Aiztondoko XVII. Pilota Topaketako eta nesken palako finalak, igandean

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 23a, 10:38
Asteasun jokatuko dira partidak igandean, hilak 27. Lehen aldiz Villabonako pilotariek ere parte hartuko dute

Martxoaren 9an hasi zen XVII. Aiztondoko Pilota Topaketa eta igande honetan, hilak 27, bukatuko da Asteasun. Finalak 16:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa da.

Txapelketa aurrebenjaminetatik hasi eta infantil mailara arte jokatu da eskuz eta pala eta alebin mailako eta jubenil mailako neskak ere aritu dira.


Guztira, Aiztondo bailarako herrietan diharduten 133 neska mutilek  parte hartu dute topaketa honetan. Eskuz, 36 neska mutil aurrebenjaminetan, 40 pilotari benjaminetan, 26 haur alebinetan eta 14 pilotari infantiletan aritu dira. Palaz berriz, alebinetan 11 neskek parte hartu dute eta jubenil mailan paleta gomaz 3 bikotek.

Iaz, Asteasuko herriko haurrek berriro ere pilota topaketan parte hartzen hasi ziren moduan, aurten eta lehen aldiz Villabonako neska-mutilek txapelketa honetan parte hartu dute. Hala, Aduna, Asteasu, Alkiza, Larraul, Zizurkil eta Villabonako neska-mutilek parte hartu ahal izan dute. Aurtengo partidak Asteasun, Zizurkilen, Alkizan eta Adunan jokatu dira eta lehenago aipatu bezala sei final handiak Asteasuko pilotalekuan jokatuko dira 16:00etan hasita.

Finalerako txartela lortu duten pilotariak honako hauek izango dira. Aurrebenjaminetan Adunako bi bikote iritsi dira; batetik, Inhar Iparragirre eta Eneko Lizarazu eta bestetik, Lander Zabala eta Joanes Cestau. Benjaminetan Asteasuko Ugaitz Usabiaga eta Enaitz Agirrezabal Larraulgo Manex Urkaregi eta Ugaitz Belauntzaranen aurka lehiatuko dira. Alebin mailan Zizurkilgo Unai Lizarribar eta Ander Perurenak Zizurkilgo Urtzi Eraunzetamurgil eta Alkizako Mattin Gorostidiren aurka jokatuko dute eta Infantiletan berriz, Zizurkilgo Julen Alberdik eta Villabonako Kepa Aizpuruak Alkizako Gorka eta Asier Ugartemendia anaien aurka ariko dira.

Nesken pala txapelketako finalei dagokienez, asteasuko 4 neska ariko dira alebin mailan; alde batetik, Uxue Aranburu eta Itxaso Segurola eta bestetik, Libe Elizegi eta Emily Ponce.


Jubenil mailan  eta gomazko paletaz berriz, Zizurkilgo Itxaso Erasunek eta Asteasuko Irati Otaegik Adunako Olaia Zubeldia eta Zizurkilgo Ane Maizaren aurka jokatuko dute.

Partida oso erakargarriak espero dira eta giro bikaina izango da Asteasun eta inguruko herrietako pilotazale guztiak gonbidatuak daude final eder hauetara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!