«Migel Indurainek etorriko dela esan digu»

Asier Imaz 2017ko mai. 24a, 07:55
Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako Presidentea. MIKEL IRAOLA

Ekainaren 3an Abraham Olano Zikloturista Martxaren laugarren edizioa korrituko da; irteera eta helmuga Usabalen izango ditu.

Azken orduko ezuste eta guzti, gustura dago Aitor Aiertza. 400 lagunetik gora izango dira parte hartzaileak, eta guztientzat mezua:«Hau zikloturista martxa bat da».

Dena prest?

Bai, garrantzitsuena bai. Orain anoa guneetako gauzekin, opariekin eta dena zehazten gabiltza. Baina gehiena itxita dago.

Izena emateko aukera ere amaitu da.

Maiatzak 21ean jarri genuen muga. Azken egunera arte ezin gara zain egon. Jende mordoxka batek parte hartzen du, eta anoa guneak, opariak,… dena prestatu behar izaten dugu. Badakigu hemen jendea eguraldiaren zain egoten dela, baina horiek ere jakin behar dute gauzak aurrez antolatu egin behar direla. Ez dugu badaezpada 100-200 gauza gehiago ekarri, eta gero horiekin zer egin ez dakigula ibili.

Zenbatek eman dute izena?

400 inguruk. Horrez gain, gonbidaturen bat edo beste etorriko da.

Eta horien artean, bat, oso berezia.

Abraham Olano aspalditik zebilen gogo horrekin. Urte hasieran eskaini zigun; Migel Indurain ekartzeko kapritxoa zuen, omenaldi txiki bat egiteko. Aurreko astean konfirmatu zigun, baietz, etorriko zela. Hasiera batean bere anaia, Prudentzio Indurain, ekartzeko asmoa genuen, baina ez omen dago oso prestatua eta gure martxa gogorra denez, hurrengo batean izango dela. Baina Migelek bai, konfirmatu digu parte hartzera etorriko dela.

Handia.

Oso handia. Urtero etortzen dira izen handiko txirrindulariak, Periko Delgado bezala. Baina Migel Indurain beste zerbait da. Bere garaian onena, bost Tour irabazita… Zer esan ez dakiguna Migelen inguruan.

Zein ibilbide egingo du?

Ez dakit. Entzuna daukat prestakuntza handiarekin dabilela; martxa mordoxka egiten ari dela. Orain dela gutxi Mallorca-n izan zen. Azkenean badakizu, hauek alde batetik eta bestetik gonbidatzen dituzte. Nik duela hilabete ikusi nuen, eta nahiko fin zegoen. Ekainaren 3an ikusiko dugu, egunaren eta eguraldiaren arabera, ea zer egiten duen.

Prestakuntza aldetik oso ondo dagoena, badakigu Abraham Olano bera dela.

Bai, eta oso ondo gainera. Honek bizikleta gainean gozatu egiten du. Duela bi aste, astelehenean, bilera genuen. Goizean, martxa luzeko ibilbidea egin zuela esan zigun, sei ordu t'erdian, eta bataz besteko altu batean. Izugarri ibiltzen da.

Ibilbide luzea eta motza izango dira aurten ere.

Hori da. Trafiko sailak ez digu baimenik ematen bi ibilbide desberdin egiteko. Ondorioz, biak batera joaten dira. Motza bukatzen duenak eta jarraitu nahi duenak, luzearekin segitzeko aukera izaten du. Hala eta guztiz ere, biak dira oso gogorrak.

Zein dira bien ezaugarri nagusiak?

Laburrak 92-93 kilometro ditu, eta lau tontor. Luzea ia 200 kilometrora iristen da, 193 km-rekin. Laburreko lau tontorrez gain, beste zazpi gehitzen zaizkio. Hasiera batean hori zen martxaren izena: 11 tontor. Urtero ibilbidea zer edo zer aldatzen dugu, baina 11 tontorrak mantentzen saiatzen gara.

Zein izango da Abraham Olanoren lana egunean bertan. Parte hartzaileen artean egongo da, ez beste zerbait egitea tokatuko zaio?

Ibilbide luzea egitea izango da bere lana. Martxa polit bat jartzea eta aurreko txirrindulari horiek pixka bat kontrolatuta ematea. Antolakuntzan dago gurekin, eta hilabeteak daramatzagu astelehenetan elkartuz. Bera hor egon da gurekin, eta bestelako lan guztiak ere fin egin ditu. Egunean bertan bizikleta gainean ibiltzea tokatuko zaio.

Antolakuntza aipatu duzu. Oriako Txirrindulari Eskolaren lana da hori.

