"Euskararen alde egiten dugun lanaren aitortza jasotzea eskertzekoa da"

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 19a, 09:00
Gorka Igartua zuzendaria ziurtagiria jasotzen.
Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko zuzendaria da Gorka Igartua. Plangintza estrategikoan zuten helburuetako bat zen Bikain ziurtagiria lortzearena. Ikastetxea D eredukoa izanik, euskararekin eta euskal kulturarekin duten konpromisoari jarraituz, euskararen alde egiten duten lanaren aitortza izan dela adierazi du ziurtagiria. 2013ko ikasturtearen bukaeran, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Bikain Ziurtagiria lortzeko ebaluazioa eskatu zuten.

Nolakoa izan da Bikain ziurtagiriaren ebaluazioa? Euskaliteko eskaerari erantzunez aurretxostena eta behar adina eranskin bidali genituen, euskararen inguruko gure kudeaketa azaltzen zutenak, Arantza Goenaga Ulibarri proiektuko arduradunak adierazten zigun moduan. Bikainek aztertzen dituen lau ardatzekin lotuak: Komunikazio eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa.

Zein arlo neurtzen ditu ziurtagiri honek? Ebaluazio honek aipatutako 4 ardatz horien inguruan ikastetxeak zehaztutako jarraibideak eta horien sendotasun eta hedapena neurtzen ditu. Urria eta azaroa bitartean ebaluatzaileen bisitak jaso genituen eta azkenik, abenduan, ebaluazio-txostena. Aldi berean, horretarako beharrezko formakuntza jaso ondoren, ikastetxeak izendatutako ebaluatzaile bat , beste erakunde bateko ebaluazio-lanetan aritu zen, ebaluatzaile-kluberako pertsona bat izendatzeko konpromisoa hartzen baitute ziurtagiriaren eskaera egiten duten erakundeek.

Ekimenen balorazioa eta hobetzeko lanak sumatzen al dituzue? Esperientzia interesgarria da, ezagutza eta praktika onak konpartitzeko aukera ematen duena eta bikaintasuna eta euskara gerturatzeko baliagarria dena. Ebaluazio prozesu honen emaitza ebaluazio-txostenean jasotzen da, non erakundeak dituen indargune eta zer hobetuak azaltzen diren, eta baita ere aurrera egiteko ideiak.

Nolako ekitaldia izan zen, eta zenbat saritu izan zarete guztira? Iazko urteko abenduan Bilboko EITBko egoitzan egin zen ekitaldian, beste 35 erekunderekin batera, gure ziurtagiria jaso genuen. Gaur egun 157 dira Bikain ziurtagiria lortua duten erakundeak, 48k goi-mailakoa, 66k tartekoa, eta 43k oinarrizkoa dute. Hauen artean oso ezagunak diren hainbat aipatzearren, Eroski, AEK, Gipuzkoako Foru Aldundia, Fagor, Artium, Euskaltel eta CAF aurki ditzakegu, besteak beste. Gure izena ere, 2013tik aurrera, zerrenda horri, ziurtagirien entrega ekitaldian zioten bezala, euskararen zerua betetzen duten izarren zerrendari gehitu behar zaio. Erakunde horietatik guztietatik bederatzi izan ginen goi-mailako Bikain Ziurtagiria lortu genuenak; harro sentitzeko aukera ematen digu honek.

Askoren lana izan al da Bikain ziurtagiri hau jasotzearena? Bai, beharrezkoa izan da ikastetxeko partaide guztien inplikazioa, azken finean, guztion proiektua da. Guztiona da euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa, ikastetxeko balioen arteko bat euskalduntasuna baita. Eskertzekoa da egunero-egunero euskararen alde egiten dugun ahaleginaren aitortza jasotzea eta horrek, aldi berean, lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Ekinez eta ekinez lortzen baita ametsak egia bihurtzea, euskararen zerua izarrez betetzearena, euskararentzat zeru zoragarri zirraragarria lortzeko ahaleginetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!