Antzerkia empatia lantzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 1a, 08:53

Eskola batean ume bat psikologo batekin zebilen, eskolan ez zuen hitz egiten, oso gaizki zegoen... Irakasleekin ere ez zuen hitz egiten. Eguna pasa genuen bertan eta bukaeran, konpromisoak eta abar idazterako garaian, hitz egin nahi izan zuen, baina negargura etorri zitzaion. Idazteko esan genion, idazten hasi eta hitz egiten hasi zen, irakaslea ere negarrez hasi zen. Lehen aldiz botatzen zuen dena. Ikaskideek ere hitz egin zuten.

Egun hartatik aurrera gauzak aldatzen hasi zirela esan zigun irakasleak, oso polita izan zen». Hori baita Baketik fundazioak eskola jazarpenari aurre egiteko sustatzen duen Teatro Forumaren helburua: erasotzaile, erasotu eta lekukoen arteko empatia landu eta komunikazioa bultzatzea. Urteak dira Baketik-ek antzerkia erabiltzen duela hainbat gizarte arazori aurre egiten laguntzeko eta horretan Elena Aranbarri eta May Gorostiaga aktore tolosarrak ditu bidelagun.

Elena Aranbarrik (Tolosa, 1967) argitu duenez, hamar bat urte dira formula hau erabiltzen dutela gizarte arazoetara gerturatzeko. Hamar urte ikastetxez ikastetxe dabiltzala Zapalduen Antzerkia izeneko teknika landuz eta eskola jazarpenari aurre egiten. «Zapalduen Antzerkia teknikaren bidez gerturatzen gara bullying-era. Hamar urte hauetan programa garatzen joan gara eta zabaldu dugu nolabait. Antzerki Foruma egun batean egiten dugu eta eskolan materiala uzten dugu gaiari jarraipena eman ahal izateko». Pixkana-pixkana joan dira eskoletan bizitakoak programara txertatzen eta programa aldatuz joan dela dio Aranbarrik.

«Lehen zatian antzeztu egiten dugu, bigarrengoan foruma egiten dugu eta hirugarren hanka tailer bat da. Ikasleek euren gatazken inguruan hitz egiten dute dinamika batzuen bidez», esan du. Aranbarrik hala ere, proiektua garatu beharra dagoela ere uste du, eta Baketik-en ere horretan dabiltzala dio. «'Eta gero zer?' hasi ginen galdetzen geure buruei. Saioa egin eta gero pauso gehiago eman behar direla uste dugu, hori ere landu behar dugula, eta horregatik hasi ginen materiala lantzen eta prestatzen. Material hori ikastetxean uzten dugu, tutoreari, irakasleei eta eskolari berari laguntzeko. Bitartekari lana egiteko asmoz sortu genuen material hori. Oraindik ere aurrera begira pauso gehiago eman behar ditugula uste dugu, hala ere».

Arazoak

Bullying kasu baten atzean «arazo pila bat» daudela uste du Aranbarrik eta baita irakasleek ez dakitela zer egin ere, «bakarrik daudela sentitzen dute». Horregatik uste dute prebentzioa dela bidea. «Kasuak oso larriak direnean konturatzen gara jazarpena dagoela, hori da arazoa. Indarkeria dagoenean, psikologikoa edo fisikoa, heltzen diogula gaiari, baina arazoa lehenago hasi da. Prebentzioan landu beharreko zerbait da».

Antzerki Forumerako darabilten Zapalduen Antzerkiaren bidez gaizki bukatzen den istorio bat jartzen diete parean ikasleei, eta horrela irtenbideak bilatzen hasten dira denen artean. «Gazteak identifikatuta sentitzen dira, bai biktimekin edo erasotzaileekin, eta baita lekukoekin ere. Lekukoak normalean gehiago dira, gelako guztiak. Batzuetan beraiek badakite zer gertatzen den eta irakasleak ez. Lehen Hezkuntzan errazagoa da konturatzea, DBHn berriz, zailagoa izaten da». Izan ere, Aranbarri eta Gorostiagak Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrerako gazteei eta DBHko lehen eta bigarren mailakoei eskaintzen dizkiete saioak.

«Kontatzen dugun istorioa gaizki bukatzen da eta beraien eskuetan uzten dugu irtenbidea. Kanpotik ikusita zein aukera ikusten dituzten galdetzen diegu. Kanpotik errazagoa baita irtenbideak bilatzea. Eszenak gelditu eta protagonistek momentu horretan zer egin dezaketen galdetzen diegu. Funtsean, baina, beraiek dira protagonista, errealitatearen inguruko saiakera bat dela ere esan genezake», kontatu du tolosarrak.

Aurrean irudikatutako egoera hobetzeko zer egin dezaketen ikusten dute horrela, ikasleek, eta lekukoen papera indartzen saiatzen dira. «Posible dela, aukera dagoela hortik ateratzeko, ikusten dute, lekuko horiek guztiak elkartuta zerbait egin daitekeela. Helduak erasotzaile edo biktimekin itsutzen gara, baina lekukoak oso garrantzitsuak dira, arazoa ere badago lekukoetan, konplizeak dira nolabait. Egia da ez direla egileak, baina badute ardura, arduradunak ere badira».

Aranbarri eta Gorostiagaren egitekoa hor bukatzen da, baina arazoari aurre egiteko hezkuntza komunitate bateratu bat behar dela uste du. «Hezkuntza komunitatea irakasleek, ikasleek, eta gurasoek osatzen dute, besteren artean, eta ez dago bat eginda. Errua ondokoari botatzeko joera dugu eta hori arazo bat da. Nire ustez, komunitatea bildu behar da. Gurasoei informazioa eman behar zaie eta irakasleei tresnak, prebentzioan landu behar dugu gaia ikasleekin. Laugarren gauza bat ere behar da, bitartekaritza. Guk horretan lagundu dezakegu».

Antolatu beharraz

Aranbarri Madrilen egon berri da, Indarkeria Urbanoen Foroan, eta bertan lehen aldiz entzun du indarkeriarekin bukatu daitekeela, «ondo antolatuz gero posible da».

Lekukoak aipatu ditu orain arte, Aranbarrik, baina bada aldatu beharreko beste elementurik ere: «Lider zapaltzailea, lider eraikitzaile batean bihurtu behar dugu. Posible da».

Rol horiek lantzeko oso garrantzitsua den hitza aipatu du tolosarrak, empatia. «Emozioak lantzeko oso garrantzitsua da bestearen lekuan jartzea. Antzerki Forumean beti egoten da tutorea eta gauza asko ikusteko ere baliatzen du saioa. Ikasleek euren arazoen inguruan hitz egiten dute eta saioaren bukaeran konpromiso batzuk hartzen dituzte, hitzarmen bat ere sinatzen dute». «Besteen lekuetan jarri eta behin hor, gauza gehiago ikasteko balio du Antzerki Forumak. Istorioak kanpotik ikusteko ere oso baliagarria da. Aukera gehiago ikusten dituzte. Gauzak besteei gertatzen zaizkienean argiago ikusi ohi da dena. Estrategia guztiak eta diskurtso guztiak erortzen dira, beste baten tokian jartzean, dena erortzen da eta. Erasotua eta erasotzailea askotan, batera doaz. Beharbada erasotzailea biktima ere izan da», gaineratu du.

Lana oso polita dela dio, baina baita gogorra ere. Saio batera iristen direnean segituan konturatzen dira arazoren bat dagoen edo ez. «Batzuetan aurpegiekin konturatzen gara badela zerbait. Elkarri begiratu eta pentsatzen dute 'zeinek espiatu gaitu?', 'zertara dator hau?'».

«Egun bakoitza desberdina da, herriaren arabera, eskolaren arabera... aldatzen da. Baina beti azaltzen dira gauzak. Beste kontu bat da gauza oso potentea gertatu bada, oso fuertea, beste gauzak ez dituztela ikusten, hori ere pasatzen da, eta dena da garrantzitsua, esan dudan bezala, muturreko jazarpenaren atzean ibilbide luzea baitago».

Aranbarri eta Gorostiaga ikasturtean 80 bat ikastetxetan egoten dira. Ez dute bullying-a bakarrik lantzen, Antzerki Forumaren bidez eta Baketik-ek koordinatuta bestelako gizarte arazo batzuk ere lantzen baitituzte. Eskola jazarpenaren kasuan, saioak ikasturte hasieran egiten saiatzen dira. «Tresna guztiak eta fase guztiak betetzeko denbora edukitzeko nahiago izaten dugu ikasturteko lehen hiru hilabetean egin. Oraindik ere ikastetxe batzuetara joaten gara, hala ere, zoritxarrez beharrezkoa baita. Nafarroan gabiltza orain, batez ere, Nafarroako Gobernuak diru laguntza bat atera du gaia lantzeko eta horretan gabiltza».

Orain arte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan izan dira, baina diru laguntzak bukatu direla dio eta beraz, eskolak berak direla eskaerak egiten ari direnak. «Nafarroan gobernua ari da ikastetxeen zerrenda egin eta saioak Baketik-ekin batera koordinatzen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan itxaron zerrenda izan dugu», esan du.

Lan asko dutela dio Aranbarrik eta «motxila arintzen» ikasi dutela urteen poderioz. «Energia asko botatzen genuen hasieran, orain ere botatzen dugu, baina motxila arintzen ikasi dugu. Ezin dugu mundua egun bakar batean konpondu eta laguntzen ari garela pentsatuz arintzen dugu. Hausnartzeko balioko diela pentsatzen dugu eta listo. Bestela penatuta joango ginateke egunero etxera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!