[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Ohetik jaiki eta ezer egiteko gai ez naizela egoten naiz sarritan»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abu. 10a, 09:26

Mendia maite du Koldo Etxabek (Tolosa, 1953). Betelun bizi da duela hogei bat urtetik, Nafarroan. Akainek transmititutako Lymeren gaixotasuna du.

Besteak beste, artikulazioetako mina, indar falta eta ezinegona, arnasteko arazoak eta bihotzeko gorabeherak izan ditu azken hilabeteetan. Ez da erraza izan ondoeza zerk eragiten zion jakitea, baina, azkenean, Alemaniako laborategi batean bere kabuz egindako analisi batzuek lasaitu dute: Lymeren gaixotasuna eta koinfekzioa dauzka. Akainek transmititzen duten gaixotasuna da Lyme izenekoa, eta, ziur ez badago ere, 2012an gertatu zitzaiola uste du. “Orain badakit zer dudan, eta antibiotikoekin eta beste hainbat gauzarekin sendatuko naizen itxaropena dut”.

Lymeren gaixotasuna duzu. Ez da oso ezaguna, ezta?

Gaixotasun asko transmititzen dituzte akainek; bakterio asko dituzte, eta horietako bakoitzak gaixotasun jakin bat sortzen du. Borrelia da bakterioa, eta borreliosia gaixotasuna. Baina Lyme izena jarri zioten, 80ko urteetan AEBetako Lyme hirian eta inguruetan bat-batean jende asko gaixotu zelako; orduan konturatu ziren akainek sortutakoa zela.

Noiz eta nola gaixotu zinen?

Duela bost urte izan zela uste dut, 2012an, baina baliteke 2007an gertatu izana ere. Ez dakit. Askotan joaten naiz mendira, oso gustuko dut, eta gehienetan akainen bat ekartzen dut bueltan. Medikuarengana joan izan naizenetan ez diote garrantzi handirik eman izan, eta hemen egiten dituzten analisiek ere ez dute ezertarako balio. Iazko azaroan hasi zitzaizkidan sintomak. Ordura arte izandako hainbat arazo ere honi egozten dizkiot orain.

Zein sintoma izan zenituen?

Sekulako ahuleziarekin hasi nintzen; artikulazioetako mina neukan, egonezin handia, arnasteko arazoak, bihotzeko gorabeherak… Neurriz kanpoko nekea neukan, ezina; ohetik jaiki eta ezer egiteko gai ez naizela egoten naiz sarritan.

Beste hainbat gaixotasunek ere sintoma horiek dituzte, ordea.

Balizko hainbeste sintoma dauzka, gaixotasun ikusezina deitzen diote. Medikuek uste dute gaixotasun hau egon daitekeela beste hainbaten oinarrian; fibromialgiaren, neke kronikoaren sindromearen edo lupusaren kasuetan, esaterako. Badago jendea fibromialgia diagnostikatu eta urte batzuk geroago analisiak eginda Lymek positibo eman diona.

Alemanian egin behar izan zenituen analisiak, zure kontu, Osakidetzak ez dituelako egiten gisa honetako azterketak, ezta?

Behin Alemanian analisiak eginda, AEBetara bideratu ninduen Espainian gaixotasun honi buruz zer edo zer dakien mediku bakarretakoak, eta beste bi analisi egin zizkidaten han. Emaitzek, sarri, negatibo ematen dute AEBetan ere, eta, gaixotasun hauekin, normalean, sintomak kontuan hartuta egin behar izaten dira diagnosiak.

Ba al dauka sendabiderik?

Ustez, bai; antibiotikoak hartuz senda daiteke. Duela bost bat hilabete hasi nintzen antibiotikoak hartzen. Hasieran, hamar bat egunera-edo, sintomak areagotu egin zitzaizkidan; edalontzia bera ere hartu ezinik egon nintzen bi egunez, minez, nekatuta. Seinale ona izaten da hori, hala ere, botikak euren lana egiten ari direla esan nahi baitu. Oso borroka zaila da. Ezagutzen ditut hiruzpalau urtez antibiotikoak hartzen ari direnak. Zortea daukat nik, sintoma arinak ditudalako eta sintoma neurologikorik ez dudalako.

Lehen esan duzu bertako medikuek ez dutela gaixotasun honi buruzko informazio askorik. Nora joaten zara zu?

Madrilera joaten naiz; pediatra batekin aritzen naiz han. Bere kasa hasi zen gai honetan espezializatzen, eta AEBetara ere joan zen bi urtez, ikastera. Madrilen bertan izan nuen lehen kontsulta, eta Skype bidez bigarrena. Zorte handia daukat. Bizpahiru hilabetetik behin egiten dut hitzordua berarekin. Sintomak aztertu, eta, horren arabera, antibiotikoak aldatu edo ez erabakitzen du.

Zein tratamendu egiten duzu?

Lau gramo antibiotiko hartzen dut egunero; astelehenetik ostirala hartzen dut antibiotiko bat, eta bi eguneko atsedena egiten dut gero. Egunero hartzen dut gainontzekoa. Malariari aurre egiteko erabiltzen den sendagai bat ere hartzen dut, sistema immunologikoari laguntzeko beste hainbat produkturekin batera.

Komunikabide batean argitaratutako erreportaje bat irakurri zenuenean konturatu zinen gaixotasun hau izan zenezakeela, ezta?

Hala da, bai. Hiru pertsonari egindako erreportaje bat irakurrita konturatu nintzen. Irun eta Hondarribia inguruko jendea biltzen den elkarte bat ere badago, baina porru eginda uzten zaitu gaixotasun honek, eta elkartea ez da oso eraginkorra.

Akain guztiek ez dute gaixotasuna transmititzen, hala ere, ezta?

Ez; argi utzi behar da hori. Baina gero eta zomorro gehiagok pasatzen dituzte horrelako gaixotasunak; eltxo mota batzuek, mendiko saguek eta untxiek, hegazti migratzaileek…

Zer egin behar da mendira joan eta akainen batekin itzuliz gero?

Olioa edo krema emanda askatzen direla esaten da, baina, hain justu, estresatuta daudenean botatzen dute txistua bakteriekin, eta, beraz, ez da komeni horrela kentzea. Plastikozko pintza berezi batzuk erabili behar dira. Oso txikiak izaten dira akain gehienak, eta, beraz, lupa baten laguntzarekin ikusi behar izaten da non dagoen; pintzarekin hartu, buelta eman, eta osorik atera behar da. Hori da egokiena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!