Egungo espetxe politikarekin bukatzeko garaia dela esan du Etxeratek

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 17a, 12:07
Etxeratek urteko batzarra egin zuen igandean Tolosan, eta bertan "espetxe politika honekin amaitzeko garaia da" esan zuten. "Hemen batuak gauden senide, lagun eta ahaideok, aurre egin izan diogu errealitate anker honi. Hala ere, gogora ekarri nahi genituzke eta aipamen berezi bat egin, sakabanaketari aurre egite horretan bidean geratu diren horiei", esan zuten.

Etxeratek espetxe politikak biktimak eragiten dituela nabarmendu zuen igandean, Tolosan egindako urteko batzarrean. Hamairugarren batzar orokorra izan zen eta aurten "gure senide presoei, sakabanaketa politika era sistematizatu eta orokorrean aplikatzen hasi zirenetik 25 urte igaro" direla esan zuten.

Era berean, sakabanaketak "apurtutako" 16 familiak ekarri zituzten gogora; "euren senide presoak bihotz-bihotzez laztantzeko hileroko aukera bakar horren bila, milaka kilometro bidaiatzen ari eta ezin itzuli geratu zirenez ari gara. Bikoitz apurtutako sendiak".

"Jasangaitza eta onartezina da, hemen batu garen senide eta lagunen sufrimenduaren gainetaik salbuespeneko neurriak aplikatzea. Noiz arte jarraituko duzue sufrimendu hau eragiten? Noren mesederako? Zein helbururekin?", galdetu zuten.

Espetxe politika honen biktima izateaz nahikoa dela esan, eta gaineratu zuten "ez dugu onartuko sufrimendu gehiago eragin dadin osatzen dugu familia handi honetan, ezta garaipen ez porrot politikoen ikurrik egin dadin ere, giza eskubideez ari garenean, pertsonez ari garenean".

Bukatzeko, aurten gauzak aldatuko direnaz ziur daudela esan zuten, "gure partetik ahal dena eta gehiago egiteko prest gaude honela izateko, sakabanaketarekin eta salbuespen neurriekin behingoz amaitzeko. Batzar honetatik, denon konpromisoaz lortzeko gai garenaz ziur ateratzen gara! Etxean nahi ditugu!".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!