Ardo txuriarekin topa, oporrak hasteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 6a, 08:02
Hainbat eragilek elkarlanean osatu dute, aurten, Aste Santuko egitaraua.

Trianguloa ardo txuriaren plaza bilakatuko da larunbatean, Gure Txokoa elkartearen ekimenez; Aste Santurako turismo eskaintza bateratua aurkeztu du udalak

Tolosaldeak bisitari gehien jasotzen dituen urteko egunak dira, Aste Santuko oporraldikoak, eta baieztapen horrek etengabeko berrikuntza eskatzen die, turismoaren inguruko eragileei. Bada, sukaldeko lanak eginda, Tolosako eskaintza bateratua plazaratu berri dute: larunbatean abiaraziko dute, Gure ardo txuri txokoa azokarekin.

Nerea Letamendia azoka eta turismo zinegotziak Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoan kokatu du, Aste Santuko opor egunei begirako elkarlana eta, aipatu du, Tolosaren indarguneen bila joan direla. Horrela, bada, larunbatei distira handiagoa ateratzeko mugitu dituzte piezak.

Ardo txuri azoka izango da, opor giroa plazaratzen lehena. Gure Txokoa elkarte gastronomikoak duela hamabi urte antolaturikoa berreskuratu du eta, udalarekin data hitzartu eta gero, 15 upategitako 16 ardo dastatzeko aukera izango da, apirilaren 8an, Trianguloa plazan. Iñaki Garmendia Gure Txokoako ordezkariak azaldu duenez, Galizia, Aragoi, Katalunia, Errioxa eta Euskal Herriko ardoak dastatu ahal izango dira, 11:00etatik 14:30era bitarte: «Koparen truke bost euro ordaindu beharko da, eta nahi adina ardo dastatzeko aukera izango da. Gainera, 1990 eta Orbela tabernek pintxoak ere eskainiko dituzte, euro baten truke».

Azoka bereziekin batera, nobedade bilakatu nahi izan dituzte larunbateroko azokak ere, eta Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak beren eskaintza berrian txertatu du nekazal ekoizleen galeria. «Explore San Sebastian Region turismo bulegoarekin batera, bi pakete berri sortu ditugu, Tolosa ezagutarazteko, bisita gidatuak eta gastronomia uztartuz», azaldu du Olatz Illarregik.

Horrela, 70 euro inguruan, bisitariek Alde Zaharreko bisita eta erretegiren batean otordua egiteko aukera izango dute, batetik, edo larunbateroko azoka eta babarrun jatea ezagutu ahal izango dituzte, bestetik. Aipatzekoa da, gainera, bi pakete horiek udako denboraldian ere eskainiko dituztela.

Inork gutxik jartzen du zalantzan, Tolosan gastronomiak duen indar erakarlea. Hari horri tiraz, duela zenbait urte karakol saltsa sustatzen hasi zen udala, Aste Santuan, eta aurten ere jarraituko dute horretan, Astelena jatetxearekin eskutik, apirilaren 15ean; karakol lasterketa ere ez da falta izango. Horri, ordea, slow mugimenduaren elementu gehiago batu nahi izan dizkiote, Letamendiak azaldu duenez: «Bisitariek egonaldi lasai bat izatea da gure helburua eta, beraz, karakolekin batera, Lurretik sukaldera postua nahiz KM 0 egitasmoa izango dituzte».

Udaberriko oporraldirako hainbat sektoreren indarguneak uztartu nahi izan ditu udalak eta, horrenbestez, Tolosa&Co-ko merkatariek ere jarri dute beren alea: apirilaren 15ean, 19:00etan, Tio Teronen Semeak dantza taldearen ikuskizuna izango da, Trianguloa plazan.

Azkenik, gaztetxoenen jai egunaz gozamenaz betetzeko aukera ere izango da Tolosan, Topic zentroaren eskutik: Aste Santuko oporraldian nahiz Pazko astean, egunero zabalik izango da museoa, eta antzerkiz lagundutako bisitak eskainiko dituzte. Ikusitakoa sortzeko, gainera, txotxongilo tailerrak izango dira apirilaren 18tik 21era bitarte, 09:30etik 13:00era.

«Tolosarrak Tolosaren enbaxadore onenak» direla azpimarratuz, beraz, kanpoko bisitarienen nahiz bertako bizilagunen oporraldia gozatzeko prest da herria.

 

2017ko Aste Santua Tolosan

Apirilak 8, LARUNBATA

9:00-14:00 Larunbateko Azoka Zerkausian
11:00-14:00 ARdu txuriaren azoka Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, Trianguloan
11:00 Azokara bisita gidatua*
11:30 Dantzari Txiki eguna Udaberrik antolatuta 
12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
12:00 Topic-en bisita antzeztua**
17:00-20:30: LOREEN HIZKUNTZA, Guk bizitza kolorez eta formaz azaltzen dugu ERAKUSKETA Aranburu Jauregian.***
18:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
18:30 La Sirenita, compañía La Canicaren eskutik, Topic-en.
20:00 Musika Poteoa
21:00 Erromeria Zerkausian

Apirilak 9, IGANDEA

12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
12:00 Topic-en bisita antzeztua**
18:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*

Apirilak 13, OSTEGUNA

12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
12:00 Topic-en bisita antzeztua**
18:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*

Apirilak 14, OSTIRALA

12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
12:00 Topikean bisita antzeztua**
18:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*

Apirilak 15, LARUNBATA

11:00 Karakolen karrera Trianguloan
12.00 Karakol dastatzea. Karakol anoa eta ardoa 2'5 euroan.
12:00 Azokara bisita gidatua*
12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
12:00 Topic-en bisita antzeztua**
16:30-20:00. Bigarren eskuko azoka Anayurd Elkartearen eskutik, Berdura Plazan
17:00-20:30: LOREEN HIZKUNTZA, Guk bizitza kolorez eta formaz azaltzen dugu ERAKUSKETA Aranburu Jauregian.***
18:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
19:00: Tio Teoren semeak dantza ikuskizuna Trianguloan

Apirilak 16, IGANDEA

12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
12:00 Topic-en bisita antzeztua**
18:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*

Apirilak 17, ASTELEHENA

12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*
18:00 Alde Zaharrean bisita gidatua*

[* Elkargunea Tolosaldea Tour Turismo bulegoan ** Izena ematea ezinbestekoa (943 650 414; cit@cittolosa.com) *** 18:00etan erakusketaren bisita gidatua egingo dute]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!