ataria.eus

Sormenetiken laugarren edizioa Anje Duhalderekin

Erabiltzailearen aurpegia   kultura

Kultura, euskara eta azoka lotzeko helburuarekin jaio zen Sormenetik egitasmoa Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik. Dagoeneko hiru edizio egin ditu Sormenetikek eta laugarren honetan, Anje Duhalde musikari arrangoiztarra izango da gonbidatua.

Saioa urriaren 21ean egingo da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. 12:00etatik aurrera, Garbiñe Ubeda kazetari eta idazle tolosarrak elkarrizketatuko du Duhalde. Bere ibilbidearen, euskal kultur sorkuntzaren eta Ipar-Hego Euskal Herriaren arteko harremanaz jardungo da gonbidatua. Horrekin batera, musikari lapurtarraren kantuez gozatzeko aukera ere izango da larunbat eguerdian. 

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaile baten ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du, pintxoak dastatu eta marrazki sorkuntza aldi berean ikustearekin batera. 

Izan ere, 1970eko hamarkadan ekin zion bere ibilbideari Anje Duhaldek. Euskal Rockaren aitzindari izan zen Errobi taldea sortu zuen ondoren Mixel Ducaurekin batera. Ordutik hona, bakarka zein taldean aritu izan da, besteak beste, Akelarre taldean ere bai lau urtez. Horretaz gain, Tolosarekin senidetuta dagoen Uztaritze herrian bizi izan zen Duhalde. 

Musikari lapurtarra elkarrizketatzen Garbiñe Ubeda tolosarra izango dugu. Argia astekarian kazetari, entziklopedia egile, diseinugintzan eta idazle moduan lan egina da Ubeda. Gaur egun, Hendaian du bizitokia. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa