«Beharrezkoa da egun elikaduraz dugun ulermena zabaltzea»

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 13a, 08:00
Garbiñe Etxaniz. GOIERRIKO BARATZA

Elikadura energetikoaz tailer teoriko-praktikoa emango du osasun integratiboan aholkularia den Garbiñe Etxaniz beasaindarrak Orendainen. Eltxo elkartean izango da tailerra, gaur, 17:30etik 20:30era, udalak eta kontsumo taldeak antolatuta. Prezioa 20 euro ingurukoa izango da, eta partaide kopuruaren arabera zehaztuko da. Izena emateko udaletxeko 943 65 40 64 telefono zenbakira deitu daiteke, edo agenda21@orendain.eus helbidera idatzi, eta epea 13:00etan bukatzen da.

Nola izango da tailerra?
Lehenengo hurbilketa bat egingo dugu elikadura energetikora, oinarri batzuk hartzeko. Beti gustatzen zait alde batetik teoria ematea eta bestetik praktika. Pentsatzen dut teoriak praktikarik gabe ez duela ezertarako balio, eta praktikak teoriarik gabe arriskutsua izan daitekeela. Horregatik gustatzen zait biak uztartzea.

Edukiei dagokionez, besteak beste, yin-yang teoria, eta elikagaiek nola sendatu eta gaixotu gaitzaketen azalduko duzu.
Yin eta yang energiek zer mugimendu egiten dituzten naturan eta guregan azalduko dut. Autoezagutza tresna bat da, oso baliagarria nire ustez, laguntzen diguna momentu bakoitzean nola gauden jakiten, eta horren arabera zein elikagai komeni zaigun edo nola lagundu dezakegun gure gorputzari hobeto egoten. Oinarrizko ezagutza hori hartu eta elikagaiak gure alde erabiltzen ikastea da asmoa.

Elikagaiek denoi berdin eragiten digute?
Elikagaiek denoi eragiten digutela oso argi dut. Gero beste kontu bat da gaizki jateagatik bakarrik gaixotzen garen. Ez dut uste horrela denik, gaixotasun baten barruan faktore asko daude, eta horietako bat da elikadura, niretzako gaur egun garrantzitsuena izan daitekeena. Gure elikadura asko oinarrituta dago produktu prozesatuetan. Ez zait gustatzen horiei elikagaiak deitzea. Jangarriak dira, baina ez gaituzte elikatzen. Jaten dugun horrek noski gaixotzen gaituela, jaten duguna delako gure gorputzari ematen diogun materiala: odola sortzeko, konpondu behar diren gauzak konpontzeko... Beraz, guk ematen diogun hori ez bada gure gorputzak edo gure buruak behar duena, gaixotzen joaten gara. Gero bakoitzak duen gorpuzkeraren arabera, toxikotasun maila handiagoa edo txikiagoa jasango du; hori jaiotzetik dakarkigun kontu bat da eta ezin dugu aldatu. Baina elikadurak bai laguntzen digula gure gorpuzkera dena delakoa izanda ere, ahalik eta egoera onenean egoten.

Beraz, «zer jan, hura izan» esamoldearekin ados izango zara?
Bai, eta uste dut beharrezkoa dela gaur egun elikaduraz dugun ulermena zabaltzea. Askotan ez dugu pentsatu ere egiten zer jaten ari garen. Oso ekintza mekanikoa izaten da: mahaian esertzen gara eta jaten dugu platerean dagoena; askotan tragatu egiten dugu, mastekatu gabe, ez diogu inongo arretarik jartzen platerean dugun horri... Ikuspegi hori zabaldu beharra dago eta errespetu gehiagorekin begiratu elikagaiei. Konturatu behar gara ez dela bakarrik gure gosea asetzeko hartzen dugun zerbait, baizik gure gorputza sortu, berregituratu eta berritu egiten duena dela. Beti esaten dut zer jaten dugun oso garrantzitsua dela, eta hori bezain garrantzitsua da nola jaten dugun, gure jarrera jaterakoan.   

Nola elikatzen gara orokorrean?
Nahiko gaizki. Gizartearen antolamendua asko aldatu da. Sukaldeak gaur egun garrantzia handia galdu du etxeetan. Konturatzen bagara lehengoko sukaldeak nolakoak ziren tamainaz bakarrik, etxeetako erdigunea ziren eta mahai handi bat egoten zen. Gaur egun sukaldeari leku handia kendu zaio eta egongela handi bat dugu, telebista handi batekin. Fisikoki ere ikusten da garrantzia galdu duela. Gero, beti kexatzen gara ez dugula denbora sukaldatzeko eta joaten gara supermerkatuetan aurretik sukaldatuta edo erdi-sukaldatuta dauden jaki horietara, beti plastifikatuta-eta daudenak. Ulermen falta hori dago hor, elikagaiek benetan zer esan nahi duten. Ez diogu garrantzirik ematen, edozer gauza jan korrika eta jarraitzen dugu gure bizitzarekin ahal dugun bezala.

Zer beste gabezi ditugu?
Gaur egun dugun arazoetako bat da gure erosketa ohiturak aldatu egin direla, baina bestetik ere nekazaritza intentsiboaren ondorioak jasaten ari gara. Nahiz eta zu saiatu benetan ondo elikatzen, eta barazkiak eta frutak erosten, egia da horien kalitatea ere gutxitu egin dela. Gutxitu egin da lurra, airea eta ura kutsatuta daudelako, eta, beraz, egun ditugun elikagaiak ez dira nutrizionalki orain ehun urtekoak bezain aberatsak. Horregatik nekazaritza ekologikoa eta biodinamikoa sustatzeko beharra, eta guk erosle bezala kontzientzia hartzeko beharra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!