Anjel Arrospideren liburua aukeztu eta omenaldia egin diote Leaburun

Leyre Carrasco 2022ko urt. 23a, 14:44

Alvaro Bermejo idazlek eta Joseba Urretabizkaia argazkilari eta editoreak liburu berria kaleratu dute, 'Anjel Arrospide, gizona eta bere aizkora' izenpean. Leaburuko aizkolaria izan da oraingo honetan lan berriaren protagonista, eta horregatik, herriko beste sei kirolariekin batera omendu ditu Leaburu-Txaramako Udalak.

Txapel ugari jantzi eta apostu ugari jokatu izan ditu Anjel Arrospide aizkolariak. 1980an hasi zen aizkoran. Hain zuzen, bere jaioterriko festetan, Leaburun egin zuen bere lehen erakustaldia. Ordutik herriko izena munduko hainbat txokotara zabaldu du, baita bere profesionaltasuna ere. Bere lorpenen artean, aipatzekoa da Euskal Herriko sei txapelketa irabazi zituela jarraian, 1990etik 1995era bitarte. Hori dela eta, liburuaren aurkezpena ez ezik, omenaldia ere egin nahi izan dio Leaburu-Txaramako Udalak.

Gaurkoan, Arrospidek maisu izan dituen aizkolariak izan dira bertan, baita ibilbidean kide izan dituen hainbat aizkolari ere. Joxe Aierbe, Joxe Ugarteburu, Fausto Mugerza, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Julen Alberdi eta Iñaki Azurmendi izan dira aizkorak altxata Arrospideri ongi etorria eman diotenak, eta Anjel Mari Peñagarikanoren bertsoek goxotu dute giroa.

Omenaldia

Leaburu-Txarama herri txikia da, baina kirolari handiz beterik dago herria. Horren adibiderik nabarmena da Anjel Arrospide. Hala ere, gaurkoan herriko beste sei kirolari ere omendu nahi izan ditu Leaburu-Txaramako Udalak, “euren lana eta ibilbidea goraipatzeko”. Lorentzo Arruabarrena pilotaria, Eustaquio Adurriaga kurtista, Josune Gorostidi txirrindulari eta herri kirolaria, Jon Arrospide txirrindularia, Jon Irisarri txirrindularia, eta Unai Zabala aizkolaria izan dira Arrospiderekin batera oholtza gainera igo diren beste kirolariak.

“Guztiek lagundu dute herriaren izena zabaltzen, guztiak gure errepresentazio moduan ibili dira. Esfortzu eta lan handiaren ondorioz, norberak bere kirol arloan helburu desberdinak lortu ditu eta herriko kirolari gazteentzat ere erreferente dira. Eurak ere omenaldi bat merezi dute eta herriaren esker ona egin duten lan guztiagatik, izan ere, bakoitzak bere lekura iristeko esfortzu handia egin behar izan du”, esan du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!