Hori azpimarratzea garrantzitsua da. Gu eskola bat gara, eta babesle indartsu bat dugun arren, Limousin Kartoiak, horrekin bakarrik urtea ez dugu aurrera ateratzen. 55 neska-mutil mugitzen ditugu, maila guztietakoak, eta asteburu guzti-guztietan bueltaka ibiltzen gara. Azkenekoan, adibidez, Araban, Mutrikun, Ataunen… izan ginen. Gasolina, arropak,… gauza mordoxka dago horren atzean. Horrez gain lasterketak ere antolatzen ditugu, eta horretarako dirua behar izaten da. Martxa hau Abrahamek botatako ideia bat izan zen. Berak bere izena erabiltzen uzten digu, eta irabazten den diru guzti-guztia, eskolako gaztetxoentzat izaten da. Horrela nahi zuen berak, eta horrela egiten da. Lan asko dauka, baina gustura gaude.

Azpimarratu behar den beste puntua, zikloturista martxarena da. Hau ez da lasterketa bat.

Garbi utzi behar da hori. Hau martxa zikloturista bat da, ez lasterketa bat. Hemen ez dago denborarik, irabazlerik, azkenekorik edo aurrenekoarentzat sari berezirik. Amaieran guztiek jasotzen dute oparia, bazkaria… Baina denentzat berdina izaten da. Ez dugu izen zerrendarik publiko egiten, ez delako lasterketa bat. Martxa zikloturista bat da, egun pasa bat, Gipuzkoan barrena, paisaiaz gozatzeko eta Tolosaldea ezagutzeko. Parte hartzaile guztiek trafiko arau guztiak errespetatu behar dituzte.

Irteera eta helmuga, Usabalen.

09:00etan aterako dira bi martxak, elkarrekin. Villabona arte irteera kontrolatua izango da. Hortik Asteasura hartuko dute, eta hor zabalduko da martxa, bakoitza bere erritmoan eta taldetxoan joateko. Bi proben amaiera ere Usabal kiroldegian izango da.

Aurrez lana egiten egon arren, egunean bertan ere jende mordoxka beharko duzue.

Bai, eta hor beste arazotxo batekin gabiltza. Bidegurutzeetan jendea jarri edo ez. Trafiko sailak ere ez du oso garbi. Jendea jartzen baldin badugu, txirrindulariek pentsatzen dute lehentasuna eurena dela. Eta hori ez da horrela, martxaren araudian ere argi jartzen du. Berriz diot, trafiko araudi guzti-guztiak errespetatu behar dituzte. Boluntarioei dagokienez, eskolako gurasoei dei egiten diegu. Pixka bat nazkatuta izango ditugu, baina ateratzen den guztia gure seme-alabentzat izaten da; eta egia esan bikain erantzuten dute. Horrez gain, 15 motozale etortzen dira, Euskal Herriko Itzulian eta beste lasterketetan esperientzia handia dutenak.

Laugarren edizioa da aurtengoa. Aurreneko hartan zenuen kezka berdina izango duzulakoan nago: istripurik ez dadila egon.

Hori da. Lehenengo urtean zorte handia izan genuen, eta ez zen inolako istripurik izan. Bigarren urtean pare bat erorketa izan ziren, ez oso larriak. Iaz trafikoarekin arazo dezente izan genituen, ertzainekin tira-birak eta abar. Dena ondo joan dadila eskatzen dugu. Egia esan, proba bukatu eta dena ondo joan dela ikusi arte, ez gara lasaitzen. Parte hartzaile guztiek gozatzea besterik ez dugu nahi.

Eta horiek txoko guztietatik gerturatzen dira.

Eta harrituta uzten gaituzte gainera. Aurten izena ematen azkena, adibidez, Murtziako bat izan da. Kanariar Uharteetatik, Kataluniatik, Frantziatik… harrituta gaude parte hartzaileen jatorria ikusita.

Martxa sendotzen doan seinale.

Ahoz ahokoari esker da hori. Parte hartzaileak bukaeran beti eskerrak ematera etortzen zaizkigu. 200 kilometroak oso gogorrak izan direla, baina berriro itzuliko direla esanaz; oso ondo pasa dutela eta zorionduaz. Denak ondo zaintzea da gure helburua, eta hori eskertzen dute. Garrantzitsua da bertatik edo kanpotik etorritako jendea gustura itzultzea etxera. Gu ez gara ibiltzen Quebrantahuesos-eko zenbaki horietan, 5.000-8.000 parte hartzaileetan. Ez dugu behar hori. Eskola bat gara, eta apurtxo batekin konformatzen gara. Garrantzitsuena etortzen direnak gustura itzultzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!