Kale Kantoitik

Harra(paketetan)

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Etxegia Eizagirre 2019ko mai. 15a, 14:01

Jaiegun posible bakarra igandea dugunok, hor nonbait dagoen akustikoren batera joateko aprobetxatzen dugu. Barrutik heltzen digun horri norbaitek izena jar diezaion behar baitugu. Edota baita kantuak eramaten zaituen distortsioen mundura joateagatik ere. Bi lekutan aldi berean egoteko plazeraren bila.   

Sufrimenduari kantatzen dionak badaki zer den sentimendu hori ezaugarritzat izatea. Badaki zer den egoera baten aurreko ondorio emozionala izatetik, egoera bat behar gabeko emozio soila izatea. Sufrimenduari kantatzen dionak bere atal bati kantatzen dio; gogor estutzen dion ukabilari. Bere buruari egiten dio kantu, ukabil horren gogortasunaren barruan ezkutatzen denari.

Ezkutaketetan jolasten ginen txikitan, bagenekienean ezkutatuak genituela lagunak. Batzuk harrapariak izaten ziren eta besteak harrapakinak. Bazen hala ere jolas osoa korrika igarotzen zuen ausartik, ez zuen horma atzean gelditzeko beharrik. Harrapariak ordea, gainontzekoak aurkitzen igarotzen zuten denbora, ez ziren egundo ezkutatzen. Lehen bagenekien ezkutuan zeudela, orain ordea, inork nabari ez dezan saiatzen gara. Orain existentzia ukatzen diegu. Jada ez dugu jolastzat deklaratzen.

Lagun batek aitortu zigun magia polita iruditzen zitzaiola; engainu bat zelako, zure zentzumenekin jolasten zuelako. Ezkutuan egiten delako. Baina arraroa da, izan ere behin entzun zenuen trukuak ikasi egiten direla, trukuak direla engainatzen gaituztena… eta magia eduki egin behar dela. Beraz, zerk engaina gaitzan uzten dugu? Trikimailuek edota magiak berak? Agian magia da politago eta eramangarriagoa egiten duena. Engainatzen gaituztenean eta ezer ere susmatzen ez genuela diogunean bezala, itsu gaudenean dena ederrago ikusten dugu.

Batzuetan engainatzen uzten gara geure buruaz. Ederki dakigu gure ingurua nolakoa den, baina gu erosoago gaude geure adreilu propioz eraikitako fantasian. Fantasiari ere zirrikituak irekitzen zaizkion arte. Ondoren hasten da gogorrena ordea, epaiketa. Iruzurkeriagatik kondenatuko zara, lezioa ikasi duzula uste izan arte: olatu batek zipriztindu zinduenez hobe kostaldera ez gerturatzea. Baina itsasoaren argazkiak ikusiko dituzu eta hondarraz eta gaziaz kexatu arren, zeuk ere desio izango duzu oinak bertan freskatzea.

Ia busti gabe blaitu zaren hori, utzi xukatzen ezinak eta bitartean eseri mahaian. Nostalgia elikatzen duen gaua ezaba ditzagun egutegitik, berriro eskuz eta grinez gosea egiten hasten garen bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!