Ostegun Gizenaz geroztik zeruari begira jarrita, ateri esnatu da Tolosa Zaldunita egunez, eta Dianak milaka herritar altxarazi ditu ohetik, aterkirik hartu behar izan gabe.
Tolosar bakoitzak bere erara bizi du inauteria, eta gauza bera gertatzen da Dianarekin ere. Bada pijama jantzita joaten denik, eta baita Dianarako bereziki prestatutako mozorroa plazaratzen duenik ere.
Beste askok, balkoira atera eta leihotik guztia ikustearekin hasten dute mozorroen festa etengabea, beheko txarangazaleei konfetiak botaz. Salda beroarekin goiza goxatzeko erraztasunak ematen dituenik ere bada, eta baita belaunaldirik berrienei inauterizaleen ohiturak erakutsi nahi dizkienik ere.
Gorputza epeltzeko saltoka hasitako goiza kafetegietan gosaria legea eginez osatzen dute gehienek. Tolosako Musika Bandako kideek, berriz, Diana 103 aldiz jo ondoren gustora hartuko dute atseden. Eta behin ohetik jaikita, danbolin hotsak eta txaranga alaiak nahiz ehunka karroza eta konpartsa nagusi izango dira gaur.