'Quebranta'ren ondoren, Olano martxa

Asier Imaz 2014ko urt. 29a, 09:34
11 tontor Gipuzkoan zehar
Oriako Txirrindulari Eskolak antolatutako proban izena emateko epea astelehenean zabalduko dute.

Quebrantahuesos txirrindulari proba ospetsua ekainaren 21ean izango da Sabiñanigon (Huesca). Eskualdetik zikloturista ugarik hartuko dute parte bertan, urtero bezala. Izena emateko epea zabaldu orduko, egun berean, plaza guztiak bete ziren, eta asko kanpoan gelditu zen. Hauek, edo Huescako lasterketari jarraipena eman nahi diotenek, I. Abraham Olano Zikloturista Martxa izango dute, astebetera.

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatu du ekainaren 29ko proba. Bi aukera egongo dira, luzea eta motza. Lehenengoan, txirrindulariek 194 kilometro egin beharko dituzte. Bataz besteko malda 4.280 metrokoa izango da, eta guztira, hamaika tontor gaindituko dituzte. Izen emateko epea, otsailaren 3an zabalduko dute.

Abraham Olano aritu da ibilbidea diseinatzen. Anoetarrak martxaren filosofiak eskolarenarekin bat egiten duela dio: «Oriakon 40 txirrindulari inguru ditugu, eta kategoria guztietan antolatzen ditugu probak, zikloturistentzat izan ezik. Hutsune hori betetzera dator ekainaren 29ko martxa. Bestalde, txirrindulariak familia osoarekin joaten dira probetara, eta zikloturista martxaz gain, trekking bat antolatuko dugu egun horretan. Modu horretan, lasterketa ikusiz, ikusleek egun pasa egiteko aukera izango dute».

Trekking proban parte hartzen dutenek lasterketa lau mendatetan jarraitzeko aukera izango dute. Bazkari gunea, Mandubiko jatetxearen ondoan egongo da, eta bertara, antolakuntzak autobusa jarriko du, lasterketa amaiera helmuga bertatik ikusteko.

Quebrantahuesos probari konpetentzia egin nahian ote dabiltzan galdetuta, Olanok zirkuitu baten eskeman sartu nahi izan du euren lasterketa. Horrez gain, Huescako probara joan ezinik gelditu direnentzat, lekua egin nahi izan dutela dio anoetarrak.

Zikloturista martxa ostiral honetan aurkeztuko dute Tolosako udaletxean. Abraham Olanoren esanetan, ekainaren 29an Tolosako irteera puntuan hainbat txirrindulari profesional ohi egongo dira, nahiz eta izenak oraindik ezin dituen esan. Zurrumurruak martxan dira.

 

Aitor Elduaien. Kirol kazetaria

«Gipuzkoan horrelako proba bat sortzea oso istorio polita da»

Probaren berri izatean, 'Quebranta' etorri al zitzaizun burura?
Zalantzarik gabe. Izena emateko izaten diren zailtasunak eta abar ikusita, aurrez, Euskal Herrian oso proba politak sortu zituzten, Irati Xtreme horren adibide. Gipuzkoan horrelako itzuli bat sortzea, hemen dagoen zikloturista kopurua ikusita, istorio oso polita da.

Zer da zuretzat zikloturismoa?
Bizikletan disfrutatzen jakitea. Horrek esan nahi duenarekin; lagun artean ibiltzea, tropel batean ibiltzen jakitea..., baina batik bat, eskaintzen zaizun ibilbide horretaz gozatzea. Gozamen hori etor liteke norbere erronkaren barruan marka itxuran, baina nik uste, zikloturista proba batek hortik haratago egon beharko lukeela.

Lehiakortasuna bultzatzen lehenak, askotan, kazetariak dira?
Zalantzarik ez. Quebrantahuesos-en ez dago berez saririk edo podiumik, baina kazetariok beti esaten dugu aurrenekoa zein izan den.

Korrika edo bizikleta gainean, errepidean edo mendian, proba 'xtreme' hauek modan daude.
Horrela da, eta zergatia jakiteko azterketa soziologiko bat egin beharko litzateke. Generoari begiratuta, bistakoa da gizonezkoak harrapatzen dituela bereziki; adin tartea, 30-45 urte...

Norberak bere azterketa egin zaleak gara, zein da zure ondorioa, esaterik baldin badago, behintzat.
Ni ere adin tarte horretan nago, eta egia da nire inguruan nabarmen ikusten dudala, eta ez daukat ezkutatu beharrik, asko eta askori zein bizitza etapa tokatzen ari zaigu. Bikote bizitzatik familia bizitzara pasa gara, eta hori soziologikoki aztertu beharko litzateke. Adibidez, aitaren papera zertara bideratzen den gizarte honetan. Horren azterketa sakona egiten hasiko bagina, gauza askotan sartuko ginateke: bikote bizitza, bikote estiloak, familiari dedikazioa edo ez dedikazioa...

 

Iñaki Arratibel. Kirol medikua

 

«Bizikletan asko ibiltzen den jendearentzat izan beharko luke»

Nolako proba dela esango zenuke ekainaren 29koa?
Gogorra edo oso gogorra. Penditza handia dauka, mendi asko igotzen dira... bizikletan asko ibiltzen den jendearentzat izan beharko luke. Hasi berri bat horrelako proba batekin hastea, ez litzateke logikoa izango. Hala eta guztiz ere, bai Euskal Herrian eta batez ere Gipuzkoan jende asko dago bizikletan ibiltzen dena, eta aurreko asteburuan Quebranta egingo duena. Jende horrentzat hilabete gogor baten barruko beste proba bat izango litzateke.

Astebete nahikoa al da errekuperatzeko?
Prestakuntza ona bada, bai. Gutxi ibili eta helburua Quebranta baldin bada, gero bigarren proba bat egitea, ezinezkoa izango litzateke.

Nolako prestakuntza izango litzateke egokia?
Lana eta bizimoduak kontuan hartuta, asteko egunetan forma mantentzeko ordu batzuk sartu beharko lirateke, eta asteburuak aprobetxatu kilometroak egiteko, lau-bost ordu ibiliz.

Ez da brometako kontua.
Ez. Gutxi prestatuta dagoenarentzat osasunerako arriskutsua litzateke.

Berria izatean zer pentsatu zenuen.
Bere garaian berak horrelakorik ez zuela egiten esan nion prestatzen aritu denari. (Barreak).

'Quebranta'-ren tankera du, ezta?
Irteera polit bat izatea gustatuko litzaidake, ez lasterketa bat. Ibilbidea, mendateak... aurrez gogorra baldin bada, presio psikologikoekin hasten bagara, denbora hau egin nahi dut edo bestea, oraindik eta gogorragoa izango da. Ez diezaiogun zailtasun gehiago jarri, lehendik ere gogorra den probari. Nire ustez Quebranta horretan bilakatzen ari da. Denborak asko kontatzen duela dirudi, eta hori helburu bihurtu dela dirudi. Uste dut beste modu batera hartu behar dela, irteera bezala: hobeto joaten bada, ondo, eta bestela, ez da ezer pasatzen.

 
 

Abraham Olano Martxa

Ibilbidea. Txirrindu gainean, luzea 194 km; motza, 48 km. Oinez, trekking-a, proba bertatik bertara puntu desberdinetan ikusteko.

Bataz besteko malda. Proba luzearena: 4.280 m.

Data. Ekainak 29, igandea.

Mendateak. Lasterketa luzean, hamaika tontor.

Izen ematea. Otsailaren 3tik ekainaren 27ra, www.kirolprobak.com webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!