Sionista bat bidaia-lagun

Erabiltzailearen aurpegia
Soldadu israeldarrak Zisjordanian kokatzen den Hebron hiriko alde zaharrean. URA ITURRALDE

Tristura baino gehiago, nazka ematen dit gaur egun Palestinak eta bereziki Gazak bizi duen egoera ikusteak. Orain dela egun batzuk izan nuen aukera Nablus hirian, Zisjordanian, bizi den nire lagun Naserekin hitz egiteko. Hark esanda dakit, istiluak herri guztietara zabaldu direla eta honi pandemia gehitzen badiogu, tamalgarria dela bizitzen ari direna. 

Nahiz eta su-etena adostu duten, berak ez du inongo federik. Gatazkak hor jarraituko du Israelek bere jarrera kolonizatzailea aldatzen ez duen bitartean. Baina zerk bultzatzen die horretara? Zergatik sentitzen dute Palestina beraien lurra dela?

Orain dela urte batzuk Thailandiatik Laoserako bidaia batean ezagutu nuen mutil gazte batek erantzun zituen nik buruan nituen galdera guztiak. Itsasontzi txiki batean gindoazen ibaia zeharkatzen hogeita hamar bat lagun, hizketan, elkar ezagutuz. Alboan nuenak bere burua aurkeztu zuen orduan, Omer zuen izena eta Tel Aviv-ekoa zela esan zidan, Israelen derrigorrezkoa den hiru urteko soldaduska amaitu ondoren, Asiatik urtebeteko bidaia gauzatzen ari zela ere zehaztuz. Ibilbide luzea genuen aurretik eta azkenik lagunak egin ginen. Ikusirik konfiantzan ari ginela, buruan bueltaka neramakien galdera bota nion, aldez aurretik asko pentsatu gabe: «Omer, eta zer iritzi duzu Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruz?» Hobe isilik geratu banintz, erantzuna ez bainuen espero.

«Geurea dena defendatzen ari gara besterik ez. Juduen tradizioak dio, gaur egun Israel kokatzen den eremua, Jainkoak, Abrahami eta bere ondorengoei agindu zien lurra dela. Jainkoak aukeratutako herria gara, hori da zuek ulertzen ez duzuena. Telebistan ikusten dituzuen irudiak manipulazio hutsa dira, gu soilik terroristen aurka borrokatzen dugu, ez ditugu haurrak eta emakumeak hiltzen komunikabideetan esaten den bezala, argi utzi nahi dut erasoengandik babesten ari garela soilik. Ez dizuete historia ongi erakutsi, guk ordea prestakuntza ezin hobea dugu, txikitatik erakusten zaigu eskolan judutarrek jasan behar izan genuen guztia, bigarren gerrate mundialetik hasita, gaur egun arte. Pentsa, Holokaustoa, zer esaten didazu honi buruz?».

Zaplazteko bat emateko gogoa besterik ez nuen momentu hartan, lasai, eztabaidan, aztoratu gabe jarraitzea erabaki nuen.

Nahiz eta su-etena adostu duten, berak ez du inongo federik. Gatazkak hor jarraituko du Israelek bere jarrera kolonizatzailea aldatzen ez duen bitartean.


«Omer, iruditzen zait zuek berdina egiten ari zaretela Palestinarrekin baina pixkanaka, nazioarteko komunitateak beste alde batera begiratzeko aukera izan dezan».

Orduak eta orduak igaro ondoren jada jakingo duzue sekula ez ginela adostasun batera iritsi. Luang Prabang, gure helmugara ailegatu ginenean elkarrekin afaltzeko gonbita ere bota nion eta berak onartu. Benetan bere ikuspuntua zertxobait ulertzeko ahalegina egin nuela, baina ez nuen lortu. Ez nion esaten zidanari inongo zentzurik harrapatzen.

Handik urte batzuetara Palestinara bidaiatzeko aukera izan nuen eta iritsi bezain laster gogoratu nuen Omerrek eta nik elkarrekin igaro genuen egun hura. Palestinarrek egunero gainditu behar dituzten oztopoak ikusita, orain bai, lasai esan dezaket nik arrazoi nuela.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!