«Bakoitzarengandik hasi behar dugu lehenengo, besteengana iristeko»

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 1a, 11:10

Beatriz Ezeiza irakasle, pedagogo eta adimen emozionalean adituak tailerra emango du autoestimuari buruz Orendainen. Bihar izango da tailerra, 18:00etatik 20:00etara, kultur etxeko liburutegian. Sarrera doan da eta interesa duten guztiei zabalduta dago.

Zer da autoestimua?

Gure buruaz egiten dugun balorazioa da autoestimua. Azken finean, gure buruarengan zer konfiantza maila daukagun, eta gure burua zenbat maite dugun. Honek lagunduko digulako egunean zehar ditugun hainbat alorrei aurre egiten. Autoestimu egoki bat daukan haurrak edota pertsonak gaitasun hori garatu egiten du. Bere buruarengan konfiantza dauka eta gai sentitzen da hainbat egoerei aurre egiteko. Aldiz, kontrakoa, autoestimu baxua duen haur edo pertsona batek zailtasun gehiago ditu egunerokotasunean agertzen diren edozein arazori aurre egiten.

Batez ere gurasoei zuzenduta dago tailerra, bere seme-alabei begira, edo norberarentzako ere izan daiteke interesgarria?

Edozeinentzako izan daiteke. Orokorrean eta askotan etortzen dira gurasoak, adin ezberdinetakoak gainera, horrelako ibilbide bat egingo baitut haurra txikia denetik nerabezarora arte. Tarteka irakasleak ere etortzen dira, azken finean lantzen ditugun hainbat gai geletan ere landu ahal izateko oso ondo etortzen baitira. Edozein pertsona izan daiteke tailerrera etorri daitekeena, amona, aitona, izeba, osaba... Gaur egun, azken finean, haur artean denok gabiltza, eta gizartea denon artean osatu behar dugu, eta oso ondo datorkigu, norbanakoari ere. Oso gai polita da, eta beti ikasten dugu. Lagungarria izan daiteke norberak bere burua arlo honekiko nola ikusten duen aztertzeko. Eta ikusten duen horren arabera zer egin dezakeen ikusteko.

Nola eraikitzen da autoestimua? Ez da izango egun batetik besterako bidea, ezta?

Ez da gaur-biharreko kontu bat, ez. Haurra jaiotzen denetik poliki-poliki eraikitzen joaten da. Zutaberik garrantzitsuena da txikitatik zer lotura afektibo egiten duen bere lehenengo zaintzaileekin, eta normalean bere lehenengo zaintzailea ama izaten da, eta ondoren aita. Haurra poliki-poliki atxikimendu ziurra garatzen doan heinean, bere buruarekiko askoz ere ziurrago sentitzen da. Eta nola joaten da eraikitzen hori? Pista oso ona da ama batek, aita batek, lehen zaintzaile hauek, haurrak ematen dizkien seinaleei nola erantzuten dien. Haurra txikia denean komunikatzen da negarraren bidez, eta negarra egiten du ondo sentitzen ez denean, mina duenean, gosea duenean..., eta gainera negar mota ezberdina erabiltzen du. Haurrak negar egiten duen bakoitzean sentitzen badu lehen zaintzaile horrek kasu egiten diola, haurrak sentitzen du une horretatik zaintzaile horrentzat garrantzitsua dela, onartua dela, maitatua dela. Horrela hasten da poliki-poliki eraikitzen.

Atxikimendu ziurra garatzeak sekulako garrantzia du. Askotan zenbait faktoreengatik ez da posible izaten hori garatzea, baina kontuan izan behar da beti erreparatu daitekeen zerbait dela, beti gabiltzala garaiz erreparatzeko.

Autoestimuaren garapenean zer leku du norberaren onarpenak?

Oso galdera garrantzitsua da hori. Txiki-txikitatik haurrari eman behar diogun mezua da: «Zu bakarra zara mundu honetan, eta bitxi bat zara». Gutako bakoitza bakarra da, ez dago munduan beste bat gure berdina dena, eta bakoitzak ditugu gure berezitasunak, eta horrela hezi behar ditugu haurrak. Zer gertatzen da askotan, zer mezu jasotzen dira? Haurrak gaur egun perfektuak izan behar direla, denetatik jakin behar dutela, eta exijentzia maila ikaragarria dago gizartean. Eta nik uste dut guraso bezala oso argi eduki behar dugula gure seme-alaba nolakoa den, gure seme-alabak zer behar dituen, eta lehenengo saiakera behar horiei erantzuten ahalegintzea dela.

Nola lagunduko diot seme-alabari dituen gaitasunekin, hutsuneekin, ahuleziekin, ilusioekin, dituen beste hainbat gauzekin onartzen? Nondik hasi? Guraso bati oso zaila egingo zaio bere seme-alaba berezitasun guzti horiekin onartzea, bere burua ez badu aldez aurretik onartua. Beraz, oso garrantzitsua da nik ama bezala nire buruarengan zer konfiantza maila daukadan, nire burua zenbat maite dudan, hori egunerokotasunean nabaritu egingo baita. Nire jarrerarekin seme-alabek hori nabarituko dute. Beraz, lehenengo bakoitzarengandik hasi behar dugu, besteengana iristeko. Nia oso garrantzitsua da nire seme-alabengana iristeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!