Emakumeen aurkako indarkeria

Argi gorria emakumeenganako indarkeriari

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 23a, 15:16
Astelehenean Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela eta, eskualdeko manifestazioa izan da gaur, Tolosan.

Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxak antolatuta, emakumeek libre sentitu nahi dutela aldarrikatu dute gaur Tolosan egin den manifestazioan. ELA, LAB, EHNE, Ikasle Abertzaleak eta Bilgune Feminista izan dira antolatzaileak, eta Triangulotik abiatu da, indarkeria sexista gaitzesteko martxa.

Batetik, azken hilabeteotan Tolosan gertatu diren eraso sexistak aipatu eta salatu dituzte, eta era berean, indarkeria sexistak eraildako emakumeak ere gogora ekarri dituzte manifestazioko adierazpenean. Bide honetan, "eraso hauen aurrean herritarrek mobilizazioetan emandako erantzuna txalotu" nahi izan dute.

"Emakumeek, emakume izate hutsagatik, egunero-egunero kalera irtetean hainbat indarkeria motari aurre egin behar" izaten dietela nabarmendu dute, eta emakumearen gorputza objektu moduan erabilia izan dela gizarte ia esparru guztietan. "Gure gorputzak gure territorio dira: gure mapa, gure boterea, gure identitatea, gure plazera, gure historia", aldarriakatu dute.

Horregatik, argi azaldu dute "nazka-nazka eginda" daudela ausart sentitzeagatik, eta libre sentitu nahi dutela: "Aske sentitu nahi dugu gure gorputzekin eta geure bizitzekin zer egin nahi dugun erabakitzeko. Gaur hemen gogoa ditugu euren borondatearen aurka egon ezin duten emakume horiek, badakigulako borroka feministak libre egingo gaituela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!