Hitzez Hitz

Inork ez zizun esan

Erabiltzailearen aurpegia

Inork ez zizun esan zein nekeza den, hobe zenuela hautatzea bezperatik dena prest uztea, ibili gabe goizean makarrak kendu ezinik eta txapa bila, nagiak ateratzeko denborarik gabe eta aho bero txapa madarikatzen, gosaria kontrako eztarritik eta txapa auskalo,

goizeko zazpietan, Euskaraldiaren lehen egunean, inork ez zizun esan zein nekeza den, hobe zenuela pentsatzea txapa non jarri, jertsean ala txamarran, noiz ezkutuan eta noiz bistan, ostiralez, goizeko bederatzietan euripean erabaki ezinik aritu gabe, inork ez zizun esan, hobe zenuela hautatzea Uemaren prestakuntza saioetara joatea pintxo potean galdu gabe Euskaraldiaren lehen egunaren bezperan, jakingo zenuela hartara biharamunean kafe garaian zer egin, inork ez zizun esan, edo agian bai, hobe zenuela hautatzea Belarriprest izatea, prest egon behar dela aho bizi izateko, ez dela nahikoa euskaldun euskaltzale izatea, inork ez zizun esan, eta zeuk ere ez diozu inori esango zenbat aldiz lotsagorritu zinen ostiralez, Euskaraldiaren lehen egunean, ohartu zinelako ohartzerako erdaraz erantzuten zeniola erdaraz galdetzen zizunari, goizeko zazpietan presaka aurkitu eta azkenean, euripean, jertsean baina txamarra irekita jartzea erabaki zenuen txapa bistan zenuela, inork ez zizun esan, zein nekeza den jendearen bularrera disimuluan begiratzea, txapa bila, Euskaraldiaren lehen egunean, konturatuko zinela zenbat erdaldun elebakar dagoen urrutira joan gabe eta zenbat euskahaldundu urrutixeago joanda, inork ez zizun esan, kasik gehiago hitz egiten duzula whatsappez ahoz baino, eta jendea zu baino bizkorragoa dela orokorrean, auskalo ze aplikaziorekin norbere argazkia txapa barruan sartzeraino, inork ez zizun esan, hain mesfidati batzuek eta batzuei, hain etxeko besteek eta besteei begiratuko zizutenik eta zenienik txapa bategatik, inork ez zizun esan eta ez zenuen asko espero hainbeste buruhauste emandako txapa garbitzera botako zenuenik ostiral iluntzean, Euskaraldiaren lehen egunean, inork ez zizun esan garbigailuak buelta bakoitzean gogoraraziko zizunik zein ederra den euskaldun izatea, eta zein aspergarri behar duen izan munduko hiritar izatea hautatzeak.