ataria.eus

Bigarren karlistadaren kronika Tolosan eta Donostian

Historia  Tolosa

Jose Antonio Rekondok Bigarren Gerra Karlistaren xehetasunak bildu ditu liburu batean; Santa Kruz apaizaren eta Tolosako hainbat familiaren berri ematen du bertan

Jose Antonio Rekondo sendagile eta idazle tolosarrak La segunda Guerra Carlista en Gipuzkoa 1872-76. Tolosa y San Sebastian: dos modelos contrapuestos idatzi du. Historiako gertakizun garrantzitsu horren xehetasunak bildu ditu, eta Tolosa eta Donostiaren ezaugarri bereziak konparatu ditu, Santa Kruz apaizaren eta Tolosako familia ezagun batzuen inguruko datuak emanaz. Gaur aurkeztuko du Tolosako udaletxean.

Ez da Jose Antonio Rekondo Bravoren (Tolosa, 1944) lehen historia liburua. Bizitzan zehar medikuntzan aritu ondoren, erretiratu eta gero hasi zen alor honetan lanean. Lau liburu ditu aurretik argitaratuak, denak historiarekin eta Tolosarekin erlazionatuta: lehena frantsesen okupazioaz, bigarrena medikuntzaren historiaz XIII-XX. mendeetan, hirugarrena Tolosatik Iruñerako errege bideaz eta laugarrena Independentzia gerraz.

Bigarren karlistada hasi baino lehenagoko gertaera batzuk ere jaso ditu liburuan. 1868ko iraileko iraultzaren ondoren demokrazia iritsi zen Espainiara eta oraindik gaurkotasun handia duten gaiez lehen aldiz eztabaidatu ahal izatea ekarri zuen: monarkia ala errepublika, federalismoa, autodeterminazio eskubidea, Eliza eta Estatuaren arteko banaketa… «Liburu hau egiteko ideia aspalditik neukan, historia liburuak idazten hasi nintzenetik. Juan Garmendia Larrañagak aipatzen zidan Rekondada, nire arbaso karlistek burututako altxamendua, gaizki atera zena, eta horretaz ikertzera animatzen ninduen», dio Jose Antonio Rekondok. Bere herenaitonak, Jose Maria Rekondo Agirrek, zuzenduta Gipuzkoan 1870tik 1872ra huts egin zuten bi altxamenduak dira eta haren seme Juan Jose Rekondo Mujikaren oroitidazkiei esker informazio zabala lortu du haietaz. Santa Kruz apaizaren laguntza izan zuen bietan, nahiz eta pentsatzeko eta jokatzen modu oso desberdinak izan. Karlistadak beti gustuko gaia izan dituela aitortzen du idazleak, «denok hortik gatozelako».

INDUSTRIA GIZON LIBERALAK

Donostia eta Tolosa aztertu ditu bereziki Rekondok bere liburuan. «Harrituta gelditu naiz Tolosan errepublikazale asko dagoelako, plaza Zaharrean bere egoitza izanik eta udal hauteskundeetarako aurkeztuz. Gainera ez dira anarkistak eta elizak erretzen dituztenetakoak Andaluzian bezala, eliteko industria gizonak baizik: Bandres, Sese, Goñi, Yurrita, Arza, Sorrarain, Arkaute, Ollo…», dio. Txapel fabrikako Antonio Elosegi omen zen industria gizon karlista bakarrenetakoa. Familia horietako batzuk aztertu ditu bere lanean eta bi bandoetako kideak zituztela azaldu du.

Tolosa Gipuzkoako hiriburua izana zen hamarkada gutxi batzuk lehenago eta bere distira garaia pasea zen Rekondoren iritziz. Gehiengo karlista eta kontserbadorea zuen, batez ere, lur-jabeak eta baserritarrak. Eliza eta Kabildo osoa ere bai, noski. Baina industrian, komertzioan, Diputazioko, eta udaleko langileak eta beste lanbideetan liberal asko zegoen. Batzuk Donostiara alde egin behar izan zuten, liberalen hiriburua zazpi hilabeteko setioaren eta blokeoaren ondoren, udala han ezarriz.

