Herniopeko herriak zeharkatuko dituzte igandeko ibilaldian

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 7a, 17:47
Bi ibilaldi egiteko aukera izango da Erniopeko IX. mendi ibilaldian; 48,6 edo 25 kilometrotakoa

Erniozaleak Kultur Elkarteak IX. Erniopeko mendi ibilaldia antolatu du maiatzaren 11rako. Mendizaleek bi ibilbide egiteko aukera izango dute. Batetik luzea, 48,6 kilometrotakoa eta bestetik motza, 25 kilometrotakoa. Luzea egiteko hamaika ordu inguru beharko dituzte ibiltariek eta motza egiteko, berriz, bost ordu eta erdi. Lehenak 06:00etan abiatuko dira eta bigarrenak 08:00etan.

Ibilaldiaren izenak dioen moduan, Erniopeko zortzi herri igarotzen ditu ibilaldi honek: Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Albiztur, bidania-Goiatz, Errezil eta Aia. Zortzi horietatik sei, beraz, gure eskualdekoak.

Bi urtez behin egiten den ibilaldi hau, 1999an egin zen lehen aldiz, eta orduan, Asteasutik abiatu zen. Ordutik mendizale askok egin dute Erniopeko ibilbidea. Zortzi herrietan antolatu da ibilaldia, azkenekoa 2012an Larraulen egin ondoren. Aurten, hasiera Bidania-Goiatzen izango du.

Ibilbide osoa
Esan bezala, aurten ibilaldia Bidania-Goiatzetik (485 m) abiatuko da. Bi ibilbideak Errezil aldera abiatuko dira hankak berotzen joateko, baina, konturatzerako Zelatun (850 m) aldera igotzen hasiko dira. Hemen bi bideak banandu eta batzuk Iturriotz aldera (ibilbide luzekoak) eta besteak Alkiza aldera (ibilbide motzekoak) abiatuko dira.Ibilbide luzekoek Iturriotz (590 m), Aiako plaza (300 m), Aristerrazu plaza (80 m), Bulano baserria (410 m), Asteasuko herria (100 m), Larraul (239 m), Alkiza (340 m), Hernialde (300 m), Albiztur (276 m), Artzubi (740 m) eta Bidania-Goiatz (485 m) igaroko dituzte. Ibilbide motzekoek, berriz, Errezil, Zelatun, Alkiza, Hernialde, Artzubi eta Albiztur igaroko dituzte, helmugara iritsi aurretik. Ibilbideko hainbat unetan mokadutxoa jateko aukera izango dute.

Arauak
Ibilaldian parte hartu nahi dutenek izena emateko bi modu izango dituzte; www.erniozaleak.org web orriaren bitartez, edo bestela irteera bakoitza baino ordu bat lehenago Bidania-Goiatzeko pilotalekuan. Izena ematearen orden berean emango dira mendizaleen irteerak. Gainera, irteeran parte hartzaile bakoitzari txartel bana emango zaio eta txartel hori kontrol postu guztietan zigilatu beharko dute seinalatutako ordutegiaren barruan.

Ibilaldian parte hartu duten mendizaleen artean, 18:00etan mendi materialaren zozketa ere egingo dute.
Hernio inguruak ezagutzeko aukera bikaina izango dute, hortaz, igandean, mendizaleek.

Ibilbide luzea
Iraupena. 11 ordu.
Luzera. 48,6 kilometro.
Igotako desnibela. 2.400 metro.
Irteera. Goizeko 06:00etan.
IBILBIDE MOTZA
Iraupena. 5 ordu eta erdi.
Luzera. 25 kilometro.
Igotako desnibela. 2.000 metro.
Irteera. Goizeko 08:00etan.

Bidania-Goiatzen ere Mendi eguna
Mendi ibilaldi hau Bidania-Goiatzen amaitzen dela ikusirik, Eskola Txikietako kideek Mendi eguna delakoa antolatu dute egun horretarako. Arratsaldeko 16:00tan pisten jokoak emango dio hasiera. Bi ordu inguruko iraupena izango du eta edozein adinetako pertsonek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzailek, pistak bilatzen dituzten bitartean, mendia eta bere ingurua ezagutzeko aukera izango dute. 20:30ean, berriz, hainbat hegazti askatuko dira, besteak beste, Urubiak (Hontzen familiakoak). Egun guztian zehar, gainera, taberna, ogitarteakoak, musika, salmentak eta beste hainbat gauza egongo dira Bidania-Goiatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!