Harituz bertso txapelketa

Zizurkil eta Andoain, finalerdietan

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 10a, 13:49
Zizurkilgo taldeak Alegiari irabazi zion etxean, eta andoaindarrek tolosarrak garaitu zituzten. Bi saioetan aretoak bete dira.

ZIZURKILGO SAIOA: OIHANA IGUARANEN KRONIKA

Harituz Herriarteko I. Bertsolari Txapelketako laugarren kanporaketa jokatu zen ostiralean (hilak 7) Zizurkilgo zentroan. Alegiko taldea lehiatu zen zizurkildarren aurka. Saio bizia eta maila handikoa osatu zuten biek ala biek, umore kolpe zein arrazoi onak eskainiz. Zentroa jendez gainezka zen, hainbeste, non leihoak ere kendu behar izan baitziren jendeak kanpotik saioa entzun zezan. 80 lagun inguruk jarraitu zuten saioa, hasieratik bertsolarien konplize. Agurretik lehertu zen barrez jendea, bertsolari mozorratuek antzerki eta guzti hasi baitzuten saioa. Azken epaiak, Zizurkilgo taldea eman zuen garaile, boto bakarraren aldearekin.

TOLOSAKO SAIOA: BEÑAT IGUARANEN KRONIKA

Oraindik aurreko eguneko saioaz gozatzen ari ginela, larunbat gauean tolosako Orbela tabernan jokatu zen bigarren finalaurdena. Hasi aurretik ikusten zen giro beroa izango zela, leporaino beteta baitzegoen; agurrean
norbaitek esan zuen bezela, han egon ginen denok "sardinak latan bezela". Saioa umorez hasi zuten bi taldeek, agurra karnabaletako doinuekin kantatuz eta jendea dantzan ipiniz. Behin agurrak bukatuta, saioak umorez jarraitu zuen, sei bertsolariek utzi zituzten ale bikainak eta jendea ere oso gustora geratu zen bertan entzundakoarekin.

Batek egin behar aurrera eta Andoain izango da lehen finalerdian Zizurkilen arerio. Hau hasi besterik ez da egin eta hurrengo astean izango dira beste bi finalaurdenak: ostiralean, Anoetan anoetarrak berastegiarren zain izango dira eta larunbatean derbi kutxuko saioa izango da villabonako gaztetxean, Villabona & Amasa lehia ikusteko aukera izango baitugu.

Honenbestez, Andoainen aurka lehiatuko dira zizurkildarrak finalaurrekoan. Orain arteko saioetan osoena izan zen Zizurkilgoa, maila bikaina eman baitzuten sei bertsolariek, ariketei azkar eta ondo erantzunez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!