Musikari eta musikazaleak batzeko unea

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 18a, 15:48

Bihar abiatuko da Musikariaren 23. edizioa Tolosan eta hilaren 27an MusikHerria ekimenarekin amaituko da. Egun horretan 300 musikari eta abeslari baino gehiago elkartuko dira herriko puntu ezberdinetan.

Musikariaren 23. edizioa bihar abiatuko da eta maiatzaren 27an amaitu MusikHerriaren 4. edizioarekin. Nuria Carbonell, Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak Tolosaren eta tolosarren «musika eta izaera musikala inoiz baino gehiago» azaleratuko dela nabarmendu du aurkezpen ekitaldian: «Tolosako musikariak eta musikazaleak batuko dira antolatutako ekintzetan eta kalean».

Tolosako zinegotziaren esanetan, «azpimarratzekoa eta eskertzekoa da herriko eragile eta elkarteen parte hartzea». Guztira zazpi ekintza programatu dira egitarauan eta Carbonellen ustez, «elkarte, erakunde, talde, zein banako ezberdinek bat eginik urtez urte ekintzak eguneratzea eta indartzea lortzen dugu». Horregatik gonbidatu ditu tolosar guztiak eta bertara gerturatzen direnak «musikaz goza dezaten egun hauetan».

Egitarau osatua

Mari Karmen Arizkorreta, Tolosako Musika Eskolako behin-behineko zuzendariak eman du egitarauaren berri eta Tolosako Musika Bandak bihar Zerkausian eskainiko duen kontzertua aipatu du lehenik eta behin: «Musika Bandak beti ixten zuen Musikariaren egitaraua baina MusikHerria sortu zenetik, lehen emanaldia izaten da beraiena». Hain zuzen, musika eskolan du harrobia Musika Bandak, kideen %90a pasa baita bertatik. 19:00etan hasiko da biharko emanaldia.

Igande eguerdian, KUP taldearen emanaldia izango da Musika Eskolan. «Mundu osoko 24 abesbatzek hartuko dute parte Bartzelonan ospatuko den sinposium batean eta KUP taldea izan da aukeratuetako bat», esan du Arizkorretak. Etzi, musikaren historiari errepaso laburra emango diote lehen zatian eta punta-puntako euskal musikari garaikideen obrak eskainiko dituzte bigarrengoan.

Astean zehar egingo diren emanaldietan musika mota ezberdinak entzuteko aukera izango da. Lucia Arzallus piano jotzaile donostiarrak Miriam Telleriaren ikasle denak musika klasikoa eskainiko du asteartean ( Beethoven, Bach, Brahms, Chopin...). Asteazkenean, Andoaingo Musika Eskolako ikasleen bandak errepertorio zabala emango du eta tartean, Ken Zazpi, Kepa Junkera eta Xabier Zabalaren piezak eskainiko dituzte. 70ko, 80ko eta 90ko hamarkadetako doinuak berriz, ostegunean entzungo dira Aupa Quartet Duo taldearen eskutik. Arizkorretaren esanetan, «bikote gisa etorriko dira eta kontzertu pedagogikoa eskainiko dute. Besteak beste, Police, Sting, Michael Jackson eta Stevie Wonderren obrekin gozatzeko aukera izango da».

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, ostiralean Gorka Hermoso akordeoilari euskaldunak eta Jose Luis Monton gitarrista andaluziarrak eskainiko dutena izan ezik. Topic-en ariko dira 20:00etatik aurrera Flamenco Etxea ikuskizunarekin. «Duela bi-hiru urte sortu zen taldea baina lehen aldia da Tolosara etorriko direla», aipatu du Musika Eskolako behin-behineko zuzendariak.

Festa eta elkartasuna

Musikari Tolosan eskainitako zikloa amaitzeko, larunbatean, maiatzaren 27an, MusikHerriaren 4. edizioa ospatuko da. «Ekimenak 300 musikari eta abeslaritik gora batzea aurreikusi da Tolosako txoko ezberdinak musikatuz», esan du Carbonellek.

Egun horretan, hirugarren urtez, Uztaritzetik Herriko Soinua elkartekoak etorriko dira. Tolosa senidetuta dago Lapurdiko udalerriarekin eta bertatik etorritako herritarrek Tolosa Kantari ekimenarekin bat egingo dute hilaren 27an, Esnaola-Urrozola eskolako musikariak bertan direla.

Eguerdian, 14:30ean herri bazkaria egingo da Zerkausian. Dagoeneko bertara joateko sarrerak salgai daude honako tabernetan: Xirimiri, Orbela eta Ikatzan. Helduek 12 euroan eskuratu ahal izango dute txartela eta 14 urtetik beherakoek 6 euroan. Herri bazkaritik eratorritako dirua Gautenari bideratuko zaio, Gipuzkoako Autismo elkarteari.

Egun osoko ekimenak antolatu dituzte MusikHerriaren barruan eta eguna borobiltzeko Plaza Berrian kontzertuak izango dira. 21:00etan Laket taldeak hasiko du erromeria eta atsedenaldian Anje Duhaldek hartuko die lekukoa. Lapurdiko kantariak kontzertua amaitu ondoren Laket taldeak jarraituko du goizaldera arte.

MUSIKARIA

Maiatzak 20, larunbata
19:00. Tolosako Musika Bandaren emanaldia Zerkausian.

Maiatzak 21, igandea
12:00. KUP taldearen emanaldia Musika Eskolan.

Maiatzak 23, asteartea
19:00. Lucia Arzallus pianojolea Musika Eskolan.

Maiatzak 24, asteazkena
19:00. Andoaingo Musika Eskolako Ikasleen Banda, Musika Eskolan.

Maiatzak 25, osteguna
19:00. Aupa Quartet Duo taldearen emanaldia Musika Eskolan.

Maiatzak 26, ostirala
20:00. Gorka Hermosa eta Jose Luis Montonen Flamenco Etxea emanaldia Topicen.

Maiatzak 27, larunbata. MusikHerria.
09:30. Giro Arte eta Tolosako Dultzaineroak. Herriko kale eta auzoak.
10:00. Jainekin Txaranga. Berazubitik Plaza Zaharrera.
11:00. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra. Plaza Zaharrean.
11:00. Klarinete Joleak. Aroztegieta/Errementari arteko txokoan.
11:00. Hodeiertz Abesbatza. Lopez Mendizabal plazan.
11:00. Musika Eskolako ikasle taldeak. Kalejira Alde Zaharrean.
11:30. Laskorain Abesbatza. Plaza Zaharrean.
12:00. Hodeiertz Abesbatza. Plaza Zaharrean.
12:00. Tolosa Kantari/Esnaola-Urruzola/Uztaritzen Kantuz. Maria Luisa Agirre Doktorearen plazatik.
12:15. Laskorain Abesbatza. Lopez Mendizabal plazan.
12:45. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra. Lopez Mendizabal plazan.
13:30. Konponezinak Txaranga. Kalejira Alde Zaharrean.
13:30. Jainekin Txaranga. Kalejira Alde Zaharrean.
14:30. Herri Bazkaria. Zerkausian.
18:00. Jarauta69 Txaranga. Kalejira Alde Zaharrean.
21:00. Laket Taldea. Plaza Berrian.
23:00. Anje Duhalde/Laket. Plaza Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!