ELKARRIZKETA

Uretara jauzi, ahizpatasunetik

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 24a

Lolak kolektiboko Amaia Ruiz de Galarreta ezkerrean. MARIO LEZAUN

Amaia Ruiz de Galarreta tolosarra kide den Lolak kolektiboak Zanbuila antzezlana aurkeztuko du gaur zortzi, Leidorren; hiru emakumeren artean egindako obra da, eta helburu du belaunaldi bat baino gehiagotako emakumeen bizitzetara salto egitea.

Lolak kolektiboa taldeak bere lehen antzezlana aurkeztuko du maiatzaren 29an, Tolosako Leidor aretoan: Zanbuila. 20:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak salgai daude leidorantzokia.janto.es web-orrian. Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarra da konpainia osatzen duten hiru kideetako bat; Esti Curiel zumaiarra eta Irene Hernando eibartarra dira beste biak.

Curielek duela urte batzuk egindako proiektu batean du jatorria antzezlanak. Zumaiako zenbait emakume elkarrizketatu zituen; guztiek zuten lotura itsasoarekin: senarra marinela zuten edo saregileak ziren. «Solasaldi haietan Esti (Curiel) jabetu zen, oro har, oso gutxi dakigula kostaldeko emakumeen bizimoduari buruz, eta harrituta geratu zen bakardadetik bizitzari aurre egiteko zuten gaitasunarekin», adierazi du Ruiz de Galarretak.

Elkarrizketa horietan jasotako informazioari tiraka, antzezlan bat sortzea pentsatu zuen zumaiarrak. Ruiz de Galarretarekin eta Hernandorekin hitz egin zuen, eta berehala eman zien baiezkoa; «oso interesgarria» iruditu zitzaien. Hori bai, baldintza bat jarri zuten: hirurak sortzaile, zuzendari eta aktore izatea, maila berean lan egitea, alegia. Hala, Lolak kolektiboa sortu zuten. «Beste proiektu batzuetan elkarrekin aritu izan gara lanean, baina hau da hirurok batera arituko garen lehena», esan du aktore tolosarrak.

Zumaiako emakumeak inspirazio-iturri izan ziren hirurentzat. Curielek egindako elkarrizketak entzun zituzten, gero pertsonaiak eta istorioa sortzeko. Itziar da protagonista —Ruiz de Galarretak antzezten du—, 39 urteko erizaina, eta krisian dago. Itziar etxez etxe joaten da sendaketak egitera. Behin, Karmen eta Arritxu ama-alaben etxera joaten da. 90 eta 50 urte inguru dituzte, eta zenbait gauzen falta sumatzen dute. Bada, biekin identifikatuta sentitzen da Itziar, eta ikasketa bat izango da haiekin elkartzea.

Zumaiako emakumeenak «istorio gogorrak» direla nabarmendu du Ruiz de Galarretak. Hala ere, Zanbuila ikusten duenak ez ditu istorio horiek guztiak ezagutuko; Karmen, adibidez, ez da emakume horietako bat, ez behintzat, bat bakarrik. «Karmenen pertsonaia sortzeko emakume bat baino gehiagoren kontakizunetatik hartu genituen ideiak. Hau da, kostaldeko emakume guztiak identifikatuta sentitzeko moduko emakumea da», esan du aktore tolosarrak. Urola Kostako herrian estreinatu zuten obra, eta emakume haiek joan ziren ikustera. «Hunkituta utzi zuten aretoa; ohore handia izan zen haientzat».

Bi pertsonaia gehiago daude antzezlanean, biak Itziarren lagunak: Ane eta Emilia. «Bakoitzak bere bizimodua du, eta Itziarrek ez du sentitzen harentzat nahikoa denbora dutenik; azkenean, lehertu egiten da. Orduan jabetzen dira zeinen garrantzitsua den elkar babestea», azaldu du Ruiz de Galarretak. «Premiazko hausnarketa batean murgilduko da Itziar, eta guztiek lagunduko diote itsasora zanbuila egiten», gaineratu du tolosarrak.

Eta zer da, bada, zanbuila egitea? Zumaian, uretara jauzi egiteari zanbuila egin esaten diote. «Antzezlan honetan, metaforikoki, uretara salto egiten dugu. Bizitzan arriskuak hartzearekin lotzen dugu. Jakin-mina piztu zezakeen izena iruditu zitzaigun, eta orain, askok galdetzen digute zer esan nahi duen».

Barregarria bezain hunkigarria

Bidaia hunkigarri bat da Zanbuila. «Hasieran, arina eta barregarria da, eta ikuslea oso identifikatuta sentitzen da pertsonaiekin eta eszenekin, baina gero, Itziarren krisiarekin enpatia du, eta barrenak mugitzen dizkio. Ez nuke esango komedia arin bat denik, sakontasuna duelako. Modu batera edo bestera astinduko dizkio barrenak ikusleari, eta momentu batek ala besteak hunkituko du gehiago». Ruiz de Galarretak esan du aktoreen nahia dela ikusleek ondo pasatzea, baina baita garai bateko bizimoduari buruz hausnartzea ere.

Ikusleak gaur egungo zein beste belaunaldi batzuetako emakumeen bizitzetara salto egitea nahi dute, ahizpatasuna erdigunean jarrita. Karmen eta Arritxuren etxean sentitzen du hori Itziarrek, eta kuadrillakoekin saiatzen da lantzen. «Haiekin egoteak laguntzen dio bizimodua beste modu batera ikusten; zenbat sufritu duten eta aurrera nola atera diren jabetzen da. Antzezlanak balio du gaur egun nola bizi garen ikusteko eta jabetzeko benetan ez dugula ingurukoentzat denborarik hartzen», adierazi du Ruiz de Galarretak.

Amaia Ruiz de Galarreta: «Antzezlanak balio du jabetzeko benetan ez dugula ingurukoentzat denborarik hartzen»

Zumaiako emakumeei egindako elkarrizketetan bazen Curielen arreta piztu zuen beste gai bat: emakume haiek gainerako herritarrekin osatuta zuten sarea. «Garaiak aldatu dira. Lehen etxe batean jende asko elkartu zitekeen; orain, berriz, norbera bakarrik egoten da. Haurrak hezteko modua ere asko aldatu da».

Antzezlanaren helburua ere bada ikusten eta entzuten ez diren emakumeen —kasu honetan, kostaldean bizi direnen— aurpegiak eta ahotsak ezagutarazi eta haiek egindako lana ikusaraztea. «Indartsuak ziren; zenbaitek, gainera, zortzi seme-alaba izaten zituzten. Gogoa eta ilusioa sentitu genuen, eta uste dut gure alea jartzeko modua topatu dugula. Zer bizimodu da hobea? Lehengoa? Gaur egungoa? Ez daukagu garbi, eta hausnarketarako bidea zabaldu dezake. Beti sentitzen dugu emakume asko bigarren planoan egon direla».

Bidelagun onak

Lolak kolektiboak zerotik landu du antzezlana. «Guk sortu dugu dena, eszenografia, jantziak nahiz testua, zuzendaririk gabe. Prozesuan asko landu dugu gure arteko komunikazioa, eta hori islatu dugu antzezlanean, askotan sumatzen genuelako komunikazio falta gure artean. Ez genuen nahi azaleko zerbait izatea», adierazi du Ruiz de Galarretak. Gaineratu du intentsitate handiko prozesua izan dela. «Entsegu asko egin ditugu; orduak eta orduak eman ditugu lanean, baina gustura aritu gara».

Iazko maiatzean egin zituzten lehen bilerak, eta aurtengo martxoan estreinatu zuten obra. Testu batetik abiatu ordez, dramatika-arkua sortu zuten. «Gero inprobisaziotik sortu dugu dena». Kepa Errastik eskatu zien hala egiteko; aktore aretxabaletarra izan da sormen prozesuan izan duten bidelagunetako bat. «Kanpoko laguntza oso lagungarria da beti. Guk ideia azaldu genion Kepari, eta berak bideratu gintuen zer bideetatik jo».

Kanpo begiradan izan dute beste laguntzetako bat, Iraia Eliasena. «Kanpotik inork ez badu zure lana aztertzen, objektibotasuna galtzen du. Ez du balio guk geure burua epaitzeak. Ia dena muntatuta genuenean batu zitzaigun, garbiketa bat egitera, obra fintzera. Esperientzia handia du eta elkarlanean aritu ginen», azaldu du Ruiz de Galarretak.

Azkenik, Dejabu konpainiak alor artistikoan lagundu ditu hiru aktoreak. «Haien lana zoragarria izan da. Ez ixteko esaten ziguten, gauza berriak probatzeko eta muturrera jotzeko. Oro har, jende oso ona izan dugu bidelagun, eta sekulako esperientzia izan da guretzat», esan du aktore tolosarrak.

Hala ere, dena ez da zuri kolorekoa izan Zanbuila antzezlanaren sortzaileentzat. Prozesuan «egun grisak» ere izan dituztela aitortu du Ruiz de Galarretak. «Aurrestreinalditik gertu ginela, sei eszena prestatzea falta zitzaigun obra benetan amaitzeko». Sufrimendua «gure lanaren parte» dela nabarmendu du tolosarrak, eta obra bat zerotik sortu duten honetan, «asko ikasten» ari dela. Aldi berean, «zoriontsu» sentitzen da, «nahi dudana egiten ari naizelako, eta nahi dudan jendearekin».

Geldirik ez, geratzeko bai

Ruiz de Galarretak, Curielek eta Hernandok elkarrekin egin dute zanbuila, eta oraingoz, oso pozik daude. Dagoeneko zenbait emanaldi egin dituzte, eta saio berriak lotzen ari dira. Tolosako saioaren aurretik, Zumaian, Eibarren, Getxon eta Donostian egin dute. «Ikaragarria izaten ari da. Eibarren, esaterako, Koliseoan aritu ginen. Orain, etxean aurkeztuko dugu».

Tolosakoa izango da uda aurretik egingo duten azken emanaldia, baina udazkenean eta neguan berriro igoko dira oholtzara. Urrian, Iruñeko Antzerki Aroa zikloan egingo dute saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta azaroan Azpeitiko 44. Euskal Antzerki Topaketetan, San Agustin Kulturgunean. Abendutik aurrera, berriz, Lezon, Elorrion eta Berrizen egingo dute Zanbuila.

Amaia Ruiz de Galarreta: «Zailena egin dugu, proiektu bat hastea, baina gure ibilbidea ez da hemen geldituko»

Aurrera begira, obrak sortzen jarraitzeko asmoa dutela baieztatu du tolosarrak. «Zailena egin dugu, proiektu bat hastea, baina gure ibilbidea ez da hemen geldituko. Burua beti daukagu martxan».

 

 

 

TALDE ARTISTIKO ETA TEKNIKOA

Lolak kolekiboa: Esti Curiel, Irene Hernando eta Amaia Ruiz de Galarreta.

Testua eta sorkuntza: Lolak kolektiboa.

Bidelaguntza artistikoa: Dejabu Konpainia.

Kanpo begirada: Iraia Elias.

Gidoiaren aholkularitza: Kepa Errasti.

Argi diseinua: David Alkorta.

Teknikaria: Eneko Barbero.

Argazkiak eta bideoa: Mario Lezaun.

Kartelaren diseinua: Maddi Astigarraga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!