Hitzez Hitz

Ikuskera berria

Erabiltzailearen aurpegia

Gure etxean ere, erori gara. Streaming bidezko telebistaren harpidetza egin dugu, azkenean. Urte batzuk dauzkagunok, eta arrakala digitala nola edo hala pasatzea lortu dugunean, ez genuen geratu nahi orain ikus-entzunezkoek daramaten norabidean sortu den beste zanga antzeko hori pasatu gabe.

Orain edo inoiz ez! Bizpahiru gazte inguruan dituzula sortutako edozein hitz-aspertutan, ezinbestean aterako da, halako eta halako telesailaren edo filmaren inguruko konturen bat; eta hortik aparte ez geratzearren.

Lekutan geratu dira, guk ezagutu genuen zuri-beltzezko telebista bakarraren telenobelak, lehiaketak eta pelikulak. Ez zenuen eskolan edo lantegian galdetuko, halakoa ikusi zuten. Ikustekotan, hura eta ez besterik. Ez zegoen eta. Gogoan dut, futbola batere gustatzen ez eta, partida biharamunean, lantegian beste konturik izaten ez zelako, xehetasunak emanez kronika laburra egiteko eskatzen ziguna: golegileak, minutuak, kanporatuak, eta abar. Gosaltzerakoan apunteak irakurri, eta ondo enteratuta joaten zen goizean goiz lanera. Zer komentatua izateko. Arrakalan ez erortzeko.

Garaiotan, berriz, ez duzu faltako hau ikusteko eta hura ez galtzeko gomendiorik. Eta orain arte faltan sentitu ez dituzun terrenoetan sartzen zara. Eta, konturatzerako, kateatuta. Engantxatuta esaten diote gazteenek.

Eta hori, guk beste garai batzuk ere ezagutu genituenik. Gurean, pertsona beltzik inguruan izatea arraroa zen urteetan, telebistaren bidez ohitu ginen, azal ondo beltzekoak ere euskaraz egiten ikustera. Horrek gure buruetan euskarari beste mugak zabaltzeko balio izan zigun. Eta hori euskarazko orduko telebista bakarrari zor diogu, bere akats eta gabezia guztiekin. Orduko bakarraren ondoan, badira euskarazko beste eskaintza batzuk, baina munduko kate eta mega guztien itsaso ia infinituan, ez itotzeko sekulako ahaleginean.

Oraingo ikus-entzunezko molde berriokin, bistan da irabazteko gutxi duela euskarazko kontsumo ez hain ugariak. Euskarazko eskaintza hori eskura izatera ohitu gara. Lortzea zenbat kostatu zenaz, eta daukagun apurra galtzeko dagoen arriskuaz ohartu gabe.

Baina hau ere ez da betirako izango. Etorriko dira telebista eta, akaso, zinema ikusteko modu berriak. Eta, guk bezala, hemendik urte batzuetara oraingo gazteek kontatuko dute aspaldian zer ezagutu zuten, eta nola joan ziren egokitzen, eta agian kezkaren bat agertuko dute etorriko zaienaren inguruan. Eta batzuk, seguru, euskarak mundu berri horretan irauteko izango dituen zailtasunez.

Orduan ere, zulo batetik ateratzeko inertziaz handiago batean erortzeko arriskua ez da urruti izango.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!