«Miguel Dorronsoro diputatu nagusiak Tolosa herri aberatsa zela eta gerrarako asko eman zezakeela uste zuen, baina ez zen horrela, pobretuta zegoen, fabrikak ez zeudelako martxan eta nagusiek alde egin zutelako. Alkateak asko estutu zituen eta inork ez zuen alkate izan nahi», azaltzen du.

SANTA KRUZEN PAPERA

Aurrekari hauen ondoren, 1872ko abenduaren 20an hasi zen Bigarren karlistada Euskal Herrian, hirugarrena Espainian, eta Don Karlos 1876ko otsailaren 27an Frantziara erretiratu zenean amaitu zen. Gipuzkoan oso gatazka odoltsua izan zen eta Santa Kruz apaiz elduaindarra izan zen protagonista nagusietakoa, errukigabeko borrokaren aldekoa. «Ikerketan harritu naiz Santa Kruzek bederatzi hilabetez bakarrik borrokatu zuelako, irteera batzuk eginez. Hala ere, sekulako ospea lortu zuen. Bi urtez Hernialdeko parrokoa izan zen eta Tolosan lagun asko zituen», dio.

«Lehen karlistadaren ondoren denak nahikoa gustura gelditu ziren: foruak ez zituzten deuseztatu, Elizaren hamarrenak errespetatu zituzten, karlismoa ez zen bururik gabe gelditu… Baina bat-batean Italian iraultza izan zen, estatu pontifikalak desagertzen joan ziren Victor Manuelen mendean nazio bat sortzeko. Eta Espainian iraileko iraultza izan zen eta Gobernuak Eliza eta Estatua bereizteko neurriak hartu zituen. Gipuzkoan klausura komentuak kendu zituzten. Orduan Bigarren karlistadak erlijio jatorria dauka. Europan ere hala ikusten zuten: azken erlijio gerra», dio Rekondok.

Gerraren ondoren Canovas del Castilloren gobernu alfonsinoak gutxienez bostehun urtez indarrean egon ziren foruak edo autogobernu arauak bertan behera utzi zituen. Herri osoari zigor kolektibo gisa hartu zen neurria eta hurrengo hamarkadetan euskal identitate sentimendua handitu egin zen.

TOLOSAKO FAMILIAK ZATITUTA

Benetako gerra zibila piztu zen Euskal Herrian, bi pentsamolde desberdin kontrajarriz: Jainkoaren kausa eta tradizioa defendatzen zuen karlista eta errepublikaren alde eta mehatxatutako herriaren defentsan borrokatzen zuen askatasunaren boluntarioa. Bi bandoetan kideak zituzten Tolosako familiak izan ziren, betirako haserretuz elkarren artean. «Gerra erromantikoa dirudi, baloreen defentsan ari zirelako karlistak eta errepublikazaleek gizartean aurrerapenak behar direla uste zutelako. Baina gerrate gogorra izan zen, ehunka baserri erre zituzten», azaldu du.

Europan interes handiz jarraitu zuten gerra. Estatuko eta atzerriko aldizkariek erreportariak eta marrazkilariak bidali zituzten borroka lekuetara eta liburuan 200 marrazki jaso ditu Rekondok, iturri desberdinetatik lortuak, artxiboetan eta landa ikerketan lortutako informazio ugarirekin batera. Antonio Pirala historialariak gai honetaz idatzitako guztia aztertzeaz gain, Tolosako Udal Artxiboa, Artxibo Probintziala, Nafarroakoa, familiarrak eta Frantziako Liburutegi Nazionalean aurkitutako dokumentuak ikertu du egileak.

Rekondori oraingo honetan jorratu gabe gelditu zaion gaietako bat, Bigarren karlistadaren ondoren izan zen emigrazio fenomenoarena izan da. «Foruak kentzearekin batera, derrigorrezko soldaduska ezarri zen galtzaileentzat, karlistentzat. Orduan askok atzerrira ihes egin zuten, soldaduska ez egiteagatik. Nire birraitonaren seme gazteena Argentinara joan zen pilotari bezala. Irabazleek ez, haiek berrogei urtez soldaduskatik libratu ziren», adierazten du.

Horrekin batera, kezkatuta dago Aranzadiko Paco Etxeberria antropologoak gerra honetako lurperatzeak ez dituelako sekula aurkitu eta bere lana borobiltzeko hori lortu nahiko luke Rekondok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa