Mende erdia "kulturaren lidergoan"

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 17a, 15:00
Topic zentroan aurkeztu dute TEEren 50. urteurreneko egitarau ofiziala.

Tolosako Ekinbide Etxeak gaur aurkeztu du 50. urteurreneko egitarau ofiziala; ekainaren 10ean abiaraziko dituzte ospakizuna, Minotauroaren heriotza ikuskizunarekin.

1967ko apirilaren 8an Tolosako Ekinbide Etxearen (TEE) historia idazten hasi zen, herritar talde bat. Frankismo garaian kulturari arnasa emateko ideiari tira, eta soka horretatik sortu ziren, gero, Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, Titirijai txotxongilo jaialdia nahiz Amalur natur jardunaldiak. Horrela, egitasmoz egitasmo eta hamarkadaz hamarkada, TEEk mende erdia bete du, eta urtemuga ospatzeko prest dute guztia.

Topic zentroan egin dute egitarau ofizialaren aurkezpena, eraikina baita, TEEren jardunaren fruitu berrienetako bat. Horrela, bertan izan dira Julian Lakunza TEEko lehendakaria, Olatz Peon Tolosako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura, turismo, gazteria eta kirol diputatua, Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko ordezkaria, Nisa Goiburu Minotauroaren heriotza ikuskizuneko zuzendari artistikoa, David Azurza abesbatza zuzendaria, eta Igor Arabaolaza eta Gari Artola ikus-entzunezkoetan adituak.

"Momentu oso politean" daudela aitortu du Julian Lakunza TEEko lehendakariak, urteurrena inflexio puntutzat joz: "Lan handia egiten ari gara egitarau polit bat prestatzeko, eta iraganera begira jarri garen bezala, urteurrena etorkizunari begiratzeko tresna ere bada". Hain zuzen ere lan hori txalotu nahi izan du Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko ordezkariak, Tolosa "izaera propioa duen herria" dela azpimarratuz, eta ideia berari heldu dio Denis Itxaso diputatuak, TEEren ibilbidea txalotzeko: "Kultur lidergoaren eredu bat da TEEk, eta baita elkarlan publiko-pribatuaren eredu bat ere: kultura askeagoa eta dinamikoagoa egiten dute, herri ekimenetik sortutako proiektuek. Tolosaren marka da kultura, eta aitortza hori zor diogu TEEri".

TEEk Tolosa munduan zabaldu duen bezala, mundua Tolosara ekarri izana txalotu du, bere aldetik, Olatz Peon Tolosako alkateak, horrek herri "solidarioagoa, irekiagoa eta demokratikoagoa" egin duela azpimarratuz: "Agintaldia amaitzen denean, badakit 2017az gogoratu eta "ni han egon nintzen" esango diodala neure buruari, TEEren urteurrenagatik. Gainera, egitarauan ere herritar askok parte hartuko dute, eta gauza bera pentsatuko dute haiek ere". Modu horretan, kultur erakundeak bere ibilbidean jasotako sariak gogora ekarriz, Tolosako alkateak "TEEren izaera altruista" jarri nahi izan du balioan. Azkenik, urteurrenarekin bat eginez, gogora ekarri nahi izan ditu Migel Arretxe eta Iñaki Epelderen izenak ere.

Minotaurotik omenaldira

Urteurrena apirilean izan bazen ere, datorren ekainaren 10ean irekiko du, TEEk, ospakizunen leihoa. Zezen plazan egingo dute hitzordua, gauez, eta Minotauroaren heriotza ikuskizuna eskainiko diete bertaratuei. Tolosako eta Tolosaldeko 250 pertsonatik gora elkartuko dira ikuskizunean, eta haur eta gaztetxoei begirako saioa eskainiko dute, Nisa Goibururen gidaritzapean.

Goiburuk azaldu duenez, "kultura da istorioaren haria", eta horregatik jo dute mito greziarrera: "Gu kultura greziarraren oinordekoak gara, eta haurra etorkizuneko gizon-emakumeak. Teseok gure pertsonalitatea eta egoa islatzen ditu, eta minotauroa hiltzea gure egoa hiltzea izango da".

Emanaldiak hiru zati izango ditu –labirintoaren sortzea, labirintoaren dantza eta minotauroaren heriotza–, eta antzerkia, zuzeneko musika, kantua nahiz dantza izango dira istorioa janztearen arduradun. Hilarren 22tik aurrera, parte hartzaileen senideentzat salgai jarriko dituzte sarrerak eta, hilaren 25etik aurrera, Topic zentroan, Leidorren nahiz hainbat tabernatan eskuragarri izango dira sarrerak.

Zezen plazako ikuskizunarekin batera, beste hainbat hitzorduk osatuko dute TEEren 50. urteurrena: San Joan bezperako kanpai kontzertuak, erakundeen afariak, Euskal Herria plazako bideomapping-ak, 50. urteurreneko liburuaren aurkezpenak, Tolosako eskulturak ezagutzeko bisita gidatuak nahiz foru aldundiko omenaldiak.

TOLOSAKO EKINBIDE ETXEAREN 50. URTEURRENA
Egitaraua

Ekainaren 10a, larunbata

21:30. Minotauroaren heriotza ikuskizuna, zezen plazan.

Ekainaren 23a, ostirala

22:30. Hodeiertz abesbatzak David Azurzaren obra berri bat estreinatuko du, Santa Maria elizako kanpaiekin batera, San Joan suan.

Irailaren 6a, asteazkena

20:00. Titereszena Topic zentroko urteko egitarauaren aurkezpena, Topic zentroan. Jarraian, 50. urteurreneko luntxa egingo dute, kultur erakunde, elkarte eta ikastetxeekin.

Irailaren 8a, ostirala

20:00. Erakunde afaria eta urteurreneko hitzordu nagusia, Topic zentroan.

22:00. Bideomapping-a izango da, Topic-eko eraikinean. Horman proiekzioak egingo dituzte, 50 urteak iruditan errepasatuz, eta soinuaz lagunduta.

Urriaren 4a, asteazkena

20:00. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, mahai ingurua, Topic zentroan. Aurtengo gaia honakoa izango da: Gipuzkoako paisajeen eraikuntza".

Urriaren 5a, osteguna

20:00. 50. urteurreneko liburuaren aurkezpena, Topic zentroan. Francisco Tuduri ari da liburua prestatzen.

Urriaren 6a, ostirala

20:30. Artxipielago emanaldia, Leidor aretoan. Tolosako Udalak antolatutako hitzorduan bere alea jarri du TEEk.

Urriaren 8a, igandea

20:30. Tolosako eskulturak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, TEEko kideen ekimenez ezarritakoak baitira asko.

Azaroaren 1a, asteazkena

12:00. Real Sociedad Vascongada de Amigos del País elkarteko kide izendatuko dute, TEE, Topic aretoan.

18:00. Leidor aretoan, Abesbatzen Europako Sari Nagusia hasiko da.

Azaroaren 11, larunbata

12:00. Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera berezia egingo dio, foru aldundian bertan, TEEri.

OHARRA: Donostiako Teatro Estudio konpainiak ere bat egingo du TEEren 50. urteurrenarekin, Yasmina Reza idazlearen Comedia española lana aurkeztuz. Ikuskizuna udazkenean eskainiko dute, Topic zentroan, baina TEEk aurrerago zehaztuko du hitzorduaren eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!