HITZEZ HITZ

Euskara eta edadekoak

Erabiltzailearen aurpegia

Belaunaldi ahaztua izaten dira maiz, eta halatsu hizkuntza politiketan ere. Haurren erabilerak sortzen du kezka, eskolaren hutsuneek, gurasoen hizkuntza ohiturek, euskararen etorkizunak. Baina inork gutxik hitz egiten du adinekoei buruz. 

Edadeko euskaldunei buruz: hamarkadetan jasan zuten zapalkuntzari buruz, barnean dituzten zauriei buruz. Eta edadeko erdaldunei buruz: euskara ikasteko inork baino egokiera txikiagoa izan dutenei buruz. Ez dira hartzen jende talde funtsezko modura. Baina ez da ahaztekoa haien eragin soziala, eta justiziazkoa da belaunaldi hori ere kontuan hartzea.

Tolosaldean 7.000 herritar inguru ez dira gai euskara ulertzeko ere —biztanleen %16—, eta multzo horretan jende heldua da nagusi: bostetik bik 60 urte baino gehiago dituzte. Askoren etxean, hautsi egin zen euskararen transmisioaren katea; beste asko ez ziren Euskal Herrian jaio, eta bizimodu hobearen bila iritsi ziren. Seme-alaba euskaldunak dituzte askok, edo euskara ulertu behintzat egiten dutenak; ia denek, biloba euskaldunak. Hautsitako haria bezala geratu dira, jostura egin ezinda. Eta horrek eragin handia du, haiengan ez ezik, inguruan: bilobak zaintzen dituzten aitona-amonak dira, familiako otorduak prestatzen dituztenak, sendi askotan eusle rola daukatenak.

Euskaltegietan gutxiengo nabarmena dira 60 urtetik gorako ikasleak. Ez da harritzekoa: ez da haientzat egokitutako eremua. Ez dute titulurik behar —nahiz eta euskaltegietako matrikularen doakotasuna horrekin lotu duten erakundeek—: belarriak behar dituzte, ulermena gutxienez, eta ahoa, komunikazio gaitasun ahalik eta handiena. Eta begiak, baita euskaraz hitz egiteko gai direnek ere: euskaraz irakurtzeko gaitasuna, euskal hedabideak eta argitalpenak irakurri ahal izatea ez dadin izan adin batetik beherako herritarren pribilegioa.

Badago lantzeko eremu bat. Gero eta jende multzo antolatuagoa da adinekoena, eta funtsezkoa da hizkuntzaren ardatza mugimendu horretan ere txertatzea: elkarteetako ikastaro eskaintzan sartzea euskara ikasteko aukera, asteroko ibilaldiak eta aisialdiko ekintzak baliatzea erabilera bultzatzeko, elkarteetako jardunean hizkuntza zaintzea... Erronka da euskalgintzarentzat ere: begirada zabaltzea eskatzen du, euskararen indarberritzea soilik belaunaldi berrien gain ez uztea, euskalduntzeari osotasunez heltzea. Iraganari begira, justiziazkoa da; etorkizunari begira, funtsezko inbertsioa.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!