Iritsi dira hortzak zorrozteko egunak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 6a, 18:10

Hamargarren urtez, Tolosako Zerkausia erretegi erraldoi bilakatu da Txuleta festaren aitzakian; txuletaz gain, haragia gurtzeko modu berriak ere eskaini dituzte, bigarrenez, zizka-mizka gunean.

Marrazki bizidunetako pertsonaiak janari usainaren hariaren atzetik nola, tolosar asko hala bertaratu dira, gaur, Zerkausi ingurura. Eraikina erretegi erraldoi bilakatu da beste behin, eta txingarraren usaina aldameneko kaleetaraino iritsi da eguerdian. Orduantxe ekin baitiote, ofizialki, Tolosako X. Txuleta festari. Parrilen beroak bat egin du herritarren epelarekin, eta Zerkausi inguruak festa-gune itxura hartu du.
Izan ere, ohiko jai egunetako poteoaren ibilbidea zertxobait moldatu dute askok, Txuleta festako zizka-mizka koxka gunera bertaratzeko. Bigarren urtez jarraian, betiko otorduez gaindiko jaki eskaintza egin dute aurten ere, eta haragia eta bestelako osagaiak pintxo originalen neurrian dastatzeko aukera izango da, festa amaitu bitarte, Zerkausiko postutxoetan.
Street Food-a (kalean jateko janaria) gai nagusitzat hartu dute guztiek ere eta, esaterako, Fronton jatetxeko postuan bi mokadu dastatzeko aukera izango da: txuleta-hanburgesa entsalada, tipula eta barbakoa saltsarekin, edo arrautzeztatutako piko-piperra txekor-haragiz eta Ezpeletako piper saltsaz beteta.
Solana 4 tabernaren gunean, berriz, tripaki eta muturrarekin betetako aza popieta prestatuko dute, batetik, eta parrilan Tolosako eran erretako txuleta takoa, bestetik.
Batean-eko postuan hiru zizka-mizka dastatu ahal izango dira: kazuelan pixkana gisatutako haragia, eskuz egindako talo zapalean; txerrikume konfitatuarekin egindako amonaren sagar tarta; eta, azkenik, landare germinatuz, gazta kremaz eta haragiz egindako mokadua.
Ibarra saltxiparra eta txuleta-burgerra izango dira Joxemari Barriolaren bi jakiak, eta Txomin Parrilak, berriz, brasan egindako saiheskia eskainiko du egunotan.
Pintxo, mokadu eta zizka-mizka horiei guztiei laguntzeko, edarien postua 19-90 tabernak jarriko du aurtengo Txuleta festan eta, bermut bereziez harago, beste hainbat edari eskuragarri izango dira zizka-mizka koxka gunean.
Ez da harritzekoa, beraz, herritar askoren zubiak, beste hainbaten jai egunak eta zenbaiten eguerdiko atsedenaldiak Zerkausian bat egin izana, kaleko eskilarak elkargune ofizial bilakatuz.

Betikoaren arrakasta

Mokadutxoak eta edariak dastatzeko gogoz bertaratuekin batera, Zerkausiko leihoen alboan jakien inguruko informazio-gosez bertaratutakoak ere izan dira, bi hitzaldik mamitu baitute X. Txuleta festako lehen otorduaren ataria. 12:00etan, Carnicas Goyako arduradunek Haragiaren heldutasuna saioa eskaini dute eta, jarraian, Casa Nicolas erretegiko Pedro Ruiz aritu da, Sonia Tapiarekin batera, Parrila Tolosan hitzaldia eskainiz. Entzutera bertaratu zirenei haragi mokadutxoak banatu dizkiete, tripazorriak baretu zitezen.

Eta, egiazki, eguerdian Zerkausira bertaratutako inor ez zen, handik, tripa-zorriekin irtengo; hitzaldietan edo zizka-mizka gunean egon ez direnek, bazkarian izan dute gozatzeko aukera.

240 pertsona inguruk bete dituzte txukun eta dotore atondutako mahaiak eta, betikoaren arrakastari helduz, eskuz moztutako urdaiazpikoa, Nafarroako zainzuriak, Tuterako kukuluak, txuleta eta pikilloko piperrak, Idiazabal gazta eta azkenburu tolosarra dastatu dituzte, teila, zigarrotxo eta xaxuen eskutik.

Txuleta festak asko du oraindik emateko, eta bihar gaztetxoenen txanda izango da, 12:00etan, children burger tailerrarekin. 13:00ean txistorra prestatzen irakatsiko du Joxemari Barriolak, eta 18:30ean heldutasun desberdineko haragi dastatzea izango da. Iluntzean, berriz, gin-tonic lehiaketa izango da, DJaren musikaz girotuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!