Inkoherentziak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2019ko eka. 30a, 19:59

Ez dut ezer berririk adieraziko bizitza inkoherentziez beteta dagoela esaten badut. Mundua mundu denetik, mundu honetara sortzen garenetik, inkoherentziekin bizitzen ikasi behar dugu.

Haur eskolatik hasita balore eta jokaera eredugarriak erakutsi ohi dizkigute, buruz ikasteraino sartzen digute lezioa buruan, zenbaitetan hormetan itsatsi eta kolore biziz apaintzeraino. Badago bat bereziki unibertsala dena, guztiok esan izan duguna noizbait: «Garrantzitsuena parte hartzea da».

Esaldiak berak emaitzari garrantzia kentzen dio, eta prozesua bera goraipatu. Bizitzako arlo guztietara ekar daiteke mezu hori, baina, batez ere, kirolean galtzen du zentzu osoa. Kiroletan emaitzak ditugulako. Irabazleak eta galtzaileak. Onak eta txarrak. Balio dutenak eta ez dutenak. Esan gabe doa egindako bideari garrantzia emate arren, emaitza dela saria.

Noski, dena ez da zuri ala beltz, eta egoera guztiak ez dira modu berean aztertzekoak. Horregatik ez dut ulertzen festetako kros herrikoi batean zer demontregatik ateratzen diren puntako lasterkariak euren itxurak eta poseak ez du zalantzarik uzten-, eta ondoren herriko zazpi ero.

Konturatuko zineten, nire herriaz ari naiz, eta neroni eroetako bat. Atsekabea eta amorrua, biak sentitu nituen plazara hurbildu eta panorama ikustean. Ez baitut ulertzen festa giroan antolatutako lasterketa batean zergatik dagoen horrelako parte hartze eskasa. Zer, ez duzula korri egiten? Guk ere apenas. Ez duzula atzean geratu nahi? Lasai, itxarongo dute, ez dute beste erremediorik. Barregarri geratzearen beldur zarela? Ziur egoera okerragoetan egon zarela, edo egongo zarela.

Arrazoia, beraz, ditxosozko emaitzan egon daiteke. Oraindik orain, besteen aurrean azken geratzearen beldurrak eta lotsak gailentzen gaitu, jai giroan gaudela ahaztuta. Eta gero harro esango diegu gure umeei garrantzitsuena parte hartzea dela. Ba hori, inkoherentziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!