Koronabirusa

Zuei esker

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2020ko mai. 22a, 19:00

Konfinamendu garaia ez zen erraza izan niretzat lehen egunetan, galduta sentitu nintzen, ez nuen jakin nire egunerokotasuna egoera berrira ondo moldatzen etxean, bidaiatu gabe gelditu behar nuela pentsatze hutsak nire egunak goibeltzen zituen. 

Egia da orokorrean ordu asko igarotzen nituela aurretik ere ordenagailuan proiektu berriekin ametsetan, denak zapuztu zitzaizkidan ordea pandemia gurera iritsi zenean. Sekula ez nuen pentsatu larrialdi egoera honetara iritsiko ginenik eta askotan telebistan ikusi izan ditudan pelikulen protagonista bat bezala ere sentitu nintzen, begi bistan nuena ezin sinetsi eta askotan errealitatetik urrun, oso urrun. Egunak aurrera zihoazen heinean ordea neure buruari esan nion amesteari utzi eta nire bizia errealitate berrira egokitu behar nuela ahalik eta azkarren, baina nola hasi ordea?

Alde batera utzi nituen behingoz buruan nituen bidaia guztiak eta egunak beste era batetara antolatzen saiatu nintzen. Zuek egiten duzuen moduan, tarte bat bera ere alferrik galdu gabe. Oso lagungarri izan ziren niretzat batera igaro genituen une haiek, zuek lanean eta ni kamerarekin jarraika, goizetik iluntzera arte.

«Gu ez gara sekula aspertzen!» , jakingo bazenute zein baliagarriak izan diren hitz horiek niretzat… Zuen antzera banatu nituen orduak nik ere, goizean goiz jaiki, lehendabizi ingelesa errepasatu, ondoren irakurri, arratsaldean ariketa fisikoa egin eta azkenik eguna balkoian amaitu… Baratzean igarotzen zenuten denbora horri omenalditxo bat egin nahian bezala.

Gurutze, zu bizikleta estatikoan kirola egiten zenuen momentu berean ni korrika nenbilen beroketetan nire gelan, Rosario zu baratzean piperrak jasotzen zeundenean, ni arnasa hartzen balkoian, Mikaela zu errezatzen zeunden bitartean ni irakurtzen, Lourdes eta Genoveva josten edo kozinatzen zeundetenean ni ziur dokumental bat ikusten.

«Hara, ni ere ez naiz aspertzen!», pentsatu nuen, eta baita ere sentitu konfinamenduan ez nuela denborarik izango hasi berri nituen ikasketa eta lan guztiak bukatu ahal izateko.

Oso lagungarri izan ziren niretzat batera igaro genituen une haiek, zuek lanean eta ni kamerarekin jarraika, goizetik iluntzera arte

Orain egoera oso desberdina da, kalera irten gaitezke, kirola egin, lagunekin egon eta nire kasuan kamera berriro eskuetan hartu eta lanean hasi.

Laburbilduz esan dezaket nire konfinamendua ez dela oso gogorra izan, ni naizen bezalakoa izanda ere, mugitua, ameslaria eta bidaiari amorratua, ez zaidala luze egin. Denetik ikasten da, momentu historiko bat bizitzen ari gara eta ezin geratuko gara alde txarrarekin bakarrik.

Itxialdi honek on egin didala ere esango nuke, neure buruarekin gehiago egoteko aukera opari bat ere izan delako zentzu batean.

Gaur, badakit gai naizela moldatzeko, berrantolatzeko, sekula ez aspertzeko… ZUEI ESKER.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!