Aspaldiko partez

Erabiltzailearen aurpegia

Berriz gertatu zitzaizun. Beldur zinen hainbeste denbora aurrez aurre egon gabe zer-nolako tsunamia sentituko zenuen. Bada ez, ez zintuen olatuak irentsi; kontrara, itsaso barearen dantza nola, halaxe sentitu zinen lagunen konpainian: lasai, sosegatuta, akonpainatuta.

Betikoak zineten. Pentsa, kiloetan ere antzerako, gaztetasunaren zantzuak oraindik azalean, zimurren bat edo beste salbu. Lehenengo agurretik konturatu zinen zenbat sumatzen zenuen euren hutsunea, eta bigarrengo esaldian barre txikia atera zitzaizun hizkera eta doinu eder horiek berriz entzutean. Zer den euskalkien dotorezia!

Mendian erdi galdu, bazkari apala egin, eta ohiko txolarte luzea izan zenuten: «Zer moduz lanean, non bizi zara orain, hura ez al dabil Madril inguruan eta beste hura ama izan al da, ezetz asmatu zein ikusi nuen oporretan, bai zera, ez da posible!, pandemia zikin hau bukatuko ahal da behingoz, ustelduko gara oraingoan...».

 

Betikoak zineten. [...] Lehenengo agurretik konturatu zineten zenbat sumatzen zenuen euren hutsunea, eta bigarrengo esaldian barre txikia atera zitzaizun hizkera eta doinu eder horiek berriz entzutean.



Etxera nekatuta iritsi zinen, baina erabat beteta. Betiko legez, mundua erdi konpondu nahian ibili zineten, behinolako grinaz, aspaldiko zuek izanda, zuek berrituan, azal berrituan. Bazenekien arren, zenbat estimatzen dituzun berretsi zenuen, eta bereziki eskertu zenuen hitzordu hura, orain inoiz baino gehiago, azken urte eta erdian garesti samar jarri baitigute maite ditugunekin egotea.

Egia ebidentea da hori aspalditxotik, alferrik egingo diozu kontra barneko kontzientziari. Bai, nekagarria da etengabean zuzen jokatzea, eta onar dezagun, emozionalki jota geratzen ari zara/gara. Horregatik hurrengo hitzordua jarrita egin zenuten nork bere etxerako bidea. Irribarrez, egunak emandakoa errepasatuz. Aspaldiko partez, bihotz goxatuta sartu zinen ohera.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!