«Mugak eta gaitasunak ditut»

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 10a, 12:52

Gureak enpresa taldeak Ni Zu Bezala sentsibilizazio egitasmoa du martxan, eta besteak beste, ikastetxeen bisitak antolatzen dituzte lantegietara; aste honetan Anoetako Ikastolakoak izan zira Gureakek Apatta industrigunean duen fabrikan.

 

Bisita berezia egin dute Anoetako Herri Ikastolako ikasleek aste honetan. Gureak enpresa taldeak Apatta industrigunean duen lantegira joan dira, eta bertan desgaitasuna duten pertsonekin hauek egiten duten lana ikusten izan dira.  
Ni  Zu Bezala egitasmoren barruan egin dute bisita, eta desgaitasuna duten pertsonez zuten ikuspuntua aldatu zaie. Egitasmo horren arduraduna da Jokin Larraza tolosarra, eta aurtengo ikasturtean 1.800 ikasle inguruk parte hartuko dutela   aurreikusten du. «Normalean, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek parte hartzen dute, baina Anoetako Ikastolatik 3. mailakoak izan dira, 25 ikasle», azaldu du. Apattako lantegiaz gain, beste bost egoitzetara joaten dira Gipuzkoa osotik bisitan: Donostia, Irun, Errenteria, Legazpi eta Bergara. «Asmoa da haurrak desgaitasuna duten pertsonengana gerturatzea, bere lan gaitasunak ezagutzea, eta baita ere desgaitasunari buruz izan ditzaketen aurreiritziak aldatzea».
Programak hiru saio dituela dio Larrazak: «Aurretik gelan prestatzen dute material bat desgaitasuna jorratzeko. Bigarrena lantegira egiten duten bi orduko bisita izaten da. Hirugarrena bisitari buruz hausnarketa egitea izango litzateke, eta nahi izanez gero parte hartu dezakete www.nizubezala.com webgunean, bai eskola moduan eta baita norbanako bezala ere».
Ikasleei bisitak eragiten diela azaldu du Larrazak: «Agian aurretik ezagutzen dituzte lantegian lanean ari direnak, baina beste testuinguru batean, kalean ikusita adibidez. Beraz, lantegira etortzerakoan eta lanean ikusterakoan, lana gogor egiten eta fundamentuz, beste modu batera ikusten dituzte. Ikuspuntua pixka bat aldatzea lortzen da». Horrez gain, horrelako tailer bat, bere teknologiarekin, ikusten duten lehen aldia izan ohi da ikasleentzat, eta horrek ere bere eragina sortzen du.
Apattako lantegian desgaitasuna duten 120-130 langile daude.  Horiez gain, arduradunak daude, tailer burua, biltegi arduradunak... Automoziorako lana egiten dute. Autoen argientzako kableak muntatzen dituzte. «Prozesua da lan bat hartu, zati txikitan banatu, eta gero langileak bere lana egiten jartzen dira eta guztien artean gai izaten dira produktua egiteko», azaldu du Larrazak. Lan taldea garrantzitsua da, eta horrez gain, kalitatea. «Automoziorako lan egiten dugu eta kalitatean oso zorrotzak dira, ezin dugu akatsik egin. Horrelako lantokiak ezagutzen ez dituenak ez daki zer lan egiten dugun. Beraz, haurrek ikusten dutena gero etxean kontatuko dute. Desgaitasunarekiko ikuspuntua hobetzea lortzen badugu beti izango da ona».
Langileek ikasleen bisitak gustura hartzen dituztela dio Larrazak, «beraien lana erakusten dute, eta harro sentitzen dira».

Harrituta haurren erantzunarekin
Kristina Arregi Anoeta Herri Ikastolako irakasleak azaldu duenez, Ni Zu Bezala egitasmoa «oso interesgarria» da: «Gizarteko parte bat dira eta ahal den neurrian integratzea egokia da. Horrelako bisitekin umeek ikusten dute, pertsona horiek desgaitasuna izanagatik ere, zertarainoko lanak egiteko gai diren, eta  beraiengana inguratzen dira normaltasun baten barruan».
Ikastolan bertan badute lankide bat desgaitasuna duena. «Haurrak lankide horrengana gerturatzen dira eta beste kide bat bezala tratatzen dute, normaltasun osoz».
Bisita egin eta gero, Arregik ikasleei eskatu die esperientziari buruz zerbait idazteko. «Harrituta utzi naute zer gauza idatzi dituzten: ‘Ez nuen pentsatzen desgaitasunak dituztenak gai direnik horrenbeste gauza ikasteko’ edo ‘lan asko eta azkar egiten dute’ jarri dituzte».
Izan ere, Ni Zu Bezala egitasmoaren goiburuak dioen moduan, «denak gara ezberdinak eta ni ez naiz gaixo bat, ez naiz betirako ume bat, ez naiz ezindua. Nik zu bezala lagunak ditut, betebeharrak eta eskubideak ditut, mugak eta gaitasunak ditut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!