«Bakea lortzeko urratsa»

Tolosaldeko Ataria 2013ko abe. 20a, 07:00
Urtarrilaren 11rako egun osoko egitaraua prestatu dute, eta Bilbora joateko deia luzatu dute

Garazi Jauregi (Ikaztegieta, 1992) eta Zizurkilen bizi den Rosa Zabaleta (Urnieta, 1958) dira Tantaz Tanta ekimeneko kideak.

Urtarrilaren 11n Bilbora joateko deialdia egin duzue. Urteroko zita bilakatu den hitzordua, aurten, ez da azken urteetako berdina izango.

Urtarrilaren11n, milaka ur tantek itsasoa egingo dugu Bilbon. Herritarrak gara, sakabanaketaren amaiera eta espetxe politikaren aldaketaren motorea. Mobilizazio honekin herritarrei protagonismoa eman nahi diegu, herritarron esku hartze erraldoia izango da. Aldaketa eragiteko, pertsona bakoitzak egin dezakeen ekarpenak duen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi dugu. Ez soilik urtarrilaren 11n, baizik eta egunerokoan, gure auzo eta herrietan. Aurtengoan ez da pankartarik izango, ezta ere politikarien adierazpenik. Egun horretan, Bilbon, ahalik eta eremu publiko gehien okupatzea da asmoa. Egun osoko egitaraua prestatu da horretarako, goizeko 09:30ean hasi eta gaueko 22:30etara luzatuko dena.

Deitzaileak ere ez dira berdinak.

Irailean, Herrira mugimenduaren aurka emaniko sarekada eta bere jardunaren suspentsioak agertoki berri bat utzi du. Herrira legez kanpo utzi duten arren, agerian geratu zen, badela Euskal Herrian sigla guztien gainetik, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendu zabal eta sendo bat. Egoera honetan, sektore ezberdinetako pertsonen inplikazioarekin, azaroaren 9an, Gernikan, Tantaz tanta ekimena sortu zen. Ekimen hau, ez da antolakunde edo erakunde bat, eta ez dator inolaz ere, aurretiaz egon zitekeen mugimendu bat ordezkatzera. Egungo egoerak sortzen duen kezka eta berau aldatzeko nahiak bildu dituen herritar sare bat da, urtarrilaren 11ko itsasoa sustatzea helburu duena, giza eskubideen errespetuari, konponbideari eta bake egoera erdiesteko bideari bere ekarpena egin nahi diona.

Tantaz tanta irudikatu nahi den itsasoaren aldarri nagusiak zeintzuk dira?

Euskal herrian urte luzeetan bizi dugun gatazka politikoak, zauri eta sufrimendu asko eragin ditu. Eta tamalez, badira oraindik ere samina eragiten duten egoerak ere; espetxe politikak eragiten duena hain zuzen ere. Hortaz, pertsona guztien giza eskubideen errespetua, zein presoei, iheslariei eta haien gertukoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien desagerpena eskatzen dugu. Gure eskakizunak, sakabanaketaren amaiera eta gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen askatasuna dira. Sinetsita gaude, Euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politikaren aldaketa, konponbidea eta bakea erdiesteko urrats ezinbestekoa dela.

Bilboko olatu erraldoiak zer uztea espero duzue?

Jakitun gara, euskal jendartearen gehiengoa ados dagoela espetxe politikaren aldaketa ematearen beharrarekin. Baina egoera aldatzeko, hau da, sakabanaketarekin amaitzeko adibidez, behar-beharrezkoa da ados gauden herritarrok egin dezakegun horretan sakontzea. Estatuen jarrera argia da, ez daude prest inolako urrats positiborik emateko espetxe politikaren baitan (adib. Sevillako kasua). Baina gu konbentzituta gaude estatua behartu daitekeela aldaketak ematera, gakoa herritarrak gara. Gutako bakoitzak egin dezakeen horretan dago klabe nagusia. Bakoitzak, bere eremuan, egunerokoan, bere ondar aletxoa jarriz. Guk hori bultzatu nahi dugu, hau da, zer da nik, zuk, hark egin dezakedana aldaketa eragiteko? Urtarrilaren 11ko mobilizazioak horretan lagundu nahi du. Pertsona bakoitza protagonista gara, bai egun horretan eta baita aurrerantzean ere. Urtarrilaren 11ko itsasoa herriz herri zabaltzea izango da espetxe politikaren aldaketa ekarriko duena.

Urtarrilaren 11a baino lehen, eskualdean bertan, beste hainbat ekimen antolatu dituzue.

Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko mobilizazio andana dago antolatua Tolosaldea mailan. Adibidez abenduaren 24an Tolosan eta Villabonan izango ditugu mobilizazioak, azken urteetan egin ohi den bezala. Bestetik 27an urteko azken ostirala dugu eta hilero egin dugun bezala herriz herri elkarretaratzeak burutuko dira. Ezin ahaztu ere abenduaren 31n urte zaharreko mobilizazioak antolatu direla eskualdeko herri ia denetan. Bestetik, urtarrilaren 11ko mobilizazioari ekimen ezberdinak antolatuko dira herri ezberdinetan.

Hitzordu hauen garrantzia nola azalduko zenioke herritarrei?

Data bereziak dira guztiontzat, baita indarrez etxetik urrun daudenentzat ere. Horregatik garrantzi berezia hartzen dute data hauetan bidaltzen ditugu elkartasun eta babes mezuek. Herritarron presioaren ondorioz estatua pausuak eman beharrean ikusi behar da eta horretarako ezinbestekoa dugu gero eta tanta gehiago biltzen joatea, itsasoa lortzeko. Guztiok gara ezinbesteko itsaso hau lortzeko, bakoitzaren konpromisoa izango da giltzarri pausuak ematen jarraitzeko.

Presoak

Andoni Otegi Eraso. 2002-09-20. 11 urte, Kazeres.

Iñigo Otazua Urresti. 1994-10-24 19 urte Salamanca.

Juan Mari Mujika Dorronsoro. 2012-07-04. Urte eta erdi, Valentzia.

Andoni Goikoetxea Gabirondo. 2013-05-07. Urte erdia, Frantzia.

Ana Belen Egues Gurrutxaga. 2001-11-06. 12 urte, Algeciras.

Maite Aranalde Ijurko. 2010-05-21. 3 urte eta erdi, Frantzia.

Txus Goikoetxea Garralda. 2001. 12 urte, Sevilla.

Garikoitz Etxeberria Goikoetxea. urrutxaga. 2007-01-09. 7 urte, Sevilla II.

Karlos Besance Zugasti. 2010-09-29. 3 urte Huelva.

Mañex Castro Zabaleta. 2009-02-28. 5 urte, Puerto III

Eneko Galarraga Godoy. 2008-03-25. 6 urte, Ocaña.

Iñigo Guridi Lasa. 2001-02-22. 13 urte, Puerto II.

Joxe Mari Olarra Agiriano. 2007-11-30. 6 urte, A Lama.

Emilio Salaberria Etxebeste. 2002-03-25. 12 urte, Curtis.

Oskar Zelarain Ortiz. 2002-09-20. 11 urte, Castellon.

Julen Zelarain Errazti. 2001-10-31. 12 urte, Huelva.

Mikel Egibar Mitxelena. 2007-11-30. 6 urte, Zaragoza.

Ander Geresta Azurmendi. 2000-05-26. 13 urte eta erdi, Zaragoza.

Aitor Agirrebarrena Beldarrain. 2002. 11 urte, Puerto III.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!