euskara, tresna eta aukera merkataritzan, 14:15ean, kultur etxean.
  • Ekaina: Eragileei eta norbanakoei zuzendutako Arnasguneen Tailer bana egingo dute.
  • Ekainaren 9tik 15era: Euskara, ospeletik eguterara erakusketa, kultur etxean.

Villabona

  • Ekainak 11: Sagrario Alemanen Hizkuntzaren gaineko jarrerak Nafarroa Garaian, 18:00etan, Mintzolan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!