Hitzak

Erabiltzailearen aurpegia

Eskertzen ditut egunero nire errutinan sartzen diren ezezagun horiek, argazki hutsez edo ahotsez soilik ezagutzen ditudan horiexek.

Eskertzen ditut, eta ez gutxi, arrotzak zaizkidan gaiak parean jartzen dizkidatenak, eta zer pentsatua ematen didatenak. Miresten ditut ezer gutxi esanda ere, zerbait esaten dutela diruditen horiek - ez, ez naiz politikariez ari -. Miresten ditut egunero zerbait esatekoa duten horiek guztiak, eta gainera, fin, dotoreziaz eta abileziaz dihardutenak. Maite ditut hizkuntzarekin jolasten dutenak; orain kiribildu, gero tolestu eta malabarismo mota guztiak egin ditzaketenak. Maite ditut goiz erdian irribarrea lapurtzen didatenak, eta konplize sentiarazten nautenak. Gustatzen zaizkit itzulinguruka ibiltzen direnak, baina esan beharrekoa ondo biribiltzen dakitenak. Estimatzen dut konplikatuaren saiakera, areago estimatzen, ordea, soiltasuna. Gozatzen dut transmititzen duten horiekin, emozioak esnatzen dizkidatenekin..

Esan daiteke, beraz, hitzaren baitan dabiltzan artista horiek guztiek liluratzen nautela (zorionez, herri txiki honetan ez ditugu gutxi); hasi norbanako arruntetik eta zutabegile kontsakraturaino.

Hala ere, zer diren gauzak, hara non datorren kontraesana: askotan zenbateko balioa ematen diegun hitzei, zenbaterainoko pisua duten... Eta beste askotan, berriz, zer hutsalak diren, zer gutxi irauten diguten. Haizeak eraman balitu bezala.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!