Gure Esku Dago

«Independentzia nahi duten alderdiek bat egin behar dute»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mar. 27a, 11:48
Gure Esku Dago-k ‘Eskutik eskura’ asteko egitarauan sartu du Mara Martinez eta Nicolasa Fernandez, Sumate egitasmoko kideen hitzaldia

Súmate mugimenduko kide da Mara Martinez (Granada, 1954). Tarragonan bizi da eta azken urteotan gizarte katalanak estatu propioa aldarrikatze aldera izandako garapena gertu-gertutik ezagutzen du. Bihar kultur etxean izango da, 19:00etatik aurrera.

Zer da zehazki Súmate elkartea?

Elkarte zibila, anitza eta transbertsala da. Alderdikerietatik urrun gaude eta beste ezein erakunderengandik askeak gara. Horrek ez du esan nahi Herrialde Katalanetako beste zenbait elkarterekin helbururik partekatzen ez dugunik; elkarlanean aritzen gara.

Nola sortu zen Súmate?

Momentu jakin batean Espainia nabarmen birzentralizatzen ari zela ikusi zuen jendeak, eta horrek ezinegon handia sortu zuen. Herritarrok, katalanak izan, edo kanpotik etorritakoak izan, badakigu dena manipulazio bat dela, bai espainiar estatuko hainbat sektoretatik, baita komunikabideetatik ere. Azken hauetako gehienak, gainera, espainiar estatuaren zerbitzura daude. Horrela, ez dute egiazko albisterik sortzen Herrialde Katalanen inguruan eta iristen zaizkien albisteak manipulatu egiten dituzte, katalanen aurka.

Herria esnatzen hasi zen, beraz.

Jende askok ezinegona azaldu zuen Twitteren, gezur bat bestearen atzetik kontatzen zutela salatuz. Ordurako ANC Biltzar Nazional Katalana katalanistei begira ari zen lanean, baina alor gaztelarra, nolabait, prozesutik kanpo zegoen. Horregatik, taldetxo bat sortu zuten herrikideen arreta pizteko. Hasieran ez zuen arrakasta handirik izan, baina urrian bideo bat egin genuen hainbat herritarrekin, prozesuaren inguruan iritzia azalduz. Sekulako arrakasta izan zuen eta Súmatek gero eta kide gehiago bildu zituen. Gaur egun 14 ordezkaritza inguru daude.

Beraz, ez zarete Herrialde Katalanetan jaiotakoak.

Batzuk kanpoan jaiotakoak gara eta beste batzuk etorkinen seme-alabak; etorkinekin ezkondutakoak ere badira. Esan bezala oso anitza da eta, beraz, kide batzuk espainiarragoak dira katalanak baino eta, alderantziz, beste asko katalanagoak dira espainiarrak baino. Guztion helburua, dena den, bozkatzeko eskubidea lortzea da lehenengo, eta gero norberak nahi duenaren alde emango du botoa. Baina gu independentziaren aldeko propaganda egiten ari gara, independentzia ezinbestekoa iruditzen zaigulako Herrialde Katalanek biziraungo badute. Oker eginda dagoen guztia eraitsi nahi dugu herri berri bat sortzeko.

Sentsibilitate politiko guztietako kideak elkartzen zarete. Ideologia horiek nola kudeatzen dituzue?

Herritar horiek ideologia horietatik datoz, baina jada ez dute guztiz bat egiten hainbat iritzirekin. Kide bat, adibidez, UPyDtik iritsi da elkartera, baina gaur egun ez dator bat Rosa Diezen esanekin. PPko kide bat ere bada, baina noski, PPko kide ohia da; beharbada PPren doktrina osotik zerbait geratuko zaio, baina argi dauka Herrialde Katalanek independentzia behar dutela.

Identitatea, nazio izaera, ekonomia... Erabakitzeko eskubidearen alde egiteko arrazoiak asko dira, beraz, Súmaten?

Hasiera batean behintzat, arrazoi ekonomikoengatik hasi ziren estatu propioaren alde lanean. Orain, ordea, ez da hori mugitzen gaituen arrazoi bakarra. Hizkuntza eta kultura katalanari egiten dizkioten gutxiespenek ere min ematen digute. Nik seme-alabak eta bilobak ditut eta katalanak dira, eta nik ez dut haien hizkuntza desagertzerik nahi. Wert ministroak haur katalanak espainiartu egin nahi ditu eta saiatzen ari da eskoletatik katalana kenduz. Hori guztia espainiar estatuaren birzentralizatze horren bidetik doa.

Erabakitze eskubideak pisu handia hartu du azken urteotan. Nola bizi izan duzue hori barrutik?

Nire bizipenetatik hitz egingo dut. Neure buruari ez nion sekula independentziaren eta nazionalismoaren ideia proposatu. Katalana aspaldi ikasi nuen eta Herrialde Katalanetan oso pozik bizi nintzen. Baina independentismoa gehiegizkoa iruditzen zitzaidan. Estatu-aren erreforma iritsi zen, ordea, eta parlamentuan %90ak baino gehiagok baiezko bozka eman zuten. Hori Madrilera iritsi eta Rodriguez Zapatero jaunak Estatut-a deuseztatu zuen. Gainera, PPk Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen Estatut-a, produktu katalanei boikota egitearekin batera. Hori jasanezina egin zitzaidan eta nire artean esan nuen: «Orain arte independentista ez baldin banintzen, orain izan egin nahi dut».

Pasa den irailaren 11ko Diada mugarri izan zen, ezta?

Egiazki, 2012ko irailaren 11 izan zen lehen mugarria, aipatutako ezinegon hori sentitzen genuenontzat. Jendeak independentzia eta Estatut-a eskatzeko Bartzelonara joateko zuen ilusioak harrotasunez bete ninduen; nazio katalaneko kide izateaz harro sentitu nintzen. 2013. urteko Diadan aurrekoa biribildu genuen, festa bat izan zen. Nik, behintzat, azken bi Diadetako aldarrikapen hauei esker, ziurtasun osoz dakit nahi dudana.

Espainiako Gobernuak hauspotu egin al du matxinatze hori?

Eskerrak eman behar dizkiegu Aznar eta Rajoyri, eta baita Madrilgo oligarkia politiko eta ekonomikoaren mesedetan ari den justiziari ere. Haiek izan dira haien jardun antidemokratiko, zentralista eta nazionalista-zaharrarekin, egoera hau piztu dutenak. Estatut-ari iseka horiek egin izan ez balizkiote, gaur hau guztia ez litzateke gertatzen ariko. Izan ere, Estatut hori Herrialde Katalanetara itzuli eta martxan jarri izan balitz, ez zen ezer gertatuko.

Orain herritarren gehiengoak erreferenfuma nahi du.

Duela astebete atera ziren datuok: katalanen %82,1 ados daude kontsultarekin. Ezezko borobila, berriz, %1,6ak eman dute. Tarteko erantzunak ere badira, baina argi dago gizarteak bozkatu egin nahi duela. Eta horrekin batera, baiezkoa emango genukeenon datua %68 ingurukoa da.

Ez du atzera bueltarik beraz.

Ez. Hemen azpimarratzekoa da lehertze hori herritik sortu dela, eta ez alderdi politikoetatik. Hedabideek «Marsen desafioa» dela diote baina oker dabiltza, ez baita Marsen erronka, katalanena baizik.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, Herrialde Katalanek eta Euskal Herriak badituzte antzekotasunak. Katalanek nola ikusten duzue euskaldunen egungo egoera?

Euskaldunak oso bide onetik doazela uste dut. Aro bat gainditu dute eta datuak ezagutzen ez ditudan arren, Euskal Herriak independentzia lortzeko gogo hori badu lehendik ere. Orain arteko lidertza politikoa alderdi nazionalista batek izan du, EAJk. Baina gizartea kalera ateratzen bada eta zerbait eskatzen badu, horrek balioko du. Gure Esku Dago egitasmoko arduradunekin hitz egin dudanagatik, oso bide onetik doazela uste dut, pixkana-pixkana bidea irekiz.

Ekainaren 8ko giza-katea erreferentzia izatea irits daiteke?

Nik lortuko dugula uste dut, bai katalanok eta baita euskaldunek ere. Eta Espainiari eraberritzea besterik ez zaio geratuko; politikan eta ekonomian sortu duten hondamendi hori berregin beharko dute.

Herritar xumeek asko egin dezaketela helaraziko duzue bihar, beraz?

Bai. Indar horrek izan behar du aurrerantz egingo duena eta indar horrek behartu behar ditu alderdi politikoak buruan jartzera, baina benetan. Ordezkari politikoeek ez dute lema hartu behar lehia politiko bat irabazteko; independentzia nahi duten alderdiek bat egin behar dute beren diferentziak alde batera utzita. Ni oso gustora nago, adibidez, ERC eta CIU lanean batera ari direlako. Argi dago bakoitzak bere eremu politikoa eta bere ideologia duela, baina bada biek nahi duten zerbait: Herrialde Katalanak independentziaraino eramatea. Horrela, elkarlanerekin adostasunetara iristen ari dira, gutxienez, bozka eman ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!