Bizilagunak ezagutu, norbera aberasteko

Imanol Garcia Landa 2013ko aza. 20a, 13:25
Bi familietako kideak, bazkalostean.
Abdelillah eta Hanane-ren etxean bazkaldu genuen igandean. Egia esan, bazkaldu bakarrik ez, egun osorako jan baikenuen. Marokoarrak dira biak, eta bere bi seme-alabekin, bost urteko semea eta hiru hilabeteko alaba, Tolosan bizi dira. SOS Arrazakeriak antolatu duen Bizilagunak egitasmoarekin bat eginez izan ginen bertan familiako hiru kide. Bertako jatorria duten eta etorkinen familiak elkar ezagutzeko ekimena da proiektua.

Topaketan, dinamizatzaile moduan, Idoia egon zen. Hain justu, Idoiarekin batera iritsi ginen beraien etxera, eta Abdelillahk ongietorria euskaraz egin zigun. Aitzol udal euskaltegian bigarren ikasturtea hasi du, eta bazkarian zehar saiatu zen bere euskara praktikatzen. Abdelillah arabiar filologian lizentziatua da, eta gustuko du hizkuntzak ikastea. Semea euskaraz moldatzen da, eta eskolatik itzultzerakoan eguna nola joan den euskaraz galdetzen dio. Hanane, bere aldetik, pixkana gaztelera ikasten ari da.
Gozatu ederra hartu genuen bazkarian. Entsaladarekin hasi ginen. Bi plater handi agertu ziren mahai gainean, ederki dekoratuta. Horren ondoren, oilaskoa eta haragi egosia etorri ziren, bakoitza plater handi banatan, eta haragi mota bakoitza bere osagarri eta bere saltsa motarekin. Berehala iritsi zen hainbat bizigarriren usaina, eta orain urte asko Marokora egindako bidaia etorri zitzaidan gogora. Horri guztiari laguntzeko, beraiek etxean egindako ogi benetan gozoa.
Bidaia hura tea hartzerakoan berriro bizitu nuen. Eta tearekin batera, postrerako, etxean egindako marrubizko jogurta, bizkotxoa eta almendrarekin egindako gailetak mahai gainean. Gonbidatuak ederki asetu ginen hainbeste jakirekin.
Bistan denez, janaririk ez zen falta izan; eta solasaldirik ere ez. Jaioterritik urrun hainbat urte daramatzatela jakin ahal izan genuen: Abdelillah-k 11 eta Hananek lau inguru. Abdelillah Katalunian, Kanaria uharteetan, eta azken urteetan Villabonan eta Tolosan bizi izan da, Hanane-rekin batera. Lanean jardun du Abdelillah-k hainbat urteetan, baina orain langabezian dago, eta familiak diru laguntza jasotzen du. Lana bilatzea oso zaila dagoela dio, eta etorkina izanik oraindik eta zailagoa.

Kulturaniztasunean murgilduta
Abdelillah-k eta Hanane-k hainbat egitasmotan parte hartzen dute. Esaterako, aurreko larunbatean Tolosako Babarrunaren Astearen barruan, babarrunak beren herrialdean prestatzen diren moduan sukaldatu zituzten, beste herrialde batzuetako familiekin eta Trianguloan izan zen aukera horiek dastatzeko. Aurreko urtean, Tolosa Goxua azokan parte hartu zuten, euren herrialdeko gozoak prestatuz.
Bestalde, Banaiz Bagara elkarteko kidea da Abdelillah eta elkarteak antolatzen dituen hainbat egitasmotan parte hartu izan du. Besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin batera Victoria Eugenian egin zen Gure Nahia, elkartasuna jaialdian parte hartu zuen. Orain gutxi, Aitzol udal euskaltegian hitzaldia eman du arabieraz, hizkuntza horretan mintzatzen direnei euskara ikastera eta erabiltzera animatuz.
Bazkarian beren kultura eta erlijioa gehiago ezagutu genuen, eta horri esker aberatsagoak gara eta gertuago sentitzen ditugu beste herrialde batetik gurera etorritakoak. Berriro elkar ikusiko dugu larunbatean, hain justu Donostiako Victoria Eugenia antzokian, aurtengo Bizilagunak egitasmoaren amaiera ekitaldian. Espero dugu aurrerago ere elkartzea, baina oraingo honetan gure etxean. Ea gu ere gai garen hain jaki gozoak prestatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!