Kale Kantoitik

Horma erori da uretara eta gainezka egin du

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Etxegia Eizagirre 2019ko eka. 12a, 18:24

Zerbait esatearen arazo nagusiena, betetzea da. Edalontzia erdi betea ikusten duen horietakoa zara, betetzeko arriskuaz ohartuta ere kasurik egiten ez diona.

Udaren zain zaude zeu ere beste behin, atseden hartzeko denbora hartzeko. Baina ez dago erru sentimenduz beteta dagoen batentzat ezer egitekorik ez izatea baina gauza okerragorik. Mundu fisikoan, mugitzen den oro aurretiko bultzada batengatik mugitzen bada, nondik dator mugimendua?

Neguan zehar handitzen joan den elur pilota hori uztaileko eguzki izpiek urtu dezaten desio duzu. Baina kontu handia izan behar da desioekin, egi bihurtu baitaitezke. Elur bola horrek arrastoa utz lezake.

Garai hauek izaten dira normalean etapa txikiak itxi eta beste batzuei heltzeko abiapuntu. Desastre hutsa zara ordea. Askotan irten zarete denak batera eta bizkarrean atea itxi dizutenean oroitu giltzak barruan laga dituzula. Itzultzeko asmorik zenuen?

Oroitzapenek, emozioetan eragin arren, neutralitate kutsu hori hartu artean ez dira oroitzapen izaten. Egungo errealitate baizik. Horregatik bizi gara saminez, beldurrez eta lotsaz. Estimulu horiek oraindik geurekin ditugulako; beren baitan gaituztelako.

Ekainarekin batera kanpoan ziren asko itzultzen dira, eta beste hainbeste joan. Halere, lehenaldi batez aipatu nuen bezala, ez dira egundo iristen. Zure ingurua joan edo itzultzen denean dena da arrotz, batez ere zuten lekua betetzen jakiten ez dutenean edota joanak lekurik utzi ez dienean.

Itzuleran, pausa botoiari berriro eman eta geurekin batera aurrera jarraituko duela iruditzen zaigu sarri. Eta ez da ala izaten. Denborak bere erritmoa jarraitzen du, eta gu itzultzen gara erritmo horretatik pausu batzuk atzera. Beste perspektiba batetik begiratzeko desioz baino, itxarongo diguten ikustera.

Orain hormak hondartzako hondarrezkoak dira, eta irribarreak sare sozialen desiragarritasun nahi adina zabal. Mundua beste kolore batez ikusten dugu, eguzkitako betaurrekoez.

Eta zeinen lasai dena. Lasai-lasai. Lasaiegi. Lasaiegi dagoela pentsatu arte. Orduan hasten dira arazoak berriz ere ur urdin horietatik azaleratzen. Dena lasaiegi dagoela pentsatu duzulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!