Tolosaldea herriz herri zeharkatu dute, Oierren alde

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 5a, 16:15
Luis Zabala eta Juan Zubia ibartarrak Tolosaldeko 28 herriak zeharkatu zituzten larunbatean. 05:00etan atera ziren Ibarratik eta hara itzuli ziren 20:00ak pasatxo zirela. Jendez beteta zegoen Ibarrako plaza. Lasterketa ez da ordea, Oier Iribarren haurraren alde antolatutako ekitaldi bakarra. Ruper Ordorikak ere kontzertua eskainiko baitu Stop Sanfilippo elkarteari dirua biltzen laguntzeko. Kantariak Ataria Irratian hitz egin du eta kontzertuan 'Azukre koxkorrak' diskoko kantak eta beste zenbait abesti ere eskainiko dituela esan du.

 

 

Oier Iribarren San Filippo gaixotasuna duen ibartarraren alde eskualdeko 28 herriak zeharkatu zituzten larunbatean, Luis Lasa eta Juan Zubia ibartarrak, beste hainbat korrikalariren eta herritarren laguntzarekin. Helburua bi lasterkariak herri bakoitzetik igarotzean diru bilketa egitea zen, eta 5.000 euro biltzea lortu zuten.

05:00etan euripean abiatu ziren korrikalariak Ibarratik, eta 20:00ak pasatxo zirenean iritsi ziren Ibarrara. Oier eta bere familia Ibarrako kultur etxearen parean zituzten, pankarta handi bat eskuan zutela, eskerrak emateko zain. Guztiak elkartu ostean, plazaraino elkarrekin jaitsi ziren, atzetik jende mordoxka zutela. Plazan txalo artean sartu ziren eta udaletxe azpiko arkuan atera zuten familia argazkia. Ondoren, Alurr dantza taldeko dantzariek agurra dantzatu zieten Oierri eta bere familia guztiari. Korrikalariei txapelak eta oroigarriak banatuta, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan zizkieten Ibarrako plazan bildu ziren ibartar eta eskualdeko herritar guztiei.

Ekitaldia amaitu ostean, Ibarrako merkatarien elkarteko kideek antolatutako pintxo potean, jan eta edana ere bazegoen jada gosea egina zuenarentzat.

Elkartasun kilometroa

Ibarran Oier Iribarrenen aldeko beste ekitaldi bat ere izango da bihar bertan. Izan ere, Uzturpe Ikastolak urtero egiten duen Elkartasun Kilometroa, aurten, Stop Sanfilippo elkartearentzat izango da. Bihar, asteartea, egingo dute Elkartasun Kilometroa 15:00etatik 16:30era. Ibarrako plaza eta San Inazio artean prestatu duten zirkuitoan ariko dira haurrak.

Era berean, Ibarrako Hauspoa elkarteak kontu bat ireki du diru ekarpenak egiteko, eta maiatzaren 10a arte egin ahalko dira. Hau da kontua: Euskadiko Kutxa 3035 0141 89 1410022109.

 

Erlazionatuak

Gutuna: Eskerrik asko

Tolosaldeko Ataria 2014 eka 18 Ibarra

Hogeiak bai, bi ordutik behera ez

Tolosaldeko Ataria 2014 eka 14 Tolosa

Eskerrik asko!

Hauspoa kultur elkartea 2014 mai 06 Ibarra

Oier Iribarrenek zure laguntza behar du

Tolosaldeko Ataria 2014 mar 27 Ibarra

Sanfilippori stop

Ainhoa Oiartzabal 2014 mar 30 Tolosaldea

Sanfilippo duen Oier Iribarreni lagunduz

Tolosaldeko Ataria 2014 ots 10 Ibarra   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!