Txuleta izango da festarako ezinbesteko osagaia Zerkausian

Ane Urkola 2016ko aza. 29a, 18:15

Txuleta Festaren X. edizioa izango da abenduaren 6tik 8ra Zerkausian. Tolosako Udalak, Tolosako erretegiek eta Zizka Mizka Koxka guneko kideek antolatu dute jaialdia.

Ez-ohiko itxura du Burruntzi erretegiak: fokoak, kartelak eta gonbidatu bereziak, besteak beste. Prest dago Juanjo Pascual erretegiko arduraduna ere barraren atzealdean. Ez dago bakarrik, ordea; parrillaren gainean dago dagoeneko festa honetako izarra: txuleta, alegia. Sua piztu du Pascualek, eta sugarraren indarrarekin batera, hasi da haragia egiten; horrela aurkeztu dute aurtengo Txuleta Festa.

Ez da kasualitatea: Tolosako erretegien laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke-eta jaialdi hori antolatzea. Horrela aitortu du Olatz Peon Tolosako alkateak: «Eskerrak ostalariei, eta bereziki, Tolosako parrilleroei: edizio honetan egindako lanagatik bakarrik ez, baita Tolosaren izena mundu osoan zehar zabaltzeagatik ere».

Burruntzi erretegiaz gain, Orue, Casa Julian eta Nicolas erretegiek ere hartuko dute parte aurtengo jaialdian: «Lan gogorra da, baina Zerkausia bezalako eskaparate ederrean jakiak sukaldatu eta ematea ederra da bai guretzat, eta baita bezeroentzat ere», azpimarratu du Pascualek.

Abenduaren 6tik 8ra izango da aurtengo jaialdia eta hiru egun horietan lau otordu eskainiko dituzte: abenduaren 6an eta 8an, bazkaria eta abenduaren 7an, bazkaria eta afaria. Guztira, 200 pertsonarentzako otordua eskainiko dute zerbitzu bakoitzean, eta Tolosaldeako Tour turismo bulegoan daude sarrerak salgai: 943 69 74 13 telefono zenbakira deituta edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatzita ere eskura daitezke.

Dastatzeko eta ikasteko aukera

Ukaezina da txuleta izango dela jaialdiko izarra. Nolanahi ere, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte ikasteko eta gozatzeko. Abenduaren 6an, esaterako, bi hitzaldi antolatu dituzte bazkal aurretik: alde batetik, haragiaren heldutzearen gaia landuko dute Zerkausian. «Gaurkotasun handiko gaia da; sektore horretako profesionalei zuzenduta dago eta parte hartuko dute Basque Coulinary Centerreko kideek, herriko parrilleroek eta harakinek», adierazi du Peonek. 13:00etan, Parrilla Tolosan hitzaldia eskainiko dute Casa Julianeko Pedro Ruiz eta Matias Gorrotxategik.

17:00etan, pilota jaialdia izango da Beotibar Pilotalekuan. Gorkak eta Merinok jokatuko dute Jaka eta Tolosaren aurka. Urrutikoetxea eta Beroiz lehiatuko dira Altuna eta Barriolaren aurka, eta Dario eta Martijak jokatuko dute Elordi eta Cecilioren aurka.

Zizka mizka gunea, girora hurbiltzeko gunea

Bertako produktuekin pintxoak egiten dituzten gunea da Zizka Mizka. «Giroa ikusi eta nolabaiteko dastaketa egin nahi dutenentzat da leku hori», azpimarratu du Peonek. Bertako koordinatzailea izango da Sonia Tapia: «Iaz hasi ginen gune horrekin, eta oso gustura egon ginen. Aurten ere errepikatu egingo dugu; Street Food-a da aurtengo gaia», zehaztu du Tapiak.

«Pintxoak beste modu batera jateko aukera izango da, eta tailerrak ere egingo ditugu haurrentzat», azaldu du koordinatzaileak. Herriko harategi eta tabernen laguntza izango dute, baita Basque Coulinary Centerreko ikasleena ere. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte: Children burger tailerra antolatu dute haurrentzat abenduaren 7an, asteazkenean; iluntzean, berriz, Gin Tonic txapelketa egingo dute 19:30ean. «Gu oso gogotsu gaude, eta ea jendea animatzen den».

Txuletak kolore gorrixka hartu du dagoeneko. Platerean dago eta usai ederra dario. Mahai tresnak inguruan, eta berari laguntzeko ogia zatituta. «Dena prest dago iada. Giro bikainak eta jaki are hobeak ez du hutsik egingo. Nahi duen oro gonbidatuta dago».

X. Txuleta Festa

Abenduak 6, asteartea

12:00. Haragiaren heldutasuna hitzaldia Cárnicas Goyako Josenane eskutik, Zerkausian.

13:00. Parrilla Tolosan hitzaldia Casa Julianeko Pedro Ruiz eta Matias Gorrotxategiren eskutik. 1

17:00. Profesionalen arteko pilota partidak, Beotibar pilotalekuan.

19:00. DJa Zizka Mizka Koxka gunea alaitzen.

Abenduak 7, asteazkena

12:00. Children burger tailerra txikienentzat, Zerkausian.

13:00. Prestatu zure txistorra tailerra Jose Mari Barriola harategiaren eskutik, Zerkausian.

18:30. Heldutasun ezberdineko behi txuletaren kata sektoreko profesionalentzat, Zerkausian.

19:00. DJa Zizka Mizka gunean.

19:30. Gin-tonic lehiaketa.

Abenduak 8, osteguna

11:00. Zesta puntako III. Elola Memorialaren finala, Beotibar pilotalekuan.

13:00. Kaskeria, itzulia mahaietara hitzaldia Bateaneko Imanol Zubelzuren eskutik.

13:30. La Vermuteria tailerra, Zerkausian. Udal Txistulari Bandaren kontzertua, udaletxeko aterpean.

16:00. Txuletaren festako II. Jaialdia, Beotibar pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!