#BadatozInauteriak 2017

Pako Gereñu, txistuzale amorratua

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 22a, 09:52

Aurtengo inauterietako bi momentutan bereziki gogoan izan eta izango dute irailean zendu zen Pako Gereñu. Horietako bat dagoeneko pasa da, igandean egin zen Tolosako Udal Txistulari Bandaren eta Tolosako Musika Bandaren kontzertua, hain justu. Ohi bezala, txistulari bandak eman zion hasiera emanaldiari, eta lehenengo abestia, Segurako goiza edota Alborada Pako Gereñuri eskaini zioten. Entzuleen artean letra banatu zuten eta denen artean abestera animatu.

Iñaki Letamendia Tolosako Udal Txistulari Bandaren zuzendariak azaldu duenez, «Alboradako errepertorioa jotzen dugu txistulariek kontzertuan, eta lehenengo abestia Segurako goiza izaten da. Pako txistuzale amorratua zen, eta berak erakutsi zigun Seguran abesti horrekin kantatzen zen letra. Asteartitako Alboradan berak kantatzen zuen urtero-urtero, eta igandekoa izan da berari egindako omenaldia». Iñaki Garmendia, Gereñuren kuadrillakoa, abesten aritu zen Jexux Mari Jauregirekin batera kantu hori oholtza gainean igandean, txistularien ondoan. «Pako, jaiotzez segurarra zen, baina oso inauterizalea zen. Eta oso ondo ezagutzen zituen inauteriak barrutik», esan du Garmendiak.

Asteartitako Alboradan protagonismo berezia zuen Gereñuk. «Goizeko hiruretan joaten zen Ikatza tabernara baratxuriak eskatzera. Ondoren, Laiotz elkartera joaten zen baratxuri zopa egitera eta Alborada ekitaldia hasterako, goizeko seietarako, eta kuadrillako batzuen laguntzarekin, eramaten zuen Plaza Zaharrera». Garmendia Alboradan gutxitan izan dela dio: «Pako goiz joaten zen astelehenean etxera, bederatzietan edo hamarretan, eta gero goizeko hiruretan martxan jartzen zen». Txistulariek ere ez dute ohiturarik gaupasa egiteko Alboradara joateko. «Lo egin beharra dago, bestela oso gogorra egitean da», aitortu du Letamendiak. «Bi ordu izaten gara txistua jotzen, gelditu gabe, eta azkenean nekatu egiten gara. Eta gorputz txarrarekin joanez gero...».

Gereñu zen saltsa jartzen zuena Alboradan, bai kantuan eta baita dantzan ere. «Udaletxean ordubete izaten gara eta gero Berdura plazara joaten gara. Pako eta beste batzuk gure atrilak hartu eta saltoka abiatzen ziren kaletik. Berdura plazatik Gorritira eta handik Trianguloara, berdin aritzen ziren».

Gereñu letrak jartzen oso ona zela dio Letamendiak, eta gogora ekarri du Burgete ostatuari berak egindako abestiari Gereñuk nola jarri zion letra. «Ostatuaren horman jarri zuten abestiaren partitura letrarekin, eta behin Jose Angel Irigaraik, Ez Dok Amairuko kideak, hura ikusita, letra oso ona zela esan omen zuen». Tolosako Udal Txistulari Bandak 2013an atera zuen diskoaren hainbat kanturen letra egilea izan zen Gereñu.

«Azkeneko urteetan ez, baina lehen ateratzen ginen kuadrillan mozorrotuta hiru egunetan», esan du Garmendiak. «Eta Pako lehen lerroan ibiltzen zen. Inauteriak barrutik eta gogoz bizi zituen». Pako Gereñu «gizon on bat zen, ona eta azkarra. Beti egoten zen laguntzeko prest. Oso atsegina zen berarekin egotea, gauza asko zekizkien. Euskal Herria oso ondo ezagutzen zuen eta oso aberasgarria zen berarekin egotea», gaineratu du Garmendiak. Azkarra buruz eta hankaz ere bazela ekarri du gogora: «Korrika asko egiten zuen, eta batez ere hanka baten gainean artista zen». Bertsolaritza gustuko zuen Gereñuk. «Gaztetan gai-jartzaile aritzen omen zen Seguran. Tarteka botatzen zituen bertsoak, afari giroan eta».

Asteartitako Alboradan egingo diote beste omenaldia. «Hasi baino lehen zerbait aipatuko dugu, eta denok kantatuko dugu Segurako goiza abestia», esan du Letamendiak. Beste kontu bat izango da zein animatuko ote den baratxuri zopa egitera. «Ea norbaitek bere lekukoa hartu dezakeen». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!