Sukaldari txikien eskola bilakatu da Zerkausia

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 7a, 16:31

Gastronomiak ez du adinik, eta Tolosako X. Txuleta festak haurrengana ere hurbildu nahi izan du; burger ikastaroa izan da eguerdian.

Gustuko lekuan ez omen da aldaparik, ezta erlojurik ere. Konturatzerako amaitzea baitoa, atzo hasitako X. Txuleta festa; gaurko afariak eta biharko bazkariak biribilduko dute egitasmoaren hamarkada. Egunotan, ordea, bazkari eta afariez haragoko fabrika bilakatu dute Zerkausia, adin guztietako herritarrentzat. Horrela, children burger tailerra izan da, gaur eguerdian, Sonia Tapiaren eskutik.
Neska-mutilen begiradak ez ezik, helduenak ere erakarri ditu ikastarorako prestatutako mahai koloredunak: opiltxo gorri, berde, hori eta beltzekin atondu dute lanerako mahaia, eta hanburgesa on bat egiteko ezinbesteko osagaiak ere elkartu dituzte.
Lotsati hasi dira haurrak, baina beste gaztetxo bat mokadutxoa prestatzen ikusita animatu dira zenbait, Sonia Tapiaren jarraibideak entzutera.
Eskuzorroak jantzi eta haragi pilotatxo bat hartzea zuten lehen egitekoa, gero haragi hori nahi adina osagai eta espezierekin biziberritzeko; gatza aukeratu dute gehienek.
Behin haragiari grazia emanda, pilota zanpatu eta zartaginerako prest utzi dute. Suaren ardura, noski, Sonia Tapiarena izan da, eta bitartean koloretako opiltxoetatik bat aukeratu behar izan dute haurrek, tailerrean prestatutako mokadutxoa, kaxa dotore batean bilduta, etxera eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!