Koronabirusa

Mores hominum

Erabiltzailearen aurpegia Rocio Fraga Vazquez 2020ko mar. 29a, 21:59

Giza espeziea existitzen denetik, behin eta berriz akats berdina errepikatzera kondenatua dagoela dirudi: zerbait galdu arte, ez dugu galdutako hori behar bezala baloratzen.

Isolatuta gauden egun hauetan, jendea kexaka dabil, beste izakiekin kontaktua faltan sumatzen duela esanez, normaltasunean murgildurik gaudenean, ordea, ez dugu aire freskoa patxadaz hartzen, ez ditugu lagunekin kafe luzeak hartzen edo amaigabeko ibilaldiak egiten. Paradoxikoki, egunerokotasunean ohitura bezala ditugun gauzak egiteko nahi dugun denbora guztia daukagu orain; sakelako telefonoa esku artean dugula orduak eta orduak igaro, Netflix-eko kontuari probetxua atera, Whatsapp-a erre… baina hori egiteko aukera daukagunean, ezinezkoa duguna desio dugu. Gizakiaren betiereko beste zigor bat, hala deritzot.

Hausnarketarako denbora asko daukagu egun (edo aste) hauetan, eta zeri buruz hausnartzeko aukera egon badago. Esaterako, gizartearen jokamoldea «koronabirus eskalan» irudikatzen ari garela iruditzen zait, hau da, pertsona edo giza-talde bakoitza, munduan egoteko daukan modua egoera berri honi egokituta ari da jokatzen. Batzuek izua zabalduz, beste batzuek besteen lana kaltetu dezaketen gezur mezuak hedatuz, berekoikeriaz jokatuz, interes politiko eta ekonomikoen gatazkak areagotuz eta azpijokoen teoria ezberdinak ugalduz. 

Baina honen guztiaren artean, borroka maitasunez eta positiboki egiteko gai diren pertsonak ere gehiago nabarmentzen ari dira; arrisku gehien duten pertsonei laguntzeko taldeak sortu dituztenak, itxaropenez, gizalegez jokatzen dutenak, lanaldiak etengabe luzatu dituzten mediku, erizain, dendari, gidariak...

Isolamendu aldia batzuentzat amesgaiztoa izaten ari da, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako edo sexu abusuak pairatzen dituzten umeentzako, adibidez. Haientzat arazoa kalera ateratzeko ahalmena galtzea baino, bizitza galtzea izan daiteke, beraien borreroarekin giltzapetuta baitaude. Normalean zaila bada beraien burua defendatzeko mekanismoak aktibatzea, garai hauetan ia ezinezkoa litzateke, baina une latz hauetan etengabeko buruhaustean ari dira batzuk, pertsona hauei lagundu ahal izateko bideak topatzekotan. Pertsona hauei guztiei esker mantentzen da gizartea hala-moduzko martxan, bestela, soilik hasieran aipatu ditudanen menpe egongo bagina, akabo.

Mundu honetan egokitu zaigun denbora nola bizi nahi dugun hausnartzeko eta erabakitzeko garaia izan daitekeela iruditzen zait, polikiago bizi, gehiago kozinatu, gehiago maitatu, gehiago gozatu, mendira joan… Bien bitartean, etxean gaudela ere, hau martxan jartzen has gaitezke, gertukoak besarkatu, jolastu, kilimak egin… Behingoz, edozer galdu baino lehen konturatu gaitezen zein polita den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!