Txapeldun guztiak izango dira Antton Pebet Memorialeko finalean

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 2a, 09:58
Larunbatean, urtarrilak 4, izango dira txapelketako azken partidak. Finalista guztiak beren lurraldeko azpitxapeldunak eta txapeldunak dira.

 

 
 

Kadeteak

Moron-Aizpuru
Zubizarreta-Murua
 
 

Jubenilak

Labaka-Erasun
Laso-Sarasa
 
 

Nagusiak

Ojuel-K. Galarza
Santxo-Urruzola

 

 

Larunbatean izango dira II. Antton Pebet Memorialeko finalak. Jaialdia 17:30ean hasiko da eta sarrera doakoa izango da. Ez dira edonolako partidak izango, gainera, izan ere finalista guztiak beren lurraldeko txapeldunak edota azpitxapeldunak dira.

Kadeteetan Moron-Aizpuru, eta Zubizarreta-Murua ariko dira; jubeniletan Labaka-Erasun, eta Laso-Sarasa; eta nagusietan Ojuel-K. Galarza, eta Santxo-Urruzola.

Jubenilen arteko partidan Erasun eta Labakaren arteko partida ikusi ahal izango da. Behar-Zana taldeko arduradunen hitzetan, etxean bezala ariko dira, izan ere, batetik bertan entrenatzen dutelako Lizaso, Erreka, Loidi, Errazkin eta Arruti pilotariekin, eta bestetik, zale asko joango direlako animatzera. "Labaka eta Lasok ikuskizun bikaina erakutsiko dute aurrean, eta Erasun eta Sarasak beraien arteko borroka izango dute, bizkarra nork gehiago erakutsi eta pilota gutxiago nork galdu", azaldu dute.

Nagusien arteko eta finaleko azken partida ere bikaina izango da, denak baitira txapeldunak. Santxo eta Urruzola Gipuzkoako Ohorezko mailako txapeldunak dira, Ojuel Gipuzkoako lehen mailako txapelduna (Aizpitarte izan zuen bikote Urbieta eta Arrutiren kontrako partidan) eta Kerman Galarza Bizkaiko lehen mailako txapelduna da.

 

 

 Asteburuko finalerdiak

 
 

Kadeteak

Moron-Aizpuru  22
Irazustabarrena-Aizpitarte 17

Zubizarreta-Murua 22
Garcia-Cordon 12
 
 

Jubenilak

Labaka-Erasun 22
Arteaga-Salegi 16

Laso-Sarasa 22
Elordi-Aburuza 7
 
 

Nagusiak

Ojuel-K. Galarza 22
Urretabizkaia-Erreka 20

Santxo-Urruzola 22
Urbieta-Iturriaga 13

 

Asteburuan izan dira finalerdiko partidak eta Behar-Zana pilotalekua jendez gainezka egon zen.

Larunbatean, jaialdia hasi baina bi ordu lehenago, Zezeaga pilotari arrasatearrak, Joxe mari Zezeaga pilotari ohiaren semeak, azken uneko osasun arazoak medio ezin zuela jokatu esan zuen eta antolakuntzak berehala aurkitu zuen ordezkoa. Eta ez edozein ordezko, Julen Aizpuru baizik. Asteasuko pilotariak ezin izan zuen txapelketan parte hartu orkatilan bihurritua izan zuelako. Hala, luxuzko ordezkoa bilatu zen Moron bere aurrelari arrasatearrarentzat. Izan ere, Aizpuru Euskal Herri mailan egon daitekeen kadete onenetakoa da eta egungo Gipuzkoako azpitxapelduna eskuz binaka. Hala, Moronekin, Irazustabarrena eta Aizpitarte bikote alegiarra 22-17 gailendu zuten. Alegiarrak partidu bikaina egin zuten arren  ezin izan zuten finalerako txartela lortu. Dena den, itxura bikaina eta maila oso ona dutela erakutsi zuten.

Igandean, aldiz, Zubizarreta eta Muruari zegokien jokatzea. Lehena eskuz binakako Gipuzkoako txapelduna da eta bigarrena, berriz, eskuz banakako azpitxapelduna. Beraien aurkariak Iruñeako Oberena taldeko Garcia eta Cordon izan ziren, Nafarroako azpitxapeldunak. Zubizarreta eta Muruak 22-12 irabazi zuten.

 

Jubenil mailari dagokionez, Gipuzkoako txapeldunak Nafarroako txapeldunen aurka aritu ziren. Labaka eta Erasun zizurkildarrek Arteaga lasartearrari eta Salegi zestoarrari 22-16ko emaitzaz irabazi zieten. Partida gogorra izan zen eta aurrean tanto ikusgarriak izan ziren. Atzean berriz, Erasunek Salegi baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen eta bizkarra gehiagotan erakutsi zion. Beraien aurkariak Laso eta Sarasa izango dira finalean. Laso eta Sarasak igandeko finalerdiko partidan 22-7 irabazi zieten Iurretako Elordi eta Bidaniako Aburuzari. Lasok aurrean tanto ikusgarriak egin zituen eta kolpe bizia erakutsi zuen. Sarasak aldiz, atzean Aburuza baino hobeto aritu zen pilotari biziago emanaz.Nagusien mailako Santxo eta Urruzolak 22-13 irabazi zieten Urbieta eta Iturriagari. Lau izen handi kantxa gainean non Urruzolak egun Euskal Herri mailan dagoen atzelari onenetakoa dela erakutsi zuen. Bi errebote jo zituen, kantxa asko zaindu, eta defentsan ere bikain egin zuen lan. Santxo seguru eta serio aritu zen, pilotari oso bizi emanez eta Urbietarekin aurrean nahastu gabe. Asteasuko Xabi Urbieta, egungo aurrelari onenetakoa denak, ez zuen bere eguna izan,  horren erruduna Urruzola herrikidea izan zen, ia aurreko koadroetan pilotarik ez baitzion utzi. Sartagudako Iturriaga bere aldetik, dominatua sentitu zen ia partida osoan eta Urruzolak baina gutxiago jo eta pilota gehiago galdu zuen.

Beren finaleko aurkariek ere asko izerditu zuten finaleko txartela lortu ahal izateko. Ojuel eta Galartzak 22-20 estu batekin irabazi zieten Urretabizkaia eta Errekari igande goizean. Urretabizkaia ikaztegiarrak golpe bizi eta freskoa erakutsi zuen eta tantoa ederki amaitzen dakiela ere bai. Ustaritzeko eta Behar-Zanako pilotaria den Errekari, erritmo falta nabarmendu zitzaion arren, lan oso txukuna egin zuen eta pilotari onenekin egoteko gaia baduela ikusi zen. Ojuel eta Galarzak, lanerako eta sufritzeko gaitasuna azaleratuz finalerako txartela irabazi zuten. Ojuelek gainera kolpe elektrikoa erakutsi eta aurrean tantoa erraz amaitu zuen. Galarzak, bukaeran jaitsi bazen ere, maila oso polita erakutsi zuen.

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!