Amets debekatuetan hezten

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 27a, 08:00
'Piztiak bizi diren lekuan' liburua landu, eta muralak sortu dituzte Tolosako ikastetxeetako neska-mutilek. ITZEA URKIZU

Maurice Sendak ilustratzailea protagonista bilakatu da, Tolosako Haur Liburutegian, Nazioarteko Liburuaren Egunaren harira; maiatzaren 12ra bitarte haurrek egindako muralak ikusgai izango dira.

Bere izena esanda askok ezagutuko ez duten arren, bere marrazkiei begiratzea haurtzarora pare bat segundoko bidaia egitea bezalakoa da. Eta hori, ilustratzaile bati gerta dakiokeen onena izan daiteke.

Maurice Sendak estatubatuarra (1928-2012) Tolosako Haur Liburutegiko protagonista bilakatu da, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan, eta herriko ikastetxeetako neska-mutilek haren obra ezagunenetako bat landu dute: Piztiak bizi diren lekuan.

Aste Santuko oporren aurretik egin zuten lanketa, eta haur liburutegiko hormak beren sormenaz jantzi dituzte ikasleek, atseden egunetan: Sendaken lanean oinarrituta, muralak osatu dituzte taldeka. Bide beretik, ilustratzailearen inguruko interes-gune bat ere prestatu dute errotako eraikinean, haren marrazkiekin argitaraturiko hainbat liburu jendaurrean jarriz. Eta, marrazkilariaren mundura bidaia biribiltzeko, neska-mutilek bisita gidatuak izan dituzte aste honetan, liburutegira.

AMETS DEBEKATUAK, DESIOAK ETA ASKATASUNA, IRUDITAN

Haurtzaro zaila izan zuen Sendakek eta, egileak berak azaldu izan zuenez, Walt Disneyren film bat ikusita erabaki zuen, ilustratzaile izatea.

Piztiak bizi diren lekuan (Where the wild things are, 1963) bere lanik ezagunenetako bat da, eta baita saritua ere: 1964an Caldecott domina jaso zuen, haurrei begirako liburu estatubatuar onena sortzeagatik.

Sariez harago, ordea, Piztiak bizi diren lekuan lana beste hainbat diziplinatara eraman izanak animazioa, opera nahiz zinema erakusten du, lanaren mamia: lehen album ilustratutzat jotzen dute askok, eta 19 milioi kopia baino gehiago ditu liburuak. Gainera, munduko hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, eta euskarazko bertsioa 2000. urtean argitaratu zuten, Koldo Izagirreren eskutik.

Max izeneko haur errebeldea da liburuko protagonista, eta jendea beldurtzeko piztia bat izatea du amets. Desio horren bitartez, Sendakek askatasuna, amets debekatuak, amets gaiztoak, desioak nahiz iluntasuna jorratzen ditu liburuan, eta 1960ko hamarkadan aurkako hainbat iritzi sortu bazituen ere, Piztiak bizi diren lekuan haur literaturako erreferente da, oraindik ere, gaur egun.

Tolosako Haur Liburutegiko Maurice Sendaken interesgunea erabilgarri izango da, ohiko ordutegian, datorren maiatzaren 12ra bitarